Berriak Hezkuntza
Eu

Dantzertik goi mailako bere ikasketa-eskaintza ezagutarazteko saioak antolatu ditu

2019.eko maiatzak 03
  • Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak ateak irekitzeko eguna ere antolatu du, maiatzaren 6rako
  • Dantzertirako sarrera-probetan izena emateko epea irekita dago, maiatzaren 24ra arte

Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak informazio eta gerturatze saioak antolatu ditu datozen egunotarako. Eskola honek eskaintzen dituen goi mailako ikasketak burutzeko interesa duten ikasleei zuzenduriko saio hauek Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira, maiatzaren 11n eta 12an. Bertan, goi mailako zentro honetako arduradunek Arte Dramatiko eta Dantza Goi Titulazioak nola antolatzen diren azalduko dute, eta baita 2019-2020ko ikasturteko ikasketetan nola sar daitekeen ere, besta hainbat jakingarrirekin batera.

Saioek 90 bat minutuko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta bertaratutakoekin elkarrizketa ireki batean oinarrituko dira. Sarbide irizpideak eta frogak, ikasketa plana nolakoa den eta titulatuen aukera profesionalak zeintzuk izan daitezkeen argituko dute, besteak beste, arduradunek. Horrez gain, sortutako beste edozein zalantza irakasleriari zuzenean galdetzeko aukera ere izango da.

Saioen datak, lekuak eta ordutegiak:

  • Donostia: San Jeronimo Kriptan. San Jerónimo kalea z/g. 2019ko maiatzaren 11an, 10.30tan.
  • Bilbo: Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Danta Goi Eskola, Sarriko, Ibarrekolanda Plaza 1. 2019ko maiatzaren 11an, 10.30tan.
  • Gasteiz: Aldabeko Gizarte Etxea, Portal de Arriaga Kalea z/g. 2019ko maiatzaren 11an, 10.30tan.

Maiatzak 6, ateak irekitzea Dantzertin

Horrez gain, goi mailako ikasketen eskaintza ezagutzera emateko eta bere instalazioak erakusteko asmo horri eutsiz, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak ateak irekitzeko jardunaldia egingo du datorren astelehenean, maiatzaren 6an, eskolak Bilbon duen egoitzan (Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan).

Laugarren urtez jarraian Dantzertik ateak irekiko dizkie eskola barnetik eta hobeto ezagutu nahi duten ikasleei, zein hauen senideei. Egun horretan, Dantzertiko ikasleek tailerrik praktikoenak bartatik bertara ezagutzeko aukera ere izango da.

Ate irekietarako plaza kopurua mugatua denez, aurrez izena ematea eskatzen da, e-postaz zein telefonoz: administraritza@dantzerti.eus ; 94 657 06 00

Sarrera-probatarako izen-ematea irekita

Goi Mailako Ikasketa Artistikoak burutzeak baditu zenbait berezitasun. Horietako bat, sarrera-probak egin eta gainditu beharra da. Proba horiek gaindituta plaza eskuratzen da, eta ondoren matrikula egin dezake ikasleak lehen mailan.

Dantzertik irekia du dagoeneko sarrera-probatarako izena emateko epea, datorren maiatzaren 24ra arte, eskolak eskaintzen dituen bi titulazioetarako: Arte Dramatikoko Goi Mailako Titulazioa; Dantzako Goi Mailako Titulazioa. Sarrera probak ekainean burutuko dira:

  • Ekainaren 10etik 14ra: Dantzako Goi Mailako ikasketetarako sarrera-probak
  • Ekainaren 17tik 21era: Arte Dramatikoko Goi Mailako ikasketetarako sarrera-probak

Sarbide-probak egiteko interesa duten pertsonek, honako baldintzetako bat bete beharko dute:

  • Batxilergo-titulua izatea.
  • 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gainditu izana.
  • Goi-mailako arte-ikasketetan sartzeko ezarritako betekizun akademikoen ordezko heldutasun-proba gainditua izatea, edo lanbide-heziketako goi-mailako prestakuntza-zikloak egiteko sarbide-probaren zati komuna gainditua izatea.

Dantzertirako sarrera-proben ezaugarrien inguruko informazio zehatza honako esteka honetan aurki daiteke: http://www.dantzerti.eus/sarbidea/sarrera-probak

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Dantzerti
    2019.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ @Dantzerti'k goi mailako bere ikasketa-eskaintza ezagutarazteko saioak antolatu ditu ➡︎ https://t.co/hyReuTTF9e https://t.co

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak