Eu

Euskadik Gironderi autismorako arretaren arloko jarduketa azaldu dio

2019.eko uztailak 09
  • Akitaniako Girondeko departamentuko 13 profesionalen eta kudeatzaileren ordezkaritza batek, gaur, Apnabi bisitatu du, Bilbon, eta, bihar, Gautena bisitatuko du, Donostia-San Sebastiánen
  • Lide Amilibia sailburuordea: “lankidetza publiko-pribatuari eta familien lanari esker, aurrerapen handiak lortzen dira”
  • Edith Moncoucut Girondeko departamentu Kontseiluko Adinerako autonomia, Handicap eta Politiketarako presidenteordea eta Sébastien Saint-Pasteur Pessac-eko kantoiko kontseilaria izan dira buru

Bilbo, 2019 07 09

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur goizean, Bilbon, Akitaniako Girondeko departamentuko ordezkaritza bati autismoaren arloan Euskadin lankidetza publiko-pribatuaren barruan kudeatzen den arreta azaldu dio; 19.000 arreta inguru eman zitzaien 1.600 erabiltzaile baino gehiagori, autonomia-erkidegoko hiru lurraldeetan.

 

Edith Moncoucut Girondeko departamentu Kontseiluko Adinerako autonomia, Handicap eta Politiketarako presidenteordea eta Sébastien Saint-Pasteur Pessac-eko kantoiko (Bordele) kontseilaria buru izan direla, autismoari buruzko Akitaniako elkarteetakoek, ospitaleetako zuzendariek, desgaitasuna duten pertsonen zentroetakoek, Girondeko eskualdeko Osasun Agentziak eta Bordeleko Unibertsitatekoek eratutako 13 kideko talde bat, gaur goizean, protagonista izan da autismoa duten pertsonen arretarako ezagutzaren eta esperientzien trukean, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko eta Ignacio Ruiz Azcona zuzendari duen eta Mikel Pulgarin presidente duen Apnabi elkarteko kideekin.

 

“Akitania Berria/Nafarroa/Euskadi euroeskualdearen jardueraren barruan, enplegu-zerbitzu publikoen, enplegurako prestakuntzaren, gazte-enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen arloan, Girondek interesa erakutsi du Euskadik autismoari eskaintzen dion kudeaketa ezagutzeko, batik bat Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-elkarteak protagonista dituena, beren generoan erreferente direla aintzat hartuta. Gaur Apnabi bisitatu dugu eta, bihar, Gautena, Donostian. Foru-aldundien, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde-laguntzan oinarritzen dira zerbitzu horiek, baina, batik bat, familien beraien interesen ondorioz sortutakoak dira”, esan du Amilibia sailburuordeak.

 

 

Kudeaketa-ereduak

Apnabiko arduradunek Girondeko profesionalei erakundea, estrategia, egitura eta esku hartzeko eredua azaldu dizkiete, eta, ondoren, Basurtuko Geltoki kaleko zentro okupazionala, zerbitzu klinikoa eta lehen mailako arretako zerbitzua eta Arrigorriagako eguneko zentroa eta atseden hartzeko aterpetxea bisitatu dituzte.

 

“Berentzat interes handikoak diren alderdien xehetasunak eman dizkiegu, besteak beste: hemen, Bizkaian, Apnabiren eskutik, lehen mailako arreta, ohiko kontsultak ia 900 erabiltzailerenak, 13.000 arreta inguru, hezkuntza bereziko zentroak ia 80 ikasle ditu, 540 ikasleri eskainitako eskola-ibilbideko programa, 10 eguneko zentroen jarduerak eta enpleguko zentro okupazionalak, helduen etxebizitzak bizitza independentea duten 40 erabiltzaileekin, adingabeen etxebizitzak, familiei laguntzeko programak, elkarte-dinamizazioa eta sentsibilizazioa eta aisiarekin eta astialdiarekin lotutakoa”, nabarmendu du Lide Amilibia sailburuordeak.

 

Bihar, asteazkenean, Girondeko ordezkaritzak Gautena elkartea bisitatuko du, Donostia-San Sebastiánen, Amaia Lopetegi zuzendariarekin eta Juan Cid presidentearekin batera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Edith Moncoucut, Sébastien Saint-Pasteur