Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkulluk "Euskadin gizarte-ekintzan kalean bertan lan egiten duten 3.000 euskal erakundek kohesioari, inklusioari eta elkartasunari egiten dioten ekarpena” nabarmendu du

2019.eko maiatzak 13
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna, Vitoria-Gasteizko Artium Museoan

  • Manuel Merino Pastorrek honako arlo hauetan eginiko lana nabarmendu du: Cáritasen, gizarte-zerbitzuen sarean, adinekoen arretan, Aspaldiko fundazioan, Lares Euskadin eta Sareen Sarean

Iñigo Urkullu Lehendakariak "Euskadin gizarte-ekintzaren arloan kalean bertan etengabe eta zuhurtasunez lan egiten duten 3.000 euskal erakundek kohesioari, inklusioari eta elkartasunari egiten dioten ekarpena” nabarmendu du. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Txema Franco Sareen Sareko presidentearekin batera, euskal hiriburuko Artium Museoan esku hartu du, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Egunean, eta eskerrak eman dizkie boluntario eta profesionalei, izan ere, “zoragarria da zuok zuzenean ezagutzen duzuenaren partaide izatea”.

Lehendakariak Jardunaldira bertaratu direnei honako hau esan die: “ideal handi batekin lan egiten duzue: mundua eraldatzea eta gure etorkizuna hobea izateko lan egitea. Aita Arizmendiarrietak esaten zuenez: ‘Mundua ez digute eman hari behatzeko, eraldatzeko baizik’. Euskadiko hirugarren sektoreak ideal hori barneratuta du, eta zuon ekarpena ezinbestekoa da gizarte-beharrei egokiago erantzuteko”.

Egokiagoak hurbila, pertsonalizatua eta integrala esan nahi du, bai eta ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana, familien, kolektiboen edo erkidego hartzaileen beren parte-hartzea ere. Hirugarren Sektore Sozialaren Egun honetan, oso gogoan dut zuen sarearen errealitatea eta indarra. Kalean bertan etengabe eta zuhurtasunez lanean ari diren 3.000 euskal erakunde baino gehiagoren ordezkari zarete", esan du Lehendakariak.

Ahalegin boluntarioa

“Egun batzuetan zeuen buruari galdetuko diozue ahalegin eta entrega horiek merezi ote duten. BAI, merezi dute, eta arrazoia oso argia da: euskal gizartea gero eta solidarioagoa eta irekiagoa da; oso inplikatuta eta konprometituta dago; gizartea mobilizatu egiten da, inor atzean ez uzteko, gizarte orekatuagoa, kohesionatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzera bultzatzen gaitu”, esan du.

Urkulluk hirugarren sektoreko erakundeetako ordezkariei esan die “beren konpromisoa euskal gizartean sendotzen diren balio horien eragile” dela, eta “Eusko Jaurlaritzak ere partekatzen duen gizarte-aintzatespena jaso” duela.

“Administrazio publikoaren egitekoa eta lehentasuna pertsonen duintasuna bermatzea da, bizitzaren funtsezko baldintzak, aberastasunaren birbanaketa eta pertsona ahulenen arreta, eta ondasun erkidearen alde elkarrekin lan egiteko motibatzen gaitu: kohesioko, inklusioko, elkartasuneko eta partaidetzako kota handiagoak helburu dituen gizartea”, esan du Lehendakariak.

Ibilbidea

Urkulluren iritziz, “bide horretan, Euskadiko hirugarren sektorearen ibilbidea eta adibidea funtsezkoa da. Hirugarren Sektorearen Egun honetan, guretzat ere “zoragarria da partaide izatea”, jardunaldiaren lemak dioen bezala, eta, gaur gizarte-eredu eta -adibide den pertsona baten lana aitortu nahi dugu”.

Halaber, Manuel Merino Pastorren lana goraipatu du. “Duela hiru hamarkada ekin zion ibilbideari eta bide horren jarraipena egin izan dut, batzuetan sakonago eta beste batzuetan ez hain sakon: Cáritas, gizarte-zerbitzuen sarea, adinekoentzako arreta, gazteen langabeziagatiko ardura, gizarte-laguntza, Aspaldiko fundazioa, egoitzak, Lares Euskadi eta Sareen Sarea abiaraztea. Sari honen bidez, bere lan bikaina aintzatesten da”.

Ekitaldian, halaber, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta Ernesto Sainz Lanchares Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak ere parte hartu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak