Berriak Osasuna
Eu

Sexu-transmisioaren bidezko infekzioen gorakadari buruz sentsibilizatzeko kanpaina abiaraziko du Osasun Sailak

2019.eko uztailak 18

Euskadin garatzen ari den ekintza-ildoei eutsi eta horiek sustatzearen aldeko apustua egiten du Nekane Murga sailburuak, bereziki mundu osoan STIek izandako gorakadaren aurrean

Osakidetzak, 2018an, guztira GIBa zuten 5.852 paziente tratatu zituen, eta 22,5 milioi eurotik gora inbertitu zuen horretan

 

Osasun sailburuak berretsi egin du bere Sailak Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) Euskal Planean aurreikusitako ekintza-ildoei eutsi eta horiek sustatzearen aldeko apustua. Hala adierazi du gaur 2018ko plan horren txostenaren aurkezpenean; hark urtero batzen ditu datu epidemiologiko nagusiak eta Osasun Sailak eta Osakidetzak eremu horretan garatzen dituzten neurriak. Ekitaldian, Marta Pastor Euskalsida - Euskadin GIBaren eremuan lan egiten duten elkarteen federazioko presidenteak eta Antonio Arraiza doktoreak eta Hiesaren eta Sexu Transmiziozko Infekzioen Planaren koordinatzaileak ere parte hartu dute.

 Sailburuak, ildo horretan, datozen egunotan berariazko kontzientziazio-kanpaina abiaraziko dela iragarri du, honako mezu honi eutsiz: “Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere”. Helburu bikoitza du: herritarrak sentsibilizatzea GIBaren eta sexu-transmiziozko infekzioen indarraldiaren inguruan, eta, beste behin ere, sexu-harremanetan preserbatiboak erabiltzeko beharrean eragitea.  

GIBari dagokionez, zehazki, Nekane Murgak gogorarazi du azken urteotan, bai instituzioek bai gizarte-erakundeek honako hau nabarmendu izan dutela: nahiz eta azken hamarkadetan GIBa duten pertsonen bizi-kalitatean eta osasun-egoeran hobekuntza egon den, beharrezkoa zen eta da baikorregiak ez izatea eta betetzeko dauden erronketan zentratzea, ONUSIDAk ezarritako ibilbidearen ildotik. GIBari bakarrik bideratutako unitate funtzionala aktibo mantendu duten autonomia-erkidego gutxi daude eta Euskadi horietako bat da, prebentzio- eta ekintza-plan berezi baten bidez.

Zehazki, 2018an, Osakidetzak erretrobirus-kontrako tratamenduen bidez eman zien arreta 5.852 pazienteri, guztira, eta, horretarako, 22,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin zuen. Hartutako prebentzio-neurrien irismena dela eta, nabarmentzekoa da GIBaren 2.210 test laster egin direla Euskadiko botiketan eta, horien bidez, 9 positibo detektatu direla. Halaber, nabarmentzekoa da establezimendu horiek etxean egiteko banatu zituzten 883 autotestak, GIBen probetan kontsulta espezializatuetan eginiko 96 probak eta 125.593 kit-xiringak (90 mila baino gehiago, botiketetan beretan banatuta, eta 35 mila baino gehiago GKEen bidez).

Euskadin, iaz, GIBagatiko 169 infekzio erregistratu ziren (2017an 135 erregistratu ziren, eta 2016an 158). Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko tasa 7,75ekoa dela, Estatuko tasa baino puntu bat baxuagoa, baina aurreko urteko Euskadiko 6,1etik gora eta 2016ko 7,3tik gora. 80,5 gizonei dagokie eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,7 urte dira. GIBagatiko infekzioa nagusiki sexu transmiziozko gaixotasuna da; bertan, gizonekin sexua duten gizonetan transmisioak nagusi izaten jarraitzen du, diagnostiko guztien % 56,2 (% 55,6 2017an); bide heterosexualaren bidezko transmisioa % 32,6 da (% 38,3 2017an). Kasuen % 51,5ean, diagnostiko berantiarra egon zen, alegia, immunitate-sistema oso eraginda zegoenean detektatu zuten (350 CD4 zelula baino gutxiago).

Sexu-transmiziozko infekzioak direla eta, Osakidetzak sexu-transmiziozko infekzioen 3 kontsulta berezi ditu Bilbon, Donostian eta, 2017tik, Gasteizen. 2018an, aurrez aurreko hiru kontsulta horietan, guztira, honako hauek diagnostikatu ziren: 599 chlamyidia kasu; 156 herpes genitalarenak; 355 infekzio gonokozikoenak eta 184 sifilis goiztiarrarenak. Bilboren kasuan, mota guztietako infekzioen gorakada orokorra erregistratu zen; Donostian, diagnostikoen kopurua egonkor mantendu zen; Gasteizko kontsulta 2017an hasi zen. Beraz, 2018ko datuek diferentzial altua erakusten dute. Osakidetzak, aurrez aurreko kontsulta horiez gainera, onlineko birtuala ere eskaintzen du gizonekin sexua duten gizonentzat. Hura abian jarri zenetik, 717 pertsona sartu dira aplikazio horretan eta bete dute galde-sorta.

Azkenik, pasa den ikasturtean, guztira 102 zentrotako 7.800 nerabek (aurreko ikasturtean 6.100 izan ziren) parte hartu zuten Euskadi osoko ikastetxeetan garatzen diren GIBa/hiesa, STIa eta nahi ez den haurdunaldia prebenitzeko programetan.

 

GIBaren eta STIaren Euskal Plana, 2018ko txostena

 

Gasteiz, 2019ko uztailaren 18a

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jeslarra
    2019.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: ℹ️ Informazo gehiago gure webguneko GIB/HIESA atalean 🔗 https://t.co/lWsm06jUW4
    https://t.co/u2CNrjdLc0

  • @OSIArabaESI
    2019.eko uztailak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: ℹ️ Informazo gehiago gure webguneko GIB/HIESA atalean 🔗 https://t.co/lWsm06jUW4
    https://t.co/u2CNrjdLc0

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Antonio Arraiza, Osakidetzako osasun-eremua programen koordinatzaile korporatiboa eta Marta Pastor, Bizkaisidako presidentea