Eu

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren eta Norvegiako Funts Subiranoaren Ordezkari Nagusien arteko bilera instituzionala

2019.eko ekainak 05

PEDRO AZPIAZU NORVEGIAKO FUNTS SUBIRANOKO GOI MAILAKO ORDEZKARIEKIN ELKARTU DA, LANKIDETZARAKO BIDE POSIBLEAK AZTERTZEKO

  

  • Norvegiako Funts Subiranoa –NORGES– mundu mailako erreferente nagusietakoa da finantza produktu jasangarrien arloan
  • NORGESek 3.000 milioi eurotik gorako balioa duten akzioak ditu Euskadiko 13 enpresatan
  • Euskadi da Estatu osoan NORGESen inbertsio gehien duen Autonomia Erkidegoa
  • Kontzertu Ekonomikoak interes handia piztu du topaketan

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak  bilera izan du gaur goizean Norvegiako Funts Subiranoko, NORGESeko, goi mailako ordezkariekin, lankidetzarako bide posibleak aztertzeko xedez. Bileraren helburuak hauek izan dira: informazioa konpartitzea eta Euskadin inbertitzeko aukerak aztertzea; euskal enpresen garapena indartzeko aliantzak sortzeko aukera lantzea.

Sailburuarekin bileran parte hartu dutenak Pauli Mortensen Errenta Finko eta Errenta Aldakorreko Trading Arduraduna, Lars Christian Kvitvang Bonu Subiranoen eta Azpi-Subiranoen Trading Arduraduna, eta Goeril Havro Ekonomista Buru eta Ikerketa Arduraduna izan dira.

Topaketa hori, NORGES, 2019ko Euskadi Bonu Jasangarrian 60 milioi eurorekin sartu ondoren egin da. Kopuru hori jaulkipen osoaren %10 da.

2018ko abenduan, NORGESek beste autonomia erkidego batzuetako errenta finkoan zituen inbertsioak 20-30 milioi eurokoak baino ez ziren. Hori dela eta, 2019ko Euskadiko Bonu Jasangarrian sartu izana da estatuko partaidetza indartsuena.

Eusko Jaurlaritzaren finantza produktuan duen partaidetza horrez gain, Norvegiako Funts Subiranoak 3.000 milioi eurotik gorako balioko akzioak ditu Euskadiko 13 enpresatan.

Bileran zehar, euskal finantzaketa sistemak, Kontzertu Ekonomikoak, interes handia piztu du. 

Nazioarteko interesa

Eusko Jaurlaritzak dituen kalifikazio onei esker, bere zor jaulkipenek oso harrera ona dute. Hori horrela, 2019ko Euskadi Bonu Jasangarriaren eskariak lau aldiz gainditu zuen eskaintza.

Deigarria da nazioartetik etorritako eskaria, hainbat herrialdetako inbertitzaileek erakutsi baitute interesa: Andorra, Austria, Alemania, Belgika, Hego Korea, Zipre, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Grezia, Holanda, Italia, Liechtenstein, Luxemburg, Monako, Norvegia, Portugal eta Suitza. Herrialde horien artetik, Andorrako, Zipreko, Estatu Batuetako, Greziako, Liechtensteingo eta Monakoko inbertitzaileek euskal zor publikoan lehen aldiz inbertitzea erabaki dute, eta baita finantza produktu jasangarrietan erreferente nagusietakoa den Norvegiako Funts Subiranoak ere.

Izan ere, jaulkipenaren %70 nazioarteko inbertitzaileen esku geratu zen, eta gainerako %30 estatuko eta Euskadiko inbertitzaileen esku.

Espainia (175,2M); Frantzia (138,5M); Alemania (107,7M); Norvegia (60M); Italia (32M); Suitza (27,4M); Herbehereak (24,8M); Erresuma Batua (11,7M); Hego Korea (10M); eta beste 12,7M Estatu Batuak, Grezia, Andorra, Liechtenstein, Monako eta Portugal artean.

2019ko Euskadi Bonu Jasangarriaren inbertitzaileen tipologiari dagokionez, gehienak Inbertsio Funtsak dira (%47), eta horien ostean Bankuak (%33), erakunde ofizialak, Norvegiako Funts Subiranoa, besteak beste (%12), Aseguruen sektoreko erakundeak (%7) eta, neurri txikiagoan, Pentsio Funtsak, Banku Zentralak eta Enpresa Pribatuak (%1) daude.

 

Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 5ean

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aitorbu
    2019.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @PedroAzpiazu: 📝 | 🇳🇴 Norvegiako Funts Subiranoaren ordezkari nagusiekin bildu naiz gaur goizean: https://t.co/7vtaExKE3g NORGESek 3.000…

  • @jerkoreka
    2019.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @PedroAzpiazu: 📝 | 🇳🇴 Norvegiako Funts Subiranoaren ordezkari nagusiekin bildu naiz gaur goizean: https://t.co/7vtaExKE3g NORGESek 3.000…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak