Berriak Lehendakaritza
Eu

BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak XI. Sarien banaketan izan da Lehendakaria

2019.eko ekainak 18

BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak XI. Sarien banaketan izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria. Bere jardunean, saridunei zorionak eta eskerrak eman dizkie Lehendakariak, ezagutzaren, zientziaren eta kulturaren bidean argia eman, lagundu eta bizitasuna emateagatik. Zientzian eta kulturan sinetsi eta inbertitzen duen herrialde bat dela Euskadi nabarmendu du Iñigo Urkulluk. “Berrikuntzaren eta teknologiaren bitartez ezagutzara zabalik dago gure etorkizuna”, adierazi du. Gainera, Lehendakariak azpimarratu duenez, Sari hauek indartu egiten dute ezagutzaren eta kulturaren balioa auzolan gisa.

Euskadik lana, abegia, xumetasuna, emandako hitzarekiko errespetua, ahalegina eta zintzotasuna bezalako balioak adierazten dituela nabarmendu du Lehendakariak. Lehendakariak esandakoaren arabera, munduan moldatzen eta helburu handiak lortzen jakin duen herri baten balioak dira; pertsonek, instituzioek, enpresek eta elkarteek sortzen dituzten balioak. “Herrialde txiki bat gara, mundura irekia, eta globala da gure etorkizuna”, gaineratu du. Hori bai, Lehendakariak dei bat egin du, elkarrekin batera, euskaldunek adierazten duten hori indartzeko eta sendotzeko: antzinako herri bat, abangoardia maite duena. “Aukera bat dugu taldean ekindako bide horretatik aurrerapausoak ematen jarraitzeko”, gaineratu du.

“Muga” terminoari aipamen eginez, Lehendakariak azpimarratu duenez, Sari hauek horizonte zentzuan erabiltzen dute Muga hitza; ezagutza eta esperientzia partekatzeko, aberasteko gune gisa; batzeko eta ongizatean eta justizia sozialean hazteko aukera gisa. “Gaur aldarrikatu egiten dut Muga etorkizun-horizonte gisa, aukera berriak aurkitu eta bilatzeko”, gaineratu du.

BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sarien garrantzia nabarmendu du Lehendakariak, eta Sari horiek Euskadi munduko erreferente bihurtzen dutela adierazi du. Zentzu horretan, Iñigo Urkulluk adierazi duenez Sari banaketa hau urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat da ikertzaileentzat, adituentzat, intelektualentzat, ingurumenaren arloan lan egiten dutenentzat, ekonomialarientzat; melomanoentzat eta mundu osoko kultura maite dutenentzat.

Bilboko Euskalduna jauregian egin da ekitaldia eta bertan izan dira Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, eta Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San José. Gainera, bertan izan dira parte hartzen Bizkaiko Diputatu Nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidente Ana Otadui eta Bilboko Alkate Juan Mª Aburto.

Jakintzaren Mugak Sariak

BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak Sariek bikaintasuneko ikerketa eta sorkuntza kulturala aintzatetsi eta sustatu nahi dute, beren originaltasunagatik eta esanahiagatik eragin handia duten ekarpenak bereziki. Sari hauen izenak aipamen egiten die bai ikerlanari, ezagutzaren arloa zabaltzeko gai denari —jadanik ezagutzen denaren muga aurrerantz eramanez— bai diziplina-arloen arteko elkar hartzeari eta gainjartzeari. Oinarrizko zientzien, natura-zientzien eta gizarte-zientzien, eta teknologiaren arloetan egiten diren funtsezko aurrerapenak, diziplinetakoak edo diziplinaz gaindikoak, aintzatesten dituzte Mugak Sariek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak