Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak iragarri dutenez, Rikardo Arregi Sariak bi modalitate izango ditu aurten: Kazetaritza eta Komunikazioa

2019.eko maiatzak 13
  • Gaurko aurkezpenean iragarri dutenez, “euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrietara egokitzeko” bidean egindako urrats esanguratsuak aitortuko dira modalitate berriaren bidez.

 

Donostia-San Sebastián, 2019/05/13           

Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak aurtengo Rikardo Arregi Saria aurkeztu dute gaur, berrikuntzez beteta datorren edizio bat. Azaldu dutenez, aurten bi sari emango dira: Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria. Edizio honetan, gainera, lehen aldiz izendatuko dira finalistak: lau Kazetaritza Sarirako eta beste lau Komunikazio Sarirako, gehienez. Azaroan emango dira ezagutzera XXI. edizio honen irabazleak.

Aurtengo Rikargo Arregi Kazetaritza Sariaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin da, eta han izan dira Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Ainara Rodriguez Zalakain, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordea; eta Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikaria.

Azaldu dutenez, "Euskararen normalizazioak ezinbestean behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”. Hori dela-eta, iaz XXX. urteurrenagatik egin zen edizio bereziaren ostean, aurten ere nobedadeak sartzea erabaki dute.

Estibaliz Alkortak azpimarratu duenez, “euskarazko hedabideek egiten duten eskaintza gero eta zabalagoa da". "EiTB taldeak telebistan, irratian eta ingurune digitalean egiten duen eskaintzaz gain, baditugu ehun komunikazio-proiektu baino gehiago informazio orokorra, tokikoa edo berezitua eskaintzen dutenak. Badaukagu egunero euskara hutsean argitaratzen den egunkari bat, badaude informazio orokorreko aldizkariak, aldizkari berezituak, tokiko telebistak, tokiko egunkariak, irrati-kateak eta ingurune digitalean diharduten gero eta hedabide gehiago. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek pauso garrantzitsu bat eman dugu aurten errealitate anitz eta aberats hori hobeto zaintzeko, proiektu horien finantziazio publikoa hobetuz. Horrez gain, hedabide horien gizarte mailako aitortza hobetu nahi dugu, eta horretarako, Andoaingo Udalarekin batera, Rikardo Arregi Saria indartu egin dugu”, adierazi du.

Ainara Rodriguez Zalakainek azaldu duenez, “euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea dugu helburu”. Gogora ekarri du, iaz, XXX. urtemuga zela-eta, edizio berezia izan zuela RAKSek, eta  konpromiso publiko bat hartu zutela antolatzaileek. Hain zuzen ere, konpromiso hori betetzeko berrikuntza helburu duten aldaketak eginez dator XXXI. edizioa. “Bi sari izango dira aurtengoan: bata, orain arteko moduan Kazetaritza Saria, berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua; eta bestea, Komunikazio saria, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrietara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena”, azaldu du.

Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak azaldu duenez,  Kazetaritza saria-ri dagokionez, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera.  Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa. Halaber, Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute “euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek”. Kasu honetan ere 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintzak izango dira. ‘Komunikazio saria’ ere  9.000 eurokoa izango da, eta irabazleak Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistiko bat eramango du. Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 15era bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek  egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Itxaro Borda, idazlea eta prentsa kolaboratzailea; Aingeru Epaltza, idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea; Maite Goñi, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua; Elixabete Larrinaga, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Ion Muñoa, Deustuko Unibertsitateko  Komunikazio Graduko irakaslea; eta Jon Sarasua, MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua. Mahaiburua Ainara Rodríguez Zalakain izango da, eta idazkaria, Patxi Baztarrika.

XXXI. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren amaieran izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean. Orduan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak. Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen Sari honek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren dirulaguntza jasotzen du urtero.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak