Eu

Abuztuan erregistratutako langabeziak eta iraupen luzeko langabeen bilakaera onak bestelako egoerak erakusten dituzte

2019.eko irailak 03
  • Abuztuan, oporretako hilabetean, 116.078 langabe egon dira, uztailean baino 2.994 gehiago.
  • “Arreta berezia eskaini behar zaio iraupen luzeko langabeen bilakaera positiboari; izan ere, bilakaerak ona izaten jarraitzen du, abuztuan iraupen luzeko langabeziak behera egin baitu, 687 pertsona gutxiago”.
  • Artolazabal: “abuztua ez da hilabete egokia enplegurako, udaro egiaztatzen den bezala; abuztuan, jarduerak behera egiten du, batik bat industriaren eta zerbitzuen sektoreetan”.
  • “Bada positiboa langabeziaren urteko murrizketaren bilakaera: gaur, Euskadik, duela urtebeteko egoeraren aldean, 7.528 langabe gutxiago ditu. Duela hiru urte baino 27.000 gutxiago”.

VG 2019 09 03

2019ko abuztuan, oporretako hilabetean, langabe-kopuruak gora egin du autonomia-erkidegoan (% 2,65), eta 116.078 dira guztira, uztailean baino 2.994 gehiago. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau esan du: “abuztua ez da hilabete egokia enplegurako, udaro egiaztatzen den bezala; abuztuan jarduerak behera egiten du, batik bat industriaren eta zerbitzuen sektoreetan. Ordea, bada positiboa langabeziaren urteko murrizketaren bilakaera: gaur, Euskadik, duela urtebeteko egoeraren aldean, 7.528 langabe gutxiago ditu.  Duela hiru urte baino 27.000 gutxiago”.

Era berean, Artolazabalen iritziz, “arreta berezia eskaini behar zaio iraupen luzeko langabeen bilakaera positiboari; izan ere, bilakaerak ona izaten jarraitzen du, abuztuan iraupen luzeko langabeziak behera egin baitu (687 pertsona gutxiago) eta iraupen laburrekoa egonkor mantentzen baita”.

“Abuztuko oporretako hilabeteko datuak gorabehera, langabezia murrizteko urteko joera positiboa da, eta guztion artean sustatzen jarraitu behar dugu, prestakuntza gehiagorekin eta iraunkorrarekin eta gure gizarte osoaren konpromisoarekin: enpresak, gizartea eta erakundeak. Ohiko jarduerak itxaropenak ekarri behar ditu enplegurako Euskadin eta langabezia % 10etik behera egotea lortu behar du; guztiok gaude eginkizun horretan murgilduta”, esan du Artolazabalek.

Abuztuan bilakaera txarrena duten pertsonen profila honako hau da: gizona, 25 eta 34 urte bitartekoa, industriakoa. Urteko erreferentzian, murrizketa nabarmena antzematen da iraupen luzeko kolektiboan (% 12,47), eta iraupen laburrekoa egonkor mantentzen da, igoera txiki batekin (+% 0,28). Iraupen luzeko langabeziaren portaera on horrek adierazten du suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaiela langabe kronifikatuenei.

Abuztuan, kontratazio-bolumenak beheranzko zuzenketa izan du, aurreko hilaren aldean; ondorioz, pisua galdu da, halaber, iazko abuztuan ikusitakoaren aldean. Kontratazio-bolumenak % 28,34 egin du behera aurreko hilaren aldean, eta % 2,2, 2018ko abuztuaren aldean, aurreko urteko abuztuan baino % 0,37ko urteko metatu handiagoarekin.

Abuztuko kontratu mugagabeen ehunekoa aurreko hilekoa baino 0,5 puntu baxuagoa da eta iazko abuztukoa baino 0,7 hamarren baxuagoa. Mugagabeen metatuak 53.238 izan dira, aurreko urtean baino % 6,38 gutxiago. Manufaktura-industriak, ostalaritza, merkataritza eta hezkuntza dira abuztuan beherakada gehien duten jarduerak. Urteko bilakaeran, sanitarioen eta gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren eta zerbitzu zientifiko eta teknikoen portaera ona nabarmentzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak