Berriak Lehendakaritza
Eu

Unibertsitatean eskuratutako ezagutzak eta esperientzia gizartearen zerbitzura jartzeak duen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak Lehendakariaren Jakiunde Hitzaldian

2019.eko ekainak 21

Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako Lehendakariaren Jakiunde Hitzaldia eman die Iñigo Urkullu Lehendakariak ikasturte honetan gradu eta masterreko ikasketak amaitu dituzten ikasleei.

Lehendakariaren Jakiunde Hitzaldia JAKIUNDE, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak bultzatutako ekitaldi bat da, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustoko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Hitzaldiaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari gorenaren eta unibertsitateko ikasketak amaitu berri dituzten ikasleen artean elkarrizketa sustatzea da.

Lehendakaria unibertsitateko ikasketak amaitu eta gizartera jauzia egiteko dauden gazteei zuzendu zaie, eta ongietorria egitearekin batera aditzera eman die euskal gizartean zer aurkituko duten eta gizarte horrek zer eskaini diezaiekeen edota beraiengandik zer espero duen.

Bere jardunean, Lehendakariak nabarmendu egin du egun berezia dela gradu eta masterreko ikasketak amaitu dituzten ikasleentzat, etapa berri bat hasten baita haientzat. Hori bai, Lehendakariak animatu egin ditu ikasleak bizi garen gizartea hobetzeko asmoz pentsatzen hasi eta jardutera etapa berri horretan. Iñigo Urkulluk azpimarratu egin du Unibertsitatean eskuratutako ezagutzak eta esperientzia gizartearen zerbitzura jartzeak duen garrantzia. “Etapa berri honetan, ez zoazte gizartean murgiltzera, gizartea eraldatzera baizik; zuei dagokizue ikasitakoa erabili eta garatzea”, adierazi du.

Lehendakariak azpimarratu duenez, integrazio, inklusio, kohesio eta justizia soziala gizarte osoaren konpromisoa dira, bereziki pertsona prestatuenen eta gaituenen konpromisoa: aurrerabidearen eta aukeren Euskadi bat, non ez den inor atzean geratuko. “Lagundu egin beharrean gaude gizarte honetan “inor atzean gera ez dadin” lortzeko, ez Euskadin jaio direnak ezta kanpotik etorriak ere”, adierazi du.

Zentzu horretan, Lehendakariak lau Herrialde erronkak aipatu ditu, haiei aurre egiteko Euskadi lanean ari dela adieraziz, baina bere hitzetan, lau lehentasunak estu lotuta daude errealitatearekin berarekin. Hala, gogora ekarri duenez, Herrialde erronka bat lehentasun kolektibo bat da, Herrialde oso bat, munduan bere lekua irabazi nahi duen Herrialde txiki bat konprometitzen duena.

Lehendakariaren aldarrikapena izan da EZ “baztertzea” Unibertsitatea, EZ baztertzea “espiritu unibertsitarioa”. Eta horrek esan nahi du ikasteko eta hobetzeko grina, kezka intelektuala eta ikuspegi kritikoa, bokazio profesionala eta gizarteari zerbitzua ematekoa. “Unibertsitatea beti izango da zuen ondoan eta jarraitu ahal izango du zuei laguntzen”, gaineratu du.

Lehendakariaren jardunaren ondoren, ikasleen galdera-txandari eman zaio bide, eta bertan jakinarazi dizkiote Lehendakariari beren iritziak eta zalantzak.

Donostiako UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan izan da ekitaldia eta bertan izan dira, besteren artean, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka, Jakiundeko ohorezko presidente Pedro Miguel Etxenike eta Jakiundeko presidente Jesus M. Ugalde.

UPV/EHU izan da unibertsitate anfitrioia Lehendakariaren Jakiunde Hitzaldiaren lehen edizio honetan eta datozen urteetan Lehendakariaren JAKIUNDE Hitzaldia hurrenez hurren egingo da EAEko unibertsitateetako bakoitzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak