Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/05/31)

2019.eko maiatzak 31

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Legebiltzarreko taldeen galdera eta interpelazioei erantzun diete, Kontroleko osoko bilkuran:

Maddalen Iriarte Okiñena andreak, Legebiltzarreko EH Bilduko taldeko kideak, lehendakariari eginiko galdera, herrialde gisa ditugun erronkei buruzkoa.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du gobernatzea herrialde honen behar eta erronkei erantzutea dela. Lehendakariak nabarmendu du garrantzitsuena dela, dauzkagun tresnen bidez, autonomia-estatutuaren eta aitortutako autogobernuaren bidez, hemen jende asko egon dela eta dagoela gogor lanean eta herrialde hau aurrera atera dadin lortzen. “Erakundeetan, enpresetan eta gizartean lan egiten. Eta herrialdeko emaitzak positiboak dira”, esan du.

Era berean, Lehendakariak esan du asmoak izatea bidezkoa dela, baina asmo horiek ezin dutela gizartea eta nazioa eraikitzen duten egunerokotasuneko konpromisoei errealismoz erantzuteko erantzukizuna ezkutatu. “Hori da herritarren eskakizuna eta hori da gure egitekoa”, esan du. Horrela, egitekoa bikoitza dela esan du: tresnak aktibatzea eta tresna berriak lortzen saiatzea. “Zuek jarrai dezakezue “tresna-kutxa”ri begira edo tresna horiek erabiltzen has zaitezkete. Hori zuen erabakia da”, esan du.

Lander Martínez Hierro Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos taldeko kideak lehendakariari eginiko galdera, Eusko Jaurlaritzak ezarritako legegintza-egutegia betetzeari buruzkoa.

Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren legegintza-programak aurreikusten duela Ganberari 28 lege-proiektu bidaltzea eta, gaur egun arte, 17 proiektu bidali direla eta beste 10 tramitatzen ari direla. “Gobernuaren legegintza-jarduerak aurreikusitako egutegiari jarraitzen dio, eta konprometitutako 28 lege-proiektuak onetsi eta bidaliko ditugu”, esan du.

Baina Lehendakariak azpimarratu du horiek Legebiltzarrean sartzen direnean ez direla Gobernuaren jabetzakoak, dagoeneko.  “Gure interesa horiek onestea da, baina nik ulertzen dut eta ez dut zalatzan jartzen taldeek legeak aztertzeko, eztabaidatzeko eta onesteko denbora eskatzea”, esan du. Nolanahi ere, Lehendakariak ziurtatu du Gobernuak elkarrizketarako jarrera irekia duela, adostasuna lortzeko borondatearekin, bidalitako proiektuak lege bilakatzeko, Legebiltzar honen ahalik eta babes handienarekin.

Alfonso Alonso Aranegui Legebiltzarreko Alderdi Popularren taldeko kideak lehendakariari eginiko galdera, lehendakariaren egutegiaren betearazpen-mailari buruzkoa.

Iñigo Urkulluk aitortu du zailtasunak eta zalantzak daudela, bai barnean, bai ingurunean, baina lankidetza-eremuak zabalik daudela. Hori horrela, 2020rako Aurrekontuen Jarraibideak aipatu ditu; horiek ekainean aurkeztuko dira. Eta elkarrizketarako eta akordiorako dei egin du.  “Nire ustez hausnarketa partekatu behar da zure alderdiarekin eta oposizioko beste bi alderdiekin, iraganean ezarri zaizkigun betoak gorabehera eta nahiz eta batzuek finkatu duten, dagoeneko, EAJren inguruan izango duten jarrera”, esan du. Nolanahi ere, Lehendakariak nabarmendu du Gobernuak jarraituko duela Gobernu Programa kudeatzen, eta gogorarazi du hazkuntzarako, enplegurako eta ongizaterako akordioen agendak zabalik jarraitzen duela.

Pello Urizar Karetxe Legebiltzarreko EH Bildu taldeko kideak lehendakariari eginiko interpelazioa, diputatu katalan presoei buruzkoa.

Lehendakariak azpimarratu du bere helburua beti izan dela arazoa konpontzeko ahalegina egiteko eragina izatea, alegia, elkarrizketan eta negoziazioan oinarritutako eta egoeraren araberako irteera bilatzen eta hari bide ematen laguntzea. Hori horrela, Lehendakariak ziurtatu du hala egiten jarraituko duela, ustez osoz, orain arte egin duen bezala, eta, horretarako, betiere, bi baldintzatzaile errespetatuko dituela: lehenengoa, kanpotik berak parte har dezala eskatzea; eta, bigarrena, gai hori konpontzeko behar den zuhurtasunari eustea. Lehendakariaren iritziz, abiapuntua da gatazkak konfrontazio-esparru batetik politika- eta erakunde-elkarrizketa berriko esparrura aldatu behar dela.

Lehendakariak esan du Gobernuaren xedea izango dela euskal bideak funtzionatzeko lan egitea. “Errealismoz, fantasiarik gabe eta itxaropen faltsurik gabe; eredua dugu, elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarritzen den eredua, aldebikotasunaren defentsa euskarri duena”, esan du. Iñigo Urkulluk onartu du ereduak zailtasunak eta oztopoak ere badituela. Hori dela eta, Lehendakariaren iritziz, euskal bideak iraunkortasuna beharko du; “baina gure helburua da gatazkei eta banaketa politikoei heltzeko eta horiek bideratzeko beste modu bat dagoela erakustea”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak