Berriak Hezkuntza
Eu

Uriarte sailburuak Europako Batzordeari Eusko Jaurlaritzaren unibertsitate-politiken berri eman dio

2019.eko uztailak 18

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, gaur goizean, Bruselan, Europako Batzordeko arduradunekin batu da. Topaketetan, Eusko Jaurlaritzak erkidegoetako arduradunei Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den unibertsitate-politiken alderdi esanguratsuenen berri eman die. Uriarte sailburuak bere sailaren jarduketa-ardatz nagusiei heldu die, eta arreta berezia eskaini die bi gairi: Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana eta Unibertsitatea+Enpresa estrategia.

Egindako bileretan, Uriarte sailburua Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin, Miren Artaraz Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariarekin, Amaia Esquisabel Ikerketako zuzendariarekin eta Marta Marín Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkariarekin izan da.

Lehen topaketa lehen orduan izan da, Sophie Eriksson, Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendari nagusiarekin. Bere ardura da Europako politikak zehaztea hezkuntzaren, gazteriaren eta Erasmus+ eremuetan.

Gero, Uriarte eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza osoak topaketa izan dute Tibor Navracsics Hezkuntzako, Kulturako, Gazteriako eta Kiroletako Europako komisarioaren aholkulariarekin. Rodrigo Ballester aholkulariarekin Eusko Jaurlaritzaren eta Europako administrazioaren artean izaten ari den koordinazioa kontrastatu dute, bai eta etorkizuneko ekimenek baterako politika bat sendotzea helburu izateko dagoen beharra ere, analisi eta ebaluazio zorrotzak eta partekatuak egin ondoren.

Arratsaldean, Uriarte sailburuak bilera izango du Xabier Goenaga Europako Batzordeko JRC -Joint Research Center-eko unitateko buruarekin; ikerketako baterako zentro horrek Batzordearen zientzia-zerbitzua betetzen du. JRCk, bere jardueren bidez, EBren politikak prestatzen laguntzen du eta, horretarako, zientzia-aholkularitza ematen du, egiaztatutako datuetan oinarrituta.

Topaketetan, Cristina Uriartek euskal unibertsitate-sistemak eginiko ibilbidearen balioa nabarmendu du; bildu diren zuzendaritzetako bakoitzak berariaz aztertzen dituen edukiak bereizi ditu. Zentzu horretan, Uriarte sailburuak azpimarratu du autogobernu gehiago, ongizatearen eta lekuko garapenaren -eragin globalarekin- sinonimoa dela.  

 

Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana

Aurretik Hezkuntza Saileko eta Europako Batzordeko ordezkariekin bilera egin ondoren, pasadan ekainean Bilbon, –hartan Euskadiko unibertsitate-politikei buruzko informazioa jaso zuten–, Uriartek oraintsu onetsitako Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana identifikatzen duten ezaugarri nagusietan sakondu du.

2019-2022rako Unibertsitate Sistemaren Planak aurreko planaren ebaluazioa egin ondoren identifikatutako beharrak jaso ditu eta datozen urteotan garatu beharreko estrategia zehazten du. Sailburuak esan bezala, Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren euskarri diren ardatzak Europa mailan ezarritako lehentasunezko jarduketa-ildoekin bat datoz. Europako Batzordeak elkarlanean jardun du Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana diseinatzeko fasean, eta horrek argi uzten du Eusko Jaurlaritzak Europako politika erkideekin unibertsitate-eremuan ere baduen konpromisoa.

Unibertsitate Sistemaren Plan berriak bost ardatz nagusi aurreikusten ditu, eta horiek jasotako ekintza guztiak barne hartzen ditu:

  • Bikaintasuneko ikerketaren ardatza.
  • Unibertsitatea+Enpresa ardatza.
  • Irakaskuntzako prestakuntza eta metodologia berritzaileen ardatza.
  • Nazioartekotzearen ardatza.
  • Unibertsitateko Elkartearen ardatza.

Finantzaketa dela eta, Unibertsitate Sistemaren Planak finantzaketa-beharrei erantzuteko inbertsioa jaso du; horrela, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari bere xedeak betetzeko eta kalitatea hobetzeko nahikoa finantzaketa-eredua bermatzen zaio, eta finantzaketa ematen zaio, Hezkuntza Sailak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez zehaztutako Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate guztientzako helburu batzuk betetzearen baldintzapean. 

 

Unibertsitatea+Enpresa estrategia

Unibertsitatea-Enpresa Estrategiak, Erkidegoko arduradunen interesa piztu du. Haren jakitun direla, Cristina Uriartek azken hilabeteotan abiarazitako ekintzen eta lan-ildo nagusien berri eman die.

Europako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren –Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordetzaren bidez– artean hasitako lankidetzaren bideari –Unibertsitate-Enpresari buruzko Europako Forumean, 2016an Helsinkin egin zenean– jarraipena eman zitzaiola Forumaren hurrengo edizioa Donostian 2016ko urrian batera antolatu zenean. Ondoren, 2017ko maiatzean, sailburuordetzak Batzordean aurkeztu zuen aipatutako Estrategia. 2017ko ekainean, Bruselan ospatutako Europako Forumean –herrialdeen elkarlanak unibertsitate-enpresan duen indarra jorratu zen-, Hezkuntza Sailaren eta Europako Batzordearen arteko elkarlana indartu zen. Lankidetza hau funtsezkoa izan da estrategia honen definiziorako eta idazketarako eta baita 2019-2022 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren oinarriak prestatzeko. Aipatzekoa da baita lankidetza horri esker, Europako Batzordeak Euskadi aukeratu duela unibertsitate esparruak lekuko berrikuntzak duen eragina aztertuko duen jardunaldi bat antolatzeko.   

Hezkuntza sailburuak azpimarratu du estrategia horren helburu nagusia Euskadiko gizarte- eta ekonomia-garapenerako palanka bat eratzea dela, euskal gizarte modernoagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzen lagunduko duen Europako eta nazioarteko testuinguruan. Horretarako, Uriartek esan duenez, ezagutza sortu eta transferitu behar da eta, horretarako, bikaintasun zientifikoa eta enpresa-eremuko aplikazioa lotu; eta, gainera, gaitasun handiak eta enpresa-eremuaren beharrei aplikatutako eta egokitutako osagaia dituen giza kapitala sortu behar da.

Hori horrela, garrantzitsua da 4Gune Klusterrak egindako lana aipatzea, ingeniaritza, zientzia eta teknologia alorrean. Bertan Eusko Jaurlaritzak, Euskadin finkatutako eskolak eta fakultateak, Confebask euskal enpresa-konfederazioak, Euskampus, Innobasque eta Basque Industry 4.0 Pilotaje Taldeek - Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Planaren barruan dagoena- parte hartzen dute. 

4Gune Klusterraren bitartez, hasiera batean aurreikusten ziren ekimen gehienak martxan jarri dira jada. Esaterako, Boroako AICn Enpresa+Unibertsitatea lehen gela irekitzea, Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologian Euskadin unibertsitate alorrean dugun ikerkuntza ahalmenaren mapa sortzea, edota aipamen duala duten unibertsitate-titulazioak zehaztea, diseinatzea eta abian jartzea. Gaur egun, Euskal Unibertsitate Sistema eratzen duten unibertsitateek aipamen duala duten 25 unibertsitate-titulazio baino gehiago eskaintzen dituzte.

 

 

Bruselan, 2019ko uztailaren 18an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak