Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren Gorlizko Ospitalearen ehungarren urteurrena ospatzeko, historiaren mende bat islatzen duen erakusketa antolatu da

2019.eko ekainak 20

Tuberkulosia zuten adingabeentzako antzinako Itsas Sendategiak, gaur egun, adin guztietako paziente kronikoei eta errehabilitazioan daudenei ematen die arreta

 

Gorlizko Itsas Sendategiak, gaur Osakidetzako Gorlizko Ospitalea denak, 1919ko ekainaren 29an ireki zituen ateak, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Enrique Areilza doktorearen ekimenez ireki zituen ateak, garai hartako haurren tuberkulosiaren epidemiari aurre egiteko beharra ikusi baitzuen.

Lehen pazienteak familia xumeetako 50 ume izan ziren; gaixotasun hori zeukaten. Euskal gizarte goi-mailako damen batzorde batek dohaintzak batzen zituen, zentroko jarduera ordaintzeko. Mojak arduratzen ziren laborategiaz, X izpien aretoaz eta kirofanoaz.

Eguzkia eta itsasoko haize gozoa direla eta, Sendategia errekuperaziorako leku paregabea zen. Baina dena ez zen atsegina izan. Egoera dramatikoak bizi izan ziren, Gerra Zibila iritsi zenean, besteak beste; izan ere, Frantziako bainuetxeetara eraman behar izan zituzten ospitaleratuta zeuden adingabeak, beren bizitza babesteko.

Argazki-erakusketa batean, egunotan, historia guztia dago ikusgai, jatorritik gaur egun artekoa, bai eta Gorlizko Ospitalea 1985ean Osakidetzan sartu zeneko garaia ere.

Ospitale-zentroko atarian dago erakusketa: “Hazten jarraitzeko egokitu” izenburua du, eta garaiko irudiak batzen dituzten sei panel daude; horietan, bilakaera eta azken ehun urteotan izan den egokitzapena ikusten dira.

Nekane Murga Osasun sailburuak eskerrak eman ditu urte hauetan guztietan gaur egun Gorlizko Ospitaleko plantilla osatzen duten 339 pertsonek eginiko lanagatik, bai eta aurrekoek egindakoagatik ere: “Mende batean, zentroa haurrentzako sendategia zena, garuneko erasaneko errehabilitaziorako ospitale erreferente bilakatu da; bertan, 179 ohe eta prestigiodun profesionalak daude. Osakidetzak eta Osasun Sailak gizarte aldakorraren beharretara eginiko egokitzapenaren adibide argia da; gizarte aldakorrak erronka berriak dakarzkigu eta egunero Euskadi osasuntsuagoa izateko ahalegina egiten jarraitzera bultzatzen gaitu”.

Gorlizko Ospitalearen historia zoragarria gogorazteaz gainera, “Hazten jarraitzeko egokitu” erakusketaren bidez, omenaldia egin eta eskerrak eman nahi dira erakundeek eta horietako profesionalek eta pazienteek bete duten eginkizunagatik.

Argazki-erakusketa doan ikusi ahalko da, irailaren 28ra arte, eta Gorlizko ospitale-zentroaren ehungarren urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia da. Era berean, ospitalearen historia batzen duten liburuxka batzuk argitaratu dira, eta paziente eta erabiltzaileen artean banatuko dira.

 

Gorliz, 2019ko ekainaren 20(a)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko