Berriak Osasuna
Eu

Euskadin C Hepatitisaren tratamendua amaitu zuten pertsonen %97 sendatu egin da

2019.eko uztailak 27

Uztailaren 28a, Hepatitisaren Mundu Eguna  

2015etik, 7.250 pertsonak amaitu dute tratamendua Osakidetzan antibiral berriekin; beste 187k aktibo daukate

2015eko urtarrilaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitartean, guztira C hepatitisaren birusaren ondorioz hepatopia kronikoa duten 7.437 pertsona tratatu ditu, dagoeneko, Osakidetzak, antibiral berriekin. Horietatik, 7.250ek tratamendua amaitu dute, eta horien sendatze-indizea (karga biral negatiboa tratamendua amaitu eta 12 astetara) % 97koa da. Gaur, 187 pertsona baino gehiago daude tratamendu aktiboan.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak datu horiek, bere Sailak Hepatitisaren Mundu Egunaren bezperan emandakoak, lorpen klinikotzat jo ditu; lorpen horiek Eusko Jaurlaritzak garatutako C hepatitisaren arretarako Estrategiaren garapenean tartean diren Osakidetzako profesionalen lan bikainaren ondoriozkoak direla esan du.

Hasieratik, Osakidetzak tratamendua mailaz maila hasi zuen, eta lehentasuna eman zien fase larrienetan zeuden pazienteei. Horrela, Euskadin urte hauetan tratamendua jaso duten 7.250 pertsonetatik ehuneko handiena gaixotasunaren fase aurreratuena da, F4a, zehazki, % 36; % 17 F3 fasean zegoen; % 17 F2an eta, gainerako % 30a, F1 eta F0an.

2015etik gaur arte tratatu diren pazienteen % 20 GIBarekin infektatuta ere bazegoen, eta % 2ri gibeleko transplantea egin zaio edo egiteko itxaroten ari da.  Pazientearen profila dela eta, % 67 gizonezkoa da, eta, batez beste, 55 urte ditu.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzaren inbertsioa, lau urte hauetan, 93 milioi euro baino gehiagokoa da, antibiral berri horiek erosten.

Euskal estrategia hori zenbait irizpidek, jardun-protokolok, esku hartzeko prozedurak eta baliabidek arautzen dute. Horien koordinazioa, kontrola, ebaluazioa eta jarraipena antolaketa-egitura bereziaren bidez egiten da. Antolaketa-egitura horrek honako hauek jasotzen ditu: Zuzendaritza Batzordea; Batzorde Kliniko Asistentziala; eta Gizarte eta Herritarren Parte-hartze Batzordea. Zuzendaritza Batzordeak osasun-jarduketak planifikatzeko eta koordinatzeko ardura du, bai eta aldian behin egoera ebaluatzeko eta Euskadin C hepatitisak duen bilakaerari buruzko analisi proiektiboa egiteko ardura ere. Batzorde Kliniko Asistentzialaren egitekoen artean, honako alderdi hauek daude: asistentzialak, klinikoak, diagnostikoak, terapeutikoak, antolaketakoak eta emaitzen ebaluaziokoak, besteak beste. Azkenik, Gizarte eta Herritarren Parte-hartze Batzordearen zeregin nagusia da CHBaren eramaileek edo beren ordezkariek eginiko proposamen eta ekarpenak jaso, eztabaidatu eta aztertzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau