Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak poliziaren koordinazio, informazio eta jarraipenerako zentro bat aktibatuko du Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan, G-7aren goi-bilera dela-eta

2019.eko abuztuak 21

Trafikoari buruzko gorabeherak eta larrialdietako zerbitzuak Txurdinagatik kudeatuko dituzte

 

Oiartzun, 2019ko abuztuak 21

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak herritarren segurtasunean izan daitezkeen eraginak koordinatzeko, horri buruzko informazioa emateko eta jarraipena egiteko Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan eratu den polizia-jarraipenerako mahaia bisitatu du. Trafikoko gorabeheren jarraipena eta, behar izanez gero, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuen mobilizazioa Txurdinagako Trafikoa Kontrolatzeko eta Kudeatzeko Zentroaren egoitzatik eta SOS-Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik egingo dira.

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia hedabideen aurrera agertu da gaur, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Ertzaintzaren buru Josu Bujanda superintendenteak lagunduta, goi-bilera dela-eta abian jarriko den segurtasun-dispositiboaren eta Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan polizia-jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko aktibatuko den mahaiaren berri emateko.

 

Biarritzen abuztuaren 23tik 26ra egingo den G-7aren goi-bilerak eta udako itzulera-operazioak bat egingo dutenez, ibilgailuen joan-etorririk handiena izaten den asteburu honetan –egunean 30.000 inguru– trafikoan gorabehera handiak izango direla aurreikusten da, eta Trafiko Zuzendaritzak, beraz, plan operatibo bat aktibatu du egoerari aurre egiteko.

 

Frantziako agintariek areagotu egingo dituztenez segurtasun-kontrolak eta muga une batzuetan itxi egingo dutenez, Trafiko Zuzendaritzak behin berriro ere gomendatu du abuztuaren 23tik 26ra bitartean Euskadiko mugako pasabidea saihesteko, udako irteera eta itzulera operazioa aurkeztu zenetik egin duen bezala. Horretarako, 90.000 liburuxka argitaratu ditu lau hizkuntzatan, gidariei jakinarazteko abuztuaren 23tik 26ra bitartean Biriatuko ordainlekua saihestu behar dutela. Liburuxkak Bidegiko zerbitzuguneetan eta ordainlekuetan banatu dira, bai eta Marokorako tiketak saltzen diren puntuetan ere.

 

 

Era berean, zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan indartu egin da informazio-seinaleztapena, eta informazio-prozedura berezia artikulatu da autopista eta autobideetako mezu aldagarriko paneletan, @trafikoaEJGV twitter-kontuan eta web-orrian. Era berean, erabiltzaileei zuzendutako arreta indartu da eguneko 24 orduetan operatibo egongo den 011 informazio-telefonoaren bidez, eta trafiko-murrizketen ondorioak jasango dituen garraio-sektoreari abuztuaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jasotako neurrien berri emateko kanal bat zabalik dago (https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2019/08/1903787a.shtml).

 

Bestalde, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak diseinatu duen larrialdietako planean hainbat trafiko-egoera aurreikusi dira dagozkion neurriak hartzeko, esate baterako, larrialdietarako korridoreak, ibilgailuak pilatzeko guneak edo larrialdiei aurre egiteko eremuak egokitzea. Larrialdiak koordinatzeko SOS-Deiak 112 zentroa arduratuko da tartean diren eragile guztiak, hau da, DYA, Gurutze Gorria, suhiltzaileak, Osakidetzako larrialdiak, Babes Zibileko Boluntario Elkarteak eta abar, bai eta udalak eta erakunde ezberdinak ere, koordinatzeaz.

 

Bestalde, Segurtasun Sailak polizia-jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko zentro bat aktibatuko du Oiartzunen. Zentro hori etengabe harremanetan egongo da Hendaiako CCPArekin, Irungo Ertzain-etxearekin eta Gipuzkoako gainerako ertzain-etxeekin, Irungo eta Hondarribiko udaltzaingoekin, eta Txurdinagako SOS-Deiak Koordinazio Zentroarekin eta Trafikoa Kontrolatzeko eta Kudeatzeko Zentroarekin.

 

Oiartzungo jarraipen-mahaia Segurtasun Saileko arduradunek, Ertzaintzaren buruak, Gipuzkoako lurralde-buruzagitzak eta ekitaldian esku hartuko duten Ertzaintzako unitateen arduradunek osatuko dute. Jarraipenerako mahai horretan Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, Nafarroako Foru Poliziako eta Irungo Udaltzaingoko kideek eta Frantziako Poliziaren ordezkariek ere parte hartuko dute.

 

Biarritzen G-7ak egingo duen goi-bilera dela-eta diseinatu den eta ezarriko den operatibo bereziaren helburua da bertan parte hartzen duten guztien edo goi-bilerarekin lotuta programatutako jardueren ondorioak jasango dituzten guztien segurtasun publikoa eta bide-segurtasuna bermatzea.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko abuztuak 22

    ¿Por qué se utiliza la bandera propia de la Ertzaintza sin que esté junto a ella la de España, si la ley 39/1981 de uso de banderas, artículo quinto, obliga a la presencia de la de España cuando cualquier Corporación pública utilice su propia bandera?
    https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1981-26082

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda