Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak gutxienez 2018an baino 3.000 lanaldi gehiagorekin beteko ditu lehen mailako arretako langileen udako oporrak

2019.eko ekainak 14
  • Zuzendaritza Nagusiak, gaur, Mahai Sektorialaren aurrean, udako sasoian ere kalitateko arreta bermatzeko plana aurkeztu du

Osakidetzak, gaur, Mahai Sektorialaren aurrean, lehen mailako arretan osasun-asistentzia bermatzeko udako beharrei erantzuteko eta profesionalen lan-karga murrizteko plana aurkeztu du. Osakidetzaren proposamenak estaldura gehiago aurreikusten du udako ordezkapenetan; horrela, 2018arekin alderatuta, gutxienez 3.000 lanaldi gehiago beteko dira. Gainera, ordezkapenak egiteko kontratatuko diren erizaintzako eta administrazioko langileen prestakuntza bermatuko da, pertsona horiek ekipoaren eguneroko lanera ahalik eta lasterren hasi ahal izateko.

Dokumentuak, gainera, beste neurri batzuk jaso ditu, eta horiek udako sasoian aplikatuko dira, lehen mailako arretarako zentroetan zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. Zehazki:

- Aldi baterako ezintasunagatiko bajak lehen egunetik beteko dira

- Lanpostu unipertsonaletan langilerik ez badago, lehen egunetik ordezkatuko dira, % 100ean

- Lehen mailako arretaren egitura sendotuko da, honako neurri hauen bidez:

  • Lehen Mailako Arretarako Unitateen Burutzaren postuak % 100 betetzen direla bermatuko da
  • Lehen Mailako Arretarako Unitate guztietan erizaintzako koordinatzailearen eta Bezeroarentzako Arreta Arloko arduradunaren irudia ezarriko da

Era berean, Mahai Sektorialari jakinarazi zaio asistentzia-eskariaren jaitsierarekin eta langileen oporrekin bat etorriz, udaro eta udako oporraldi guztietan bezala, osasun-zentro, landa-kontsultategi eta etengabeko arretarako puntu batzuetako ordutegia egokitu egingo dela. Aldaketa hori ekainaren 17aren eta irailaren 20aren artean egin ahalko da, eta irekitzeko ordutegia 08:00etatik 17:00etara egokitu, baina une oro bermatu beharko da osasun-asistentzia Osakidetzako gainerako azpiegiturekin, eta ohiko zerbitzua eman; izan ere, ezin dugu bermatu udaren amaieran ez denik gertatuko hura oztopatuko duen gertakaririk.

Herritarrak ordutegian dagoen edozein aldaketaren jakitun egongo dira, osasun-zentroetan jarriko diren informazio-kartelen bidez, eta ordutegi eguneratuen berri emango zaie, halaber, udalei. Udalek informazio hori izango dute, herritarren artean zabaltzeko.

Azkenik gogorarazi behar da Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia “elkarrizketarako eta lanerako” prest dagoela, lehen mailako arreta sendotzeko “neurri zehatzak” hartzen jarraitzeko. “Espero dugu neurri horien bidez udako sasoian lehen mailako arretaren zerbitzua ahalik eta onena izatea eta lehen mailako arretak duen egitura sendotzen laguntzea”, esan du Juan Luis Diego zuzendari nagusiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak