Eu

Ermuko herritar bati 13.885,65 euro itzuli dizkio Vodafone-k fakturazio okerragatik

2019.eko maiatzak 30

Kontsumobideren esku-hartzeak lortu egin du Vodafone telefoniako operadoreak Ermuko herritar bati 13.885,65 euro itzultzea; 14.071,88 euro fakturatu zizkioten roaming kontzeptuan.

Erabiltzaileak roaming tarifa bat kontratatu zuen herrialde jakin batzuetarako. Atzerrian zela Vodafone-ko komunikazio batek adierazi zion agortzen ari zela tarifa, eta hain denbora gutxian halakorik gertatzea ezinezkoa iruditu zitzaion erabiltzaileari. Konpainiako bezeroarentzako arreta-zerbitzuarekin kontaktuan jarri eta hutsegite bat zela eta zuzendu egingo zutela adierazi zioten. Hala eta guztiz ere, bere helbidean bueltan, batetik, hutsegitea ez zutela zuzendu ziurtatu ahal izan zuen; tarifara fakturatzen ari ziren roaminga, kontratatuta zuen eskaintzaren ordez eta, bestetik, bere eskaintzan sartzen ez ziren herrialdetan nabigatzen aritu zela adierazten zitzaion. Faktura 14.071,88 eurokoa zen, eta horregatik erabaki zuen Ermuko herritarrak erreklamazio bat egitea.

Lehenengo erreklamazio batean 6.562,33 euroko itzulketa onartu zuen Vodafone-k, baina Ermuko herritarrak, itzulketa horrekin ados ez zegoenez, KIUBera jo zuen. Hala, bulego horrek Kontsumobidera bideratu zuen kasua, Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeak tramitatu zezan. Erakunde hauen bitartekaritza-lanaren emaitzaz, Vodafone ados jarri zen kaltetutako erabiltzaileari 7.323,32 euro gehigarri ordaintzeko, horrek, inplizituki, hutsegitea aitortzea eta zuzenketa onartzea adierazten duela kontuan hartuta.

Kontsumobidek gogora ekarri nahi du Arbitrajearen bidea biderik bizkorrena eta ekonomikoena dela kontsumo-gatazkak ebazteko. Beraz, berari atxikitako enpresei eta kontsumitzaileei gomendatzen die Arbitrajeko kide diren establezimenduak aukeratzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak