Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Gasteiz Industrial Air Park martxan jarri da

2011.eko martxoak 22

Aenak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak hitzarmena sinatu dute VIAP Gasteizko aireportuaren enpresa-parkea garatzeko

Foronda izango da erreferentziazko aireportua inbertsio-proiektu berrietarako. Jardunak 933.835 m2-ko azalera hartzen du, eta parkeak 54 hektarea hartuko ditu, aire-garraioarekin loturiko jardueretarako bi gune eta guzti. Aenak ia 50 milioi euro inbertitu ditu Gasteizko instalazioak prestatzen eta aireportuaren erakargarritasuna bultzatzen jarduera aeronautikoen garapen logistikorako. Eusko Jaurlaritzaren Sprilur sozietateak 60 milioi euro inbertituko ditu Vitoria Industrial Air Park gunea martxan jartzeko, maila berritzaile eta teknologiko handiko enpresak bilduko dituen gunea. Inguruaren hirigintza-izapidetzea zein urbanizazio-obren lizentzia ahalbidetzeko konpromisoa hartu du Udala.

Gasteizen gaur egindako ekitaldia VIAP (Vitoria Industrial Air Park) proiektuaren abiapuntua izan da. Aenak (Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea), Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak (Sprilur sozietate publikoaren bidez) eta Gasteizko Udalak hitzarmen batzuk sinatu dituzte, Gasteizko aireportuan jarduera aeronautikoen garapen logistikorako zentro bat garatzera konprometitzen dituztenak.

Eusko Jaurlaritzaren egoitzan gaur izandako sinaduraren protagonista Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda, Aenako presidente Juan Ignacio Lema, eta Gasteizko alkate Patxi Lazcoz izan dira.

Guztira 933.835 metro karraturen gaineko jarduna eragin dute akordioek, eta enpresa-parkeak azalera horren 54 hektarea hartzen ditu. Azpiegitura-maila handiko eta konstruktiboki malgua den Industria Parke bat garatzea da helburua, osagai teknologiko handia duten enpresekin eta industria aeronautikoa bereziki nabarmenduta. Gainera, kokaleku erakargarria izango da bokazio esportatzailea eta hurbileko industria-aireportu baten premia duten industria-enpresa eta loturiko zerbitzuen enpresentzat.

Bi eremutan kokatuko dira instalazio berriak: aireportutik kanpoko bat (Parke Logistiko Industriala) eta aireportuaren barrualdeko beste bat aire-garraioarekin eta aireportuaren erabiltzaileei ematen zaizkien zerbitzuekin loturiko merkataritza- eta industria-jardueren zentro bat garatzeko.

Eraztun Berdearen barruan

Garapen guztia egituratuko duen bide bat egitea biltzen du hitzarmenak, N-624 errepidetik aireportura dagoen egungo sarbidearen eta A-3302 foru-errepidearen artean, eta Zayas ibaiaren esparrua ez dela ureztatuko bermatzeko defentsako obra hidraulikoa ere bai, URA Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta. Ildo horretan, ibaiaren ezkerraldea atonduko da inguruaren biodibertsitatea zaintzeko eta Gasteizko Eraztun Berdean bildu ahalko den parke bat sortuko da.

Hitzarmenaren arabera, Sprilurrek 60 milioi euro inbertituko ditu inguruan, eta horietatik 37 milioi euro lehen fasea batean jarriko dira. Oraingoz, 20 milioi euro baino gehiago ditu erabilgarri beharrezko lehenengo inbertsioetarako, Jaurlaritzaren Kontseiluak Proiektu Estrategikoen Funtsaren kargura iaz emandakoak. Gainera, Sprilurrek, bere merkataritza-sare propioaren eta SPRI bere enpresa nagusiaren bidez, bezeroak ekarriko ditu eta poligonoan ezar daitezela bultzatuko du.

Bestalde, Aenak ia 50 milioi bideratu ditu 2004az geroztik egikarituriko eta 2014ra arte planifikaturiko proiektuetan. Aireportuaren instalazioak hobetzea da helburua eta horiek prestatzea salgaien garraioan espezializaturiko azpiegitura eta jarduera ekonomikoa sortzen duen nodo gisa.

Gasteizko aireportuaren ondoko eta barruko lurrak batera garatzeko akordio honen bidez, Aenak bere interesa berresten du Foronda aire-trafikoarekin loturiko merkataritza- eta industria-jardueren zentro gisa, eta erreferentziako aireportu gisa hartuko da inguruan sortzen diren inbertsio-proiektuak bertara bideratzeko.

Gasteizko Udalak, bestalde, inguruaren hirigintza-izapidetzea zein urbanizazio-obretarako dagozkion lizentziak ahalbidetzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, gainera, beharrezko aldaketak egingo ditu planeamenduan proiektua arinago abiarazteko.

Duela hamarkada bat hasi zen eta proiektua airean utzi zuen prozesua askatu ahalko da hitzarmen honen sinadurari esker. Eusko Jaurlaritzak logistika lehiakortasunerako giltzarritzat jotzen jarraitzen duela erakusten du VIAP proiektuaren aktibazioak, eta ekimenak berretsi egiten du, halaber, Euskadi nazioarteko logistika-erreferentzia bihurtzeko ezarri duen helburu estrategikoa.

Sinaturiko akordioan bilduriko ekintzak erabat egikaritzen diren arte egongo da indarrean hitzarmena.

4 iruzkin
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)