Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/06/14)

2019.eko ekainak 14

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek legebiltzarreko taldeen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Lander Martínez Hierro jaunak, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, Euskadiko egoera politiko eta ekonomiari buruz.

Lehendakariak adierazi du aste honetan onartutako zuzentarauak aurrekontuaren egonkortasun-konpromisoetan kokatzen direla, eta gure egungo zein etorkizuneko gizarte-erronkei erantzuna emateko akordio bat umotzeko osagaiak dituztela. “Ateak zabalik daude, eta aurrekontuetarako akordio batera heltzeko gure gogoa irmoa da”, gaineratu du.

Lehendakariak nabarmendu du lautik hiru eurok pertsonei erreparatzen dien ongizate-egoera lehenesten dutela. “Aurrekontu guztiz soziala defendatzen dugu”, adierazi du. Iñigo Urkulluk nabarmendu du Euskadi aitzindaria izango dela genero-ikuspegia biltzen duten aurrekontuetan; bertan, lehenetsiko dira emakumeen kontrako indarkeria borrokatzea, soldata-arrakala gutxitzea, eta lan- eta familia-kontziliazioa sustatzea. Lehendakariak azaldu du aurrekontuek demografia-gazteria bikotea lehenetsiko dutela, kalitate handiagoko enplegua eta etxebizitza duina eskuratu ahal izatea bultzatuz, era horretan gazteriarentzako egonkortasun eta emantzipazioaren jomuga errazteko.

Alfonso Alonso Aranegui jaunak, Legebiltzarreko Alderdi Popularraren taldeko kideak, lehendakariari egindako galdera, zerga-erreformaren gainean.

Iñigo Urkulluk segurtatu du berak ez duela zerga-erreformarik iragarri. Alde horretatik, argitu du duela hiru urteko zerga-hitzarmenean, dagokionean egiteko emaitzen ebaluazio bat sartzen zela. “Hala egingo dugu, eta gure konpromisoa da hobetzeko ebaluatzea. Betiere akordioan oinarrituta”, adierazi du. Lehendakariak adierazi du adostutako erreformak emaitza onuragarriak eskaintzen dituela. Hala, zehaztu du ekitaldi bakoitzean, aurreko urteko diru-bilketa mailak gainditu direla, eta zerga-iruzurraren kontrako borroka hobetu dela. 

Tinixara Guanche Suárez andreak, legebiltzarreko Elkarrekin Podemos taldeko kideak, lehendakariari egindako galdera, Emakundez eta joera patriarkaleko gizarte-politiken inguruan

Lehendakariak nabarmendu du emakumeen autonomia ekonomikoa lehentasunezko gaia dela eta, beraz, Emakumdek, Lehendakaritzarekin batera, soldata-arrakalaren kontrako plan estrategikoa koordinatzen du. Planean, Jaurlaritzako sei Sailek parte hartzen dute. Iñigo Urkulluren arabera, helburua da emakumeen autonomia ekonomikoa bermatzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo beste laguntza-sistema batzuk erabili behar izan ez ditzaten.

Iñigo Urkulluk aditzera eman duenez, Gobernuaren iritziz, hobetu egin daiteke Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarako eskaerak ebazten dituen Legea; Lege hori Legebiltzarrak tramitera onartzeko zain dago. “Espero dugu Legebiltzar hau luze gabe hasiko dela proposamena tramitatzen, eta taldeek beren ekarpenak egiteko aukera baliatuko dutela”, gaineratu du. Alde horretatik, lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak, bien bitartean, berdin jarraituko duela pertsona guztien berdintasunarekin eta gizarte-babesarekin konprometituta, edozein diskriminazio saihestuz.

Iker Casanova Alonso jaunak, legebiltzarreko EH Bildu taldeko kideak, lehendakariari egindako galdera, Euskaltelen egoera larriaren aurrean hartuko dituen neurriei gainean.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du Euskaltel estrategikotzat jotzen duten proiektua dela eta, hura bertan sustraituta jarraitzea, lehiarako abantaila dela eta historikoki hori babestu dela. Alde horretatik, gogora ekarri du Euskaltelen sustraitze-elementuetan edozein aldaketa egiteko, akziodunen ezohiko gehiengo baten akordioa behar dela, kapitalaren % 75 baino handiagoa.

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak uneoro jarraitu duela Euskaltelekin harremana izaten, eta hari eutsiko diola konfiantza eta lankidetzaren aldetik, Euskaltel Euskadiko teknologiaren abangoardian jarrai dezan eta haren digitalizazioaren bultzatzaile izan dadin. “Horren guztiaren helburua da gure lurraldean aberastasun eta enplegu gehiago sortzea”, gaineratu du. Bestalde, gogorarazi du kasu askotan lagundu egin dutela jarduerari eta enpleguari jarraikortasuna ematen. Tubos Reunidos da aste honetako horren adibidea.

Laura Garrido Knörr andreak, legebiltzarreko Alderdi Popularraren taldeko kideak, egindako galdera, emakumeen kontrako indarkeria kentzeko araudian legealdiko programa ez betetzearen gainean.

Lehendakariak gogora ekarri du berdintasun-legea eraldatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxista kentzeko lehen lege-aurreproiektua prestatu zutela jada, eta entzunaldi eta informazio publikorako aldi bat irekitzea onartu zela. Lehendakariak azaldu duenez, 300 ekarpen jaso dira gizarte zibiletik, baita ehundik gora ere askotariko administrazioetatik. Iñigo Urkuluk nabarmendu du une honetan legearen bigarren zirriborroa dutela, eta sailarteko eta erakunde arteko koordinazio-batzordeetatik pasako dela, baita bigarren Erakunde Arteko Hitzarmenetik ere, biktimak diren emakumeen arreta hobetzeko.

Lehendakariak adierazi du horren guztiaren bitartez onduko luketela hirugarren zirriborroa, eta hura Kontrol Ekonomikoko Bulegora bidaliko da, eta gero Aholku Batzorde Juridikora; haien ekarpenak jasota, Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak behin betiko onartzeko agiri bat onduko da. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    Orain dela 4 egun

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [BIDEOA] ▶️ Kontroleko osoko bilkura (2019/06/14) ▶️ https://t.co/NC7nrpjrDC

  • @Gob_eus
    Orain dela 4 egun

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [VÍDEO] ▶️ Pleno de Control (14/06/2019) ▶️ https://t.co/XU68cniIMZ

Ekitaldiko kargudunak