Berriak Hezkuntza
Eu

533 plaza atzerrian ingeles, frantses edo aleman ikastaroak egiteko

2019.eko abuztuak 06
  • Hiru asteko iraupena izan ohi duten ikastaroak dira, 2020ko udan burutuko direnak, eta DBHko zein Batxilergoko ikasleei zuzenduak
  • Egunotan oraindik ere 133 euskal ikasle egonaldia egiten ari dira Irlanda eta Erresuma Batuan, 2018-2019 ikasturteko deialdiaren bidez

Hezkuntza Sailak datorren 2019-2020 ikasturte berrirako ere Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko egonaldietarako deialdia egingo du. DBHko 3. eta 4. mailetako zein Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduriko ikastaro hauek 2020ko udan burutuko dira. Hizkuntza ikastaro eta egonaldiotarako 533 plaza eskaintzen dituen deialdia Gobernu Kontseiluaren azken bileran onartu zen, uztailaren 30ean.

2019ko uda honetan ere, 533 euskal ikaslek hizkuntzak ikasteko egonaldi hauetan parte hartu dute, edo parte hartzen ari dira egunotan oraindik, 2018-2019 ikasturteko deialdiari esker. Horrela bada, 20 ikaslek egin dute dagoeneko hiru asteko egonaldia Alemanian; beste 50 Frantzian izan dira; 198 euskal ikasle Irlandan; eta Erresuma Batuan berriz, 265 gaztek jaso dute ikastaroa. Dena den, ikasle horietako asko Irlandan eta Erresuma Batuan dira egunotan oraindik: 58 euskal ikasle Dublinen daude abuztuaren 21era arte, eta beste 75 Ingalaterrako Peterborough, Nottingham eta King`s Lynn hirietan, abuztuaren 22an etxera itzultzeko.

Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturteko lehen hiruhilekoan irekiko du 2020ko udako ikastaroetarako izena emateko epea. 533 plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak, honako hauek dira:

  • Aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana) gutxienik 7 puntuko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean.
  • Aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana.
  • Ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan.
  • Ikasleak 2020an gehienez ere 19 urte betetzea.

Hezkuntza sailak 847.038 euro bideratuko ditu deialdi honetarako. Egonaldi bakoitzak, ondorengo gastuak hartzen ditu barnean: joan etorriko bidaia, Euskadiko hiru hiriburuetatik egonaldia burutuko den herrialdeko hiriraino; bidaia asegurua; matrikula eta ikasketa materiala; ostatua; jatorduak; eta ikastaroa burutuko den ikastetxerainoko hiri-garraioa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak