Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza pozten da Nafarroan gobernagarritasun-akordioa egoteaz

2019.eko uztailak 30

Josu Erkoreka bozeramaileak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoa eskaini du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera.

Nafarroan lortutako gobernagarritasun-akordioari buruz galdetuta, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi du akordioa albiste ona dela. “Pozten gara azken aste hauetako negoziazio biziak Gobernu egonkor baten osaketan amaitu izanaz; hartara, autonomia-erkidego orok aurre egin beharreko erronka sozialei eta ekonomikoei erantzuten hasi ahal izango da”, adierazi du. Era berean, Erkorekak Nafarroako Gobernu berriaren osaera laster ezagutzeko nahia azaldu du, Euskadi eta Nafarroa arteko gai komun guztietan bi erakundeen arteko harremanei berrekiteko.

ETAko kideei egindako omenaldiei buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak gogorarazi du, atzo Lehendakariak egin zuen bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak gisa horretako ongietorriak arbuiatzen dituela eta nabarmendu du gaia etikan eta elkarbizitzan oinarritzen dela. Gainera, Erkoreka sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren jarduna zorroztasunez garatzen dela justizia-auzitegiek definitutako irizpideen barruan.

KULTURA PLANA 2022

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak “Kultura Plana 2022” planaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Zupiria sailburuak azaldu duenez, dokumentuak hiru azpisistematan banatzen ditu kultura-politikak —kultura-sormena, kultura-eskaintza eta memoria bizia—, eta bere proiektu estrategikoen artean hauek lehenesten ditu: Euskal Liburutegia abian jartzea, ikus-entzunezko sektorea bultzatzea, Artearen Euskal Sistema indartzea edo Euskadin egindako kultura nazioartean hedatzea. Era berean, adierazi du Planaren helburua dela “sormen-jarduera eta kultura-kontsumoa bultzatuko duten egitura eta politika publikoak erraztuko dituzten” lan-ildoak identifikatzea eta definitzea.“Kultura-agenteak dira, batik bat, kulturaren protagonistak; erakundeok, gure politiken bitartez, haien sormen-jarduera sustatu eta erraztu behar dugu”, eman du aditzera.

Gainera, Zupiria sailburuak nabarmendu du Plana garatzean kontuan hartu direla bi hizkuntzetarako aukera berdintasuna eta gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna.“Babes eta arreta berezia eskaini behar zaie euskarazko sormenei eta emakumeen sormenari eta ekoizpenari”, erantsi du.

TURISMOAREN EUSKAL LEGEAREN ALDAKETA

Bestalde, Erkoreka sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak turismoaren euskal legea aldatzeko lege-proposamena tramitatzearen aldeko iritzia azaldu duela.Aitzitik, Erkorekak azaldu du Jaurlaritzak Euskadin turismo-egonaldien gaineko beste zerga bat ezartzearen aurkako jarrera duela.Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du euskal sektore turistikoa aho batez azaldu dela horrelako zerga bat abian jartzearen aurka.Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak uste du turismoaren arloko edozein erabaki sektorearekin eta arlo horretan eskumena duten gainerako erakundeekin koordinatuta aztertu behar dela.

EUSKAL MERKATARITZAREN ITUNA

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogorarazi du urte honen hasieran lortu zela “Euskal Merkataritzaren Ituna”, eta itun horren bidez Jaurlaritzak eta merkatarien federazioek erabaki zutela elkarrekin lan egitea, euskal merkataritza sustatzeko proiektuak eta programak abian jartzeko.Itun horren barruan, Erkoreka sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak laguntza-ildo bat onartu duela Merkataritza Federazioen finantzaketa egonkorrerako.“Programa horri esker, Federazioak mantendu ahal izango dira eta haien jasangarritasuna bermatuko da”, adierazi du sailburuak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du, lan-ildo horren barruan, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola txikizkako saltokien prestakuntza eta aholkularitza teknologikorako “EUS-COMMERCE programari”, eta erabaki duela berriro abian jartzea “Merkataritza Bulego Teknikoentzako laguntzen programa”.

Gai ordena

Prentsa-txostena

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ErrekaldeEAJPNV
    2019.eko abuztuak 01

    Comentario de Twitter:
    🔵 Eusko Jaurlaritza pozten da Nafarroan gobernagarritasun-akordioa egoteaz ➡︎ https://t.co/sHGh0AQc7shttps://t.co/RsHfC9NIjy

  • @ErrekaldeEAJPNV
    2019.eko abuztuak 01

    Comentario de Twitter:
    🔵 El Gobierno Vasco celebra que haya acuerdo de gobernabilidad en Navarra ➡︎ https://t.co/Xqbj4dSw8ahttps://t.co/vwiFrxlYqu

  • @Gob_eus
    2019.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    🔵 Eusko Jaurlaritza pozten da Nafarroan gobernagarritasun-akordioa egoteaz ➡︎ https://t.co/oHMTcjJtLY https://t.co/vP1HcpMvtG

  • @Gob_eus
    2019.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    🔵 El Gobierno Vasco celebra que haya acuerdo de gobernabilidad en Navarra ➡︎ https://t.co/ckDHJIUJWp https://t.co/O2IrC95HY9

Ekitaldiko kargudunak