Eu

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 245 intzidentzia erregistratu zituen 2018an, aurreko urtean baino 101 gutxiago

2019.eko uztailak 24
  • Kexa guztian % 99an hizkuntza eskubidearen urraketa euskara erabiltzeko eskubideari lotuta izan zen; bi kasutan, baina, gaztelania erabiltzeko eskubide-urraketa izan zen.

Vitoria-Gasteiz, 2019/07/24             

Eusko Jaurlaritzak Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2018ko memoria onartu du aste honetan. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaldu duenez,  2018an hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 245 intzidentzia erregistratu ziren, aurreko urtean baino 101 gutxiago.  Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 189 kexak izan ziren, eta horien artean 187tan (% 99) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; eta, 2 kasutan, eskubide-urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien % 83 (153 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 17 (33 kexa) esparru pribatuari zegozkion.

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Aurtengo intzidentzia kopurua baxuena da 2009tik, iaz baino 101 gutxiago eta 2015 eta 2016 urteetan baino nabarmen baxuagoa (urte horietan intzidentziak areagotu ziren; 789 eta 576, hurrenez hurren). 2018. urtean Elebiden izapidetu ziren intzidentzien % 82 kexak izan ziren (herritarrek uste izan dute hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela) eta gainontzekoak eskaerak (30), kontsultak (10), iradokizunak (3) edo eskaerak (30) izan ziren.

Kexak esparruz esparru

Kexa guztien % 83 (241 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izanik, nabarmendu behar da kexa horien guztien artean gehienak EAEko Administrazio Orokorrari (% 38) eta Toki Administrazioari (% 37) lotuta gertatu zirela. Hala ere, EAEko sektore publikoari zuzendutakoak nabarmen jaitsi ziren (aurten 59 izan dira, esparru publikoko kexa guztien % 38; iaz 127 izan ziren, % 53). EAEko sektore publikoaren aurkako kexei erreparatuz, 24 Eusko Jaurlaritzaren aurka izan ziren (Hezkuntza Saila, 9; Segurtasunak, 5; Lana eta Justizia, 4; Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura, 2; Enplegu eta Gizarte Politika, 2; Gobernantza Publiko eta Autogobernua, 2; Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa, 2; eta, azkenik, Ogasun eta Ekonomia, 1), eta 35 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen aurka (horietatik 19 Osakidetzaren kontra izan ziren, baina nabarmendu behar da 2017an 64 izan zirela; gainontzeko erakunde eta sozietate publikoek 3 kexa edo gutxiago jaso dituzte).

Toki administrazioei dagokienez, 58 kexa jaso ziren, aurreko urtean baino 7 gehiago. Arabako udalek 9 kexa jaso zituzten 2018an, 2017an baino 8 gehiago. Bizkaiko udalei eta haren menpeko erakundeei dagokienez, 39 kexa jaso zituzten guztira 2018an, 2017an baino 7 gehiago. Azkenik, Gipuzkoako udalak 2017an 18 kexa jasotzetik 2018an 10 kexa jasotzera pasatu ziren. Bestalde, Estatuko Administrazioari eta haren erakundeei eta sozietateei (ADIF, Correos y Telégrafos SA, Correos Express, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa, Fundae, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala eta Renfe) zuzendutako kexak 17ra jaitsi ziren (2017an 25 izan ziren).

Esparru pribatuari lotuta 33 kexa jaso ziren 2018an, aurreko urtean baino 15 gutxiago. Kexa horiek honela banatzen dira: orokorrak, 11; finantzak eta aseguruak, 8; merkataritza, 6; kultura eta aisia, 3;  hezkuntza, 1; eta, azkenik, ostalaritza, 1. Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu ziren kontuan. Kexak onartzeko orduan kontuan izan ziren arlo pribatuko hizkuntza-eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren abenduaren 22ko 6/2003 Legea -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena-, eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua-, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza-eskubide bermatu behar dituzten.

Kexen tipologia

  1. urtean Elebiden izapidetu ziren 189 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira:
  • Idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak.
  • Ahozko harremanetan izaten direnak.
  • Hizkuntza- paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…).
  • Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak.

Idatzizko harremanei erreparatuz gero, 70 kexa jaso ziren, kasu gehienetan helburua izan zen salatzea erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan. Ahozko harremanei dagokienez, 45 kexa izan ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela. Horrez gain, 12tan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela.

Hizkuntza-paisaiarekin loturiko kexak 19 izan ziren 2018an, 2017. urtean baino 65 gutxiago. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean jarritako kartelei, trafiko seinaleei eta kale zein laneko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat. 7 kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko harremanetan bai hizkuntza-paisaian. Azkenik, Internet eta sare sozialetan gertaturiko arau urraketak 36 izan ziren, 2017. urtean baino 13 gehiago.

Intzidentzien egoera

Elebidek izapidetutako 232 intzidentzietatik, 219 itxita zeuden 2019ko udaberrian: 216 kasutan herritarrari helarazi zaio erakunde urratzaileak bidalitako informazioa; eta gainerako 3 kasuetan, intzidentziaren itxiera, erakundearen erantzunik jaso ez baita. Aldiz, 13 intzidentzia itxi gabe daude eta euren bidea egingo dute 2019an zehar.

Kexei erreparatuz, 176 kexa daude itxita, eta gainerako 13 izapidetzen ari diren oraindik. Kontsulten kasuan, jasotako 10ak itxita zeuden urte amaieran; izan ere, Elebidek kontsulta bat jasotzen duenean, hori aztertu eta informazio gehigarria eskuratzen du, halakorik behar izanez gero. Txostena egindakoan, eskatzaileari helarazten zaio eta intzidentzia itxi egiten da.

Izapidetutako 3 iradokizunei dagokienez, 3rak itxita daude. Iradokizun baten aurrean, Elebidek iradokizunaren hartzaile den erakundeari helarazten dio herritarrak azaldutakoa, horren inguruan hausnarketa egin eta erantzun edo txosten bat presta dezan. Elebidek, erantzun edo txosten hori jaso bezain laster, herritarrari jakinarazi egiten dio, eta, herritarrek kontrakorik esan ezean, intzidentzia itxi egiten da. 2018. urtean, 30 eskaera erregistratu ziren; guztiak itxita daude.

Itxita dauden kexei erreparatzen badiegu, hiru kasu gerta daitezke: kexak irtenbide egokia izatea, alegia, konpontzea edo konponbidean egotea; kontrakoa, irtenbiderik ez izatea (herritarra erantzunarekin pozik ez geratzea edo erakundeak ez erantzutea); eta, azkenik, izapideen ondorioz, indarrean dagoen araudiari erreparatuta, urraketarik ez dela egon ondorioztatzea. Beraz, arau urraketa egon dela ondorioztatutako 157 kexa horietatik % 90k irtenbide egokia izan du.

Aurkezteko era

Intzidentzia guztiak kontuan hartuta, 187 (% 65) webgunearen bidez aurkeztu ziren, eta 46 (% 19) posta elektronikoaren bidez. Hortaz, guztira, herritarren % 94k bide telematikoen alde egin zuten, eta gainerako % 4k bestelako bideak erabili zituzten. Bide ez telematikoei dagokienez, 5 intzidentzia aurkeztu ziren telefonoz, aurreko urtean baino bi gutxiago, eta 4 posta arruntez, aurreko urtean baino 15 gutxiago. Horretaz gain, 3 intzidentzia aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren bidez.

2018. urtean zehar Elebidera jo zuten herritarren % 94k (231k) euskara erabili zuten zerbitzu honekin harremanetan jartzeko (iaz baino % 2 gehiago); eta beste % 6k (14 herritarek), gaztelania. Azken kasu horietatik, 3 hizkuntza eskubideen araudiaren inguruko kontsultak izan ziren; eta beste 10, kexak (7tan euskara erabiltzeko eskubidea urratu zitzaiela adierazi zuten). Emakumezkoek aurkeztu zituzten 2018. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu ziren intzidentzien % 25 (aurreko urtean baino 4 puntu gehiago), eta gizonezkoek % 71 (aurreko urtean baino 7 puntu gutxiago). Kasu guztien % 4 erakundeek aurkeztutako intzidentziak izan ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko