Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak endometriosiari buruzko ezagutzak eguneratzen ditu; gaixotasunak euskadin 10.700 emakume baino gehiagorengan du eragina

2019.eko ekainak 14

Endometriosiari buruzko ezagutzak trukatzeko, Osakidetzak, ostiral honetan, Endometriosi Arloko II. Eguneratze Jardunaldia antolatu du, eta arratsaldeko seirak arte izango da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan. Endometriosia umeak izateko adinean dauden emakumeetan eragina duen patologia sendaezina da.

Gaixotasun onbera eta kronikoa da, prebalentzia handikoa; izan ere, umeak izateko adinean dauden emakumeen % 10-15ek jasaten duela kalkulatzen da. Gaur egun, Euskadin 10.749 emakumek dute. Endometriosiaren bereizgarria da menstruazioetan ezkatatzen denaren antzeko ehuna hazten dela, baina ohiko lekutik kanpora, alegia, uterotik kanpora. Sintomak ugari izan daitezke. Ohikoena pelbiseko mina da (menstruazioarekin, sexu-harremanekin edo eginkariekin), bai eta antzutasuna eta ernalezintasuna ere. Hala ere, paziente ugarik ez dute sintomarik, jasaten dutenen artean% 30ean; horrek, beraz, zaildu egiten du diagnostikoa. Hala ere, goizetik detektatzea funtsezkoa da, kasu bakoitzean tratamendu egokiena zehazteko.

Jardunaldi hau profesional eta pazienteei zuzentzen zaie, eta helburu du diagnostiko-metodoei buruzko eta egun arteko aukera terapeutikoei buruzko ezagutzak eguneratu eta partekatzea. Bertan, Euskadi osoko 200 profesionalek baino gehiagok eta patologia hori jasaten duten emakumeek eratutako EndoEuskadi elkarteak parte hartzea aurreikusten da.

Mikel Sánchez Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria jardunaldiaren inaugurazioaz arduratu da eta honako hau nabarmendu du: “Gaur egun, endometriosiak jarraitzen du osasun-ekipoetarako erronka handia izaten; izan ere, hura jasaten dutenen bizi-kalitateak nabarmen txarrera egitea eragin dezake. Gaur Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egiten den jardunaldi honek, besteak beste, profesionalek informazioa trukatzeko eta beren ezagutzak zabaltzeko bide ematen du, ahalik eta osasun-asistentzia onena eskaintzeko”.

 

Arreta Osakidetzan

Osakidetzak bere osasun-zentroetan emaginak eta ginekologoak  ditu, eta horiek zuzenean daude lehen mailako arretako medikuekin harremanetan; horrek aukera ematen du pazienteei diagnostiko azkarra egiteko. Gainera, Historia Kliniko Bakarraren (Osabide Global) bidez, profesionalek informaziora jo dezakete, kontsultak erraztu eta prozedurak arintzeko.

Gerora, paziente horiek lurralde bakoitzeko erreferentziazko ospitalera bidera daitezke; horietan, endometriosia barne hartzen duen patologia ginekologikoaren kontsulta bereziak daude. Bertan, kontrol egokiak egiten zaizkie, beharrezko proba diagnostiko guztiak, bai eta kasu bakoitzean adierazitako tratamenduak ere.   

Zientzia-jardunaldi honetan 15 hitzaldi eta 4 mahai-inguru izango dira, eta zenbait gai aztertuko dira, besteak beste: endometriosiaren terapia, noiz eta nola egin ebakuntza edo ugalketa-tenikak pazienteetan.

 

Barakaldo, 2019ko ekainaren 14a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau