Eu

Eusko Jaurlaritzak web-ataria jarriko du abian, aldi baterako enplegu publikoko lehen 163 lan-poltsak online kudeatzeko

2019.eko ekainak 14
  • Ataria uztailaren 1ean abiaraziko da, eta Euskadiko Administrazio Orokorreko, Justizia Administrazioko eta Segurtasuneko langileen lan-poltsak kudeatzen hasiko da
  • Gaur egun, 57.000 pertsona daude 163 poltsa horietan izena emanda, eta, aurrerantzean, beren enplegu-eskaintzak denbora errealean kudeatuko dituzte, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan eta edozein gailutatik
  • Web-atari berria Eusko Jaurlaritzaren beraren baliabideen bitartez egin da

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean izan den Kontrol Saioan, honako hau jakinarazi du: Gobernuak, datorren uztailaren 1etik aurrera, web-atari berria jarriko du abian, euskal administrazio publikoaren lan-poltsak kudeatzearekin zerikusia duten izapide guztiak kudeatzeko. Atari berria gaur egun Euskadiko Administrazio Orokorrean (EAO-Lakua), Justizia Administrazioan eta Segurtasunean (ez Ertzaintza) dauden 163 lan-poltsekin jarriko da abian, baina Gobernuaren helburua da pixkanaka jardun-eremua zabaltzea eta euskal sektore publikoko erakunde guztiek erabili ahal izatea, hala nahi badute, langileak hautatzeko eta hutsik dauden postuak betetzeko prozesuak kudeatzeko.  

Gaur egun, 57.000 pertsona daude 163 lan-poltsa horietan izena emanda:

  • Euskadiko Administrazio Orokorra (EAO-Lakua): 114 lan-poltsa, 27.515 pertsona.
  • Justizia Administrazioa: 4 lan-poltsa, 20.599 pertsona.
  • Segurtasun Saileko langileak (ez Ertzaintza): 45 lan-poltsa, 8.445 pertsona.

WEB-ATARI BERRIA

Web-zerbitzu berria jauzi kualitatiboa da lan-poltsen kontsultan eta kudeaketan, bai euskal administrazio publikoarentzat, bai hiru eremu horietan aldi baterako enplegu publikoa eskatzen duten 57.000 pertsonentzat. Giza baliabide eta material ugari aurrezten du, horrela, administrazioak, eta, aldi berean, zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetu egiten dira: aurrerantzean, 163 poltsa horien izen-ematea, kontsulta eta kudeaketa online egin ahalko da, urteko 365 egunez eta 24 orduz. Edozein gailutatik egin ahalko da, baldin eta Interneterako konexioa badu; izan ere, ataria erabat erabilgarri egongo da (Responsive Design) mugikorretatik eta tabletetatik.

Uztailaren 1etik aurrera, lan-poltsan dauden pertsonek honako hauek egin ahalko dituzte denbora errealean:

  • Beren datu pertsonaletara eta harremanetarako datuetara sartu eta horiek eguneratu.
  • Enplegu-bilaketarako lehentasunetara jo eta aldatu: lan egiteko zonak, lanaldiaren disponibilidadea, iraupena etab.
  • Deitzeko egoerara jo eta aldatu: eskuragarri edo arrazoitutako aldi baterako baja.
  • Poltsetako egoera simulatu, aurretik zenbat pertsona dauden eskuragarri jakiteko, lehentasunen eta hizkuntza-eskakizunaren arabera.
  • Poltsa bakoitzerako eginiko kontratazioen xehetasuna kontsultatu etab.

Gainera, ataria etengabe egongo da bilakatzen eta hobetzen, urtea amaitu aurretik zerbitzu gehiago eman ahal izateko, besteak beste:

  • Lan-eskaintzak jaso eta onartzea.
  • Erreklamazioak eta errekurtsoak aurkeztea.
  • Curriculum Vitaea zabaltzea.
  • Zerrenden birbaremazioetara jotzea.
  • Desgaitasunen bat egiaztatzea etab.

Astelehenetik aurrera –ekainaren 17a–, Eusko Jaurlaritzak informazio-gutunak bidaliko dizkie 163 lan-poltsetan izena emanda dauden ia 57.000 pertsonei, uztailaren 1etik aurrera atari hori erabilgarri egongo dela jakinarazteko. 

KONFIDENTZIALTASUNA ETA SEGURTASUNA

Lan-poltsak kudeatzeko online sistema berriak orain arte telefonoz edo posta elektronikoz kudeatzen ziren datu pertsonal guztien konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzen du. Horrela, atari berrian sartzeko, enplegu-eskatzaileak kautotu egin beharko du, IZENPE - Autentifikazioaren eta Ziurtapenaren Euskal Sozietateak herritarren esku jartzen duen ziurtagiri digitalaren sistemen bidez.

HELBURUA: ENPLEGU PUBLIKOAREN ATALA

Eusko Jaurlaritzaren helburua da lan-poltsak kudeatzeko atari berri hori bilakatzea, harik eta “Enplegu Publikoaren Atari” bilakatu arte. Horrela, epe ertainera, bertatik, batetik, euskal administrazio publikoan lan egitera sartu nahi duten pertsonentzat deitzen diren enplegu publikoko eskaintzak kudeatu ahalko dira, eta, bestetik, zerbitzu-batzordeak eta dagoeneko lanean ari diren funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketak administratu ahalko dira.

BATERAKO PROIEKTUA

Web-atari berria Eusko Jaurlaritzaren beraren baliabideen bitartez egin da. Posible izan da, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailaren eta Lan eta Justiziako Sailaren eta Segurtasun Sailaren lankidetzari esker, IVAPeko langileen hautaketan aditu direnekin eta EJIE - Gobernuaren Sozietate Informatikoarekin eta IZENPE - Autentifikazioaren eta Ziurtapenaren Euskal Sozietatearekin batera lan egin baitute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)