Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du hauteskundeen emaitzak euskal instituzioen politika egiteko moduaren berme direla

2019.eko maiatzak 28

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseilu ondorengo ohiko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak pasa den igandeko hauteskundeak direla eta nabarmendu du emaitzak berriro ere direla euskal erakundeek politika egiteko duten moduaren berme; “herritarren aurrean hartutako konpromisoei erantzutea dute oinarri”, esan du. Erkorekak esan du gizarteak 4 urte hauetako erakunde-lanari jarraitutasuna ematearen aldeko apustua egin duela. “Argi dago herritarrek koalizioko gobernuen eredua balioetsi dutela, eta, nire ustez, oposizioko hiru alderdiek aurrerantzean zer egin nahi duten aztertu beharko lukete”, esan du.

Hori horrela, sailburuak esan du bi hauteskunde-prozesuak gainditu ondoren Eusko Jaurlaritzak espero duela oposizioko talde politikoek aintzat hartzea eta Legebiltzarreko jarduerari egoera berrira egokitzen den espirituarekin ekitea. “Elkarrizketara zabalik dagoen lana eta Gobernuaren ekintza oztopatuko ez duena”, esan du. Erkoreka sailburuak nabarmendu du Gobernuaren borondatea horiekin guztiekin elkarrizketan eta elkarlanean jardutera zabalik egongo dela. “Elkarrizketara zabalik, akordioari eta elkarlanari bide emateko”, azpimarratu du.

GORKA FRAILEREN EPAIA

Gorka Fraileren epaiari buruz galdetu diotenean, Erkoreka sailburuak esan du ez duela kasu zehatza ezagutzen eta ez duela epaia irakurri, baina esan du Eusko Jaurlaritzak urruntzeari buruz duen jarrera argia dela, “are gehiago ETA dagoeneko existitzen ez dela aintzat hartuta”, esan du. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du preso guztiek beren kondenak etxetik ahalik eta hurbilen bete beharko lituzketela.

LANKIDETZA PROIEKTUAK

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak aditzera eman du Gobernu Kontseiluak garapenerako lankidetzako proiektuak abian jartzeko 30 milioi euroko laguntzak onetsi dituela. Erkorekak azaldu duenez, programa guztiak dira euskal GGKEenak edo Euskadin ordezkaritza dutenenak eta hiru proiektu-mota finantzatzen dira: hegoaldeko herrialde pobretuetan pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetzako proiektuak; ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak; eta Euskadin abian jartzen diren garapenerako hezkuntza-proiektuak. Gainera, sailburuak gogorarazi du une hauetan Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 250 proiektu finantzatzen dituela mundu osoan.

ALBERGUE OÑATI

Bestetik, Erkoreka sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 1 milioi euroko gastua baimendu duela, Oñatiko Larraña Etxea lehen harrerarako zentroa finantzatzeko. Erkorekak azaldu duenez, CEAR bidez kudeatzen da zentroa, errefuxiatuari laguntza emateko batzordearen bidez; eta batzordea nazioarteko babesaren pertsona eta familia eskatzaileei harrera, orientazioa eta laguntza emateaz arduratzen da. “Larraña Etxeak ahultasun-egoeran dauden, iragaitzazkoak diren edo Euskadira heldu berriak diren migratzaileak hartzen ditu, pertsona horiei harrera ematen diegu, aukera bideragarriak eta egonkorrak aurkitu bitartean, beren egoera eta interesetara egokituta”, esan du. Bozeramaileak Euskadi herrialde solidarioa dela azpimarratu du, gehien behar duenari laguntzen dion herrialdea. “Orain gure elkarlana gehien behar duten kolektiboetako batzuk gerren edo krisi ekonomikoen ondorioz beren herrialdeetatik ihes egin behar duten migratzaileak dira”, adierazi du. 

HEZKUNTZA ITUNDUA

Sindikatuek deitutako bileraren deialdiari buruz galdetu diotenean, Erkoreka sailburuak esan du, aurreko deialdian bezala, Eusko Jaurlaritzak uko egiten diola gonbidapenari. Erkorekak azaldu du Eusko Jaurlaritzari Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzarako dei egin zaiola, baina ez haren bitartekaritzarekin, esku-hartzearekin eta oniritziarekin. “Dei egin zaio espazio fisikoa betetzera, baina ez du Lan Harremanen Kontseiluaren abalik, babesik eta bitartekaritza-konpromisorik”, esan du.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)