Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak CEBEKeko Batzar Nagusian giza garapena eta hazkuntza jasangarria batzen dituen eredua indartzearen aldeko apustua egin du

2019.eko maiatzak 15
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, CEBEK - Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren Batzar Nagusian parte hartu du; batzarra Bilboko Euskalduna Jauregian izan da. 

Lehendakariak giza garapena eta hazkuntza jasangarria batzen dituen eredua indartzearen aldeko apustua egin du. “Hazkuntza eta enplegua bultzatzen dituen eredua; gizarte-garapena eta -kohesioa bermatzen dituena, etorkizuneko belaunaldiak hipotekatu gabe”, esan du. Lehendakariak esan du eredu horrek pertsona gizarte-jardueraren erdigunean jartzen duela, bai eta enpresa-jardueraren erdigunean ere. “Pertsonak, baterako proiektu baten protagonista”, esan du. Iñigo Urkulluren hitzen arabera, hori enpresa-eredu parte-hartzeaileagoaren, inklusiboagoaren, berritzaileagoaren eta ekonomia- eta gizarte-arloan errentagarriagoaren gakoa da.

Lehendakariak azaldu duenez, euskal ekonomiaren ikuspegitik, Euskal ekonomiaren egoerari eta ikuspegiei buruzko txostenak hazkuntza-bidearen finkapena egiaztatzen du. Iaz, euskal ekonomiak bosgarren hazkuntza-urtea bizi izan zuen; % 2,8 hazi zen.

Hori horrela, eta enplegua dela eta, Lehendakariak esan du iaz euskal ekonomiak enplegua sortu zuela; Lehendakariak esan duenez, 2013ko apirilean 872.000 pertsona zeuden Gizarte Segurantzan afiliatuta eta, 2019ko apirilean, 963.000. Lehendakariak helburua krisialdiaren aurretik zeuden 980.000 enpleguak lortzea dela esan du; 2008aren aldean oraindik enpleguaren % 4 berreskuratu behar da. “Gure aurreikuspena da aurten 14.900 enplegu garbi sortu ahal izatea eta, datorren urtean, beste 12.500 gehiago”, esan du. Eremu horretan, Lehendakariak nabarmendu du gazteen enplegu-aukerak sustatzen jarraitu behar dela.

Hazkuntza jasangarria eta kalitateko enplegua direla eta, Lehendakariak esan du alderdi horiek finkatzeko palanka nagusietako bat prestakuntza dela. Hori horrela, Lehendakariak esan du 25 eta 64 urte bitarteko euskal herritarren erdiak ikasketa tertziarioak egin dituela. Horrela, bada, helburua 2020. urterako % 55 lortzea dela esan du. Era berean nabarmendu du helburu berezietako bat emakumea karrera zientifiko eta teknikoetan are gehiago sartzea dela. “Lanbide-trebakuntza, emakumea sartzea, prestakuntza duala edo berrikuntzaren aldeko apustua helburu partekatuak dira, eta horietan elkarrekin lanean jarraitu behar dugu”, esan du.

Lehendakariak Euskadi kanpoaldetik nola ikusten den aztertu du. Horrela, adibide gisa Financial Times-ek eginiko analisia jarri du. Bertan, euskal politika ekonomikoaren hiru gako aipatzen dira:

- Egonkortasunaren aldeko apustua: hazkuntza eta enplegua lehentasun gisa. Financial Timesen iritziz, erakunde publikoek hurbiltasuna erakusten dute benetako ekonomia produktiboarekin eta, horrela, inbertitzeko erabakiei bide ematen zaie, epe ertaineko eta luzeko ikuspegiarekin.

- Zorroztasuna kudeaketan; bertan, Defizit Publikoaren Europako Konpromisoaren betetze-maila nabarmentzen da. Horren harira Lehendakariak nabarmendu du defizitaren eta zorraren helburuak betetzen dituen herrialdea erakargarriagoa dela inbertsiorako. “2017tik, gure kontu publikoak aurrekontu-orekan daude, defizitik gabe, eta gure zorraren ratioa barne-produktu gordinaren % 13,6koa da, Estatuko baxuena”, esan du.

- Partekatutako estrategia ekonomikoa, alegia, industria-oinarriko ekonomiaren, lehiakorraren, kanpoaldera zabalik dagoenaren eta etorkizuneko garapenaren gako gisa berrikuntzan inbertitzen duenaren aldeko apustua.

Lehendakariak gogora ekarri du duela bost urte bakarrik euskal ekonomia atzeralditik irteten hasi zela, eta gaur egun hazten ari dela. Hori horrela, Lehendakariak duela bost urte hartutako erabakien balioa nabarmendu du. “Elkarrekin egin genuen; diagnostikoa eta estrategia partekatu genituen, eta ekimen publikoa eta pribatua norabide berean batzea lortu genuen”, esan du. Horrela, adibide gisa honako hauek aipatu ditu: Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren Plana; Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua; prestakuntza dualaren aldeko apustua; espezializazio adimenduna, eta nazioartekotze-partzuergoa. “Aurrera egin dugu. Garrantzitsuena elkarrekin aurrera egiten jarraitzea da”, esan du. Lehendakariak nabarmendu du etorkizunari elkarrekin begiratu behar diogula, hazteko; izan ere, etorkizuna gero eta irekiagoa eta zalantzazkoagoa, lehiakorragoa eta globalagoa da.

Gaurko ekitaldian, honako hauek izan dira: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua; Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua; María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua; Sonia Pérez Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea; Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, eta Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak