Berriak Osasuna
Eu

Debagoienako Ospitaleak Joint Commission-en nazioarteko berrakreditazio prestigiotsua lortu du

2019.eko uztailak 17

Osakidetzan 2016an akreditazio hori lortu zuen lehen ospitalea izan zen; horren bidez, besteak beste, pazientearen kalitatea eta segurtasuna eta prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa ebaluatzen dira

 

Debagoieneko Ospitaleak Joint Commission-en nazioarteko berrakreditazioa lortu du; nazioarteko aintzatespena da, eta, horren bidez, euskal osasun-sistema publikoaren kalitate- eta segurtasun-kota altuen balioa nabarmentzen da. Joint Commission International mundu osoan osasun-akreditazioan esperientzia gehien duen erakundea da, eta 50 urte baino gehiago daramatza osasun-erakundeen eta gizarte- eta osasun-erakundeen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko lanean.

Akreditazioa berritzeko ikuskaritza uztailaren 1etik 4ra bitartean egin zen; horretarako, kanpo-ebaluazio independentea egin zen. Hartan, 1.400 estandar ingururen segimendua egin zen.

Mundu osoko 20.000 erakunde inguruk dute erakunde horren egiaztagiria; akreditazio garrantzitsu hori emateko, asistentziaren kalitatea eta pazientearen segurtasunean zentratzen diren edukiak ebaluatzen dira, bai eta prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa eta kudeaketa dinamikoaren eta parte-hartzailearen eredua ere.

Nekane Murga Osasun sailburuak honako hau gogorarazi du: "aintzatespen” horren ondorioz, Euskadi buru da Europan, pazienteen onerako segurtasun-neurrietan”. Hori horrela, sailburuak eskerrak eman ditu Debagoieneko Erakunde Sanitarioko profesional guztien inplikazioagatik.

Zerbitzuen eta asistentziaren kudeaketaz gainera, beste alderdi batzuk ere neurtzen dira, besteak beste: pazienteen identifikazio zuzena; profesionalen komunikazioaren eraginkortasuna; arrisku handiko medikazioaren segurtasuna; osasun-arretarekin lotura duten infekzio-arriskuen murrizketa, eta erorketek pazienteetan eragindako lesioen arriskuen murrizketa. Horiek guztiak nazioarteko helburuak dira pazientearen segurtasunean.

Pazientean zentratzen diren helburuak direla eta, zenbait alderditan multzokatzen dira, besteak beste: arretarako sarbidea eta haren jarraipena, ebaluaziorako eta arretarako eskubideak, anestesia eta arreta kirurgikoa, medikamentuen maneiua eta erabilera eta familiartekoak barne hartzen dituen hezkuntza.

Pazientearen segurtasunari buruzko nazioarteko helburuetako bat honako hau da: osasun-asistentziaren arlo arazotsuak agerian uzten dituzten eta ebidentzian edo adituen aholkuan oinarritutako irtenbideak identifikatzen dituzten segurtasuneko helburuak. Ahal den neurrian, pazienteen segurtasun-helburuak erakunde osoan eragiten duten neurri sistematikoetan zentratzen dira.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren iritziz, segurtasuna kalitatea da, bai eta asistentzia-prozesuetako eraginkortasunaren oinarrizko euskarria ere; horregatik jotzen da 2013-2020rako Osasun Planaren barruan lehentasunezko jarduketa-ildotzat eta horregatik balioesten dira zehatz hau bezalako aintzatespenak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau