Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkulluk: "Prestakuntza gehiago, kalitateko enplegu gehiago formula eraginkorra da, bereziki gizarte-bazterketako egoeran bizi diren pertsonak integratzeko”

2019.eko irailak 06
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, Gaztaroa Sartu kooperatiba bisitatu du Miribillan; kooperatibak gizarte-desabantailako edo bazterketako egoeran dauden pertsonen inklusioa du helburu
  • Gaztaroak 6.000 pertsonari ematen die arreta urtean, Gizarte Zerbitzuetatik eta Lanbidetik bideratuta

Iñigo Urkullu Lehendakariaren iritziz, “’prestakuntza gehiago, kalitateko enplegu gehiago’ formula eraginkorra da, bereziki gizarte-bazterketako egoeran bizi diren pertsonak integratzeko”. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Karmele Artarazekin batera, Lehendakariak, gaur goizean, Gaztaroa Sartu kooperatiba bisitatu du, Bilboko Miribilla auzoan; kooperatiba irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta gizarte-desabantailako edo bazterketako egoeran dauden pertsonen inklusioa du helburu. Kooperatibak, urtean, batez beste, 6.000 pertsonari ematen die arreta, funtsean Gizarte Zerbitzuetatik eta Lanbidetik bideratuta.

Gaztaroa Sartuk honako arlo hauetan eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutu ditu Urkulluk: enplegurako orientazioa eta prestakuntza; gizarte- eta osasun-tailerrak eta gizarte- eta hezkuntza-tailerrak; informatikako gela, eta garbiketako edo sukaldaritzako tailerrak. Urkulluk, bestalde, eskerrak eman dizkie ikastaro horietako hezitzaileei eta parte-hartzaileei, beren inplikazioagatik. Ekitaldian, Lide Amilibia eta Marcos Muro Gizarte Politiketako eta Enpleguko eta Gazteriako sailburuordeek ere parte hartu dute, bai eta Juan Ibarretxe zinegotziak eta Teresa Laespada foru-diputatuak ere.

“Neu ere harro nago proiektu honetan parte hartzearekin. Gure herrialdeak zailtasunak ditu, zalantzarik gabe, baina “ahalik eta gehien eta ahal den guztia” egiten saiatzen da, inor atzean gera ez dadin. Euskal gizarteak eta erakundeek, jasan ditugun krisi ekonomiko gogorraren eta langabezia-tasa handien uneetan ere, egoerari aurre egin eta erantzuteko gaitasuna erakutsi dute”, azpimarratu du Lehendakariak.

Gaztaroa Sartu 80ko hamarkadaren erdialdean sortu zen; gizarte-ekimena da eta irabazi-asmorik gabeko erakundea. Erakundeekin dihardu lankidetzan, partekatzen duten helburuari erantzuteko. Iñigo Urkulluk honela definitu du: “auzolana, herrialde gisa harrotasuna eragiten digun lan-eredua. Elkarrekin baliabide pribatuak eta erakunde-baliabideak batu ditugu, eta Europako funtsetara ere jo dugu. Elkarrekin prestakuntzaren eta enpleguaren bidez pertsona asko orientatzea eta integratzea lortu dugu. Hori da hirugarren gizarte-sektorearen funtsa, ondasun erkide bati erantzuteko lankidetzan jarduteko gaitasuna: prestakuntza, integrazioa eta enplegua”.

Lan- eta gizarte-integrazioa

“’Ahalik eta gehien eta ahal den guztia’” egiten jarraituko dugu, prestakuntzaren eta lan-integrazioaren bidez horretan laguntzeko. “Prestakuntza gehiago, kalitateko enplegu gehiago” formula eraginkorra da. Prestakuntzaren arrakastaren zati handi bat zuotako bakoitzaren esku dago. Erakundeok eta kooperatibak baliabide eta bitartekoak jarriko ditugu, baina prestakuntza zuon ahaleginaren eta norberaren sakrifizioaren esku dago”, azpimarratu du Lehendakariak.

Bestalde, Karmele Artaraz Gaztaroako zuzendari kudeatzaileak eskerrak eman dizkie Lehendakariari eta Beatriz Artolazabali, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari ere, lokala lagatzearren eta laguntza ekonomikoa ematearren; “horrek erakusten du gizartean esku hartzeko sektoreko erakundeekiko lankidetza publikoak emaitzak dakartzala”.

“Gure lanaren xede diren pertsonen ezaugarriak antzekoak dira: egoera ekonomiko ezegonkorra, laguntza-sare gutxi, lan-merkatuko eskariekin bat ez datozen prestakuntza eta trebakuntza eta defizitak etxebizitzaren eta osasunaren eremuetan eta eremu pertsonalean. Gizarte-ekimeneko kooperatiba gara; Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan dihardugu lanean, eta Bizkaiko gainerako udalerrietara ere bagaude zabalik; gizarte-arloan esku hartzeko sektorearen barruan gaude. Kooperatiba bere bazkideen lanean oinarritzen da, eta bazkide gehienak emakumeak dira; halaber, egiten dugun lanean ere oinarritzen da, eta bokazio-osagai sendoa du eta, batik bat, bazterketako eta gizarte-desabantailako egoerei erantzuteko ardura”, esan du Artarazek.

Zerbitzuak

Gaztaroako zuzendariak zenbait programa eta zerbitzu aipatu ditu, ibilbide gisara; “haiek pertsonak jardueretan igaro ahal izateko programa eta zerbitzuak dira, besteak beste honako egoera hauetan: inklusiotik urruneko egoera, erabateko inklusio-egoerak, pertsonarekin bere ibilbidea adosteko hasierako harrera, laneratzeko eta gizarteratzeko ditugun enpresetako batean kontratu babestuko esperientzia, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko jarduerak, trebakuntza ematen duen prestakuntzako jarduerak eta enplegurako orientazio-jarduerak. Urtean, 6.000 pertsonari ematen diegu arreta, eta gizon eta emakumeen ehunekoa antzekoa da”.

Artarazen hitzen arabera, “gizarte-inklusioko prozesuak, bestalde, ez lirateke posible izango, pertsonek inplikatu eta ahalegina egingo ez balute; izan ere, dauzkaten zailtasunak eta bizi dituzten egoerak gorabehera, ahalegin handia egiten dute prestakuntza jaso eta bizi dituzten egoerak gainditzeko. Une latzak bizi dituzte; beraz, aukerak izatea merezi dute”.

Gaztaroa irabazi-asmorik gabeko erakundea da; 1986tik dihardu lanean, eta bere helburua gizarte-desabantailako egoeran, bazterketa-egoeran edo egoera horietan egoteko arriskuan dauden pertsonen inklusioa da. 2013ra arte, irabazi-asmorik gabeko erakundea izan zen, eta, harrezkero, lan elkartuko eta gizarte-ekimeneko kooperatiba bilakatu zen; Bilbon du egoitza, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan.

Honako profil honetako pertsonekin lan egiten du: emakumea (% 49) eta gizona (% 51), 26 eta 50 urte bitartekoa, Bilbo bizileku duena, atzerriko etorkinak (% 33) eta gizarte-laguntzen hartzaileak gehienak (% 23), bai eta familia-erantzukizunak dituzten emakumeak, gutxiengo etnikoetako pertsonak, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, minusbalia-motaren bat duten pertsonak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak ere.  Ikasketak direla eta, lehen mailako ikasketak dituzten pertsonak dira.

Gaztaroak atzerrian homologatu gabeko ikasketak dituen pertsona-kopuru handia du. Jatorria dela eta, funtsean oinarriko gizarte-zerbitzuek bideratzen dituzte (% 30), Lanbidek (% 35), beste erabiltzaile batzuek (% 10) eta, gainerakoak, gizartean esku hartzeko eremuko beste erakunde batzuek. Lan-egoera dela eta, oso iraupen luzeko langabeak dira, eta 45 urtetik gorako langabeak, gehienak.

Gaztaroak egiten dituen jarduerak Eusko Jaurlaritzak, Lanbidek, Europako Gizarte Funtsak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta beste udalerri eta mankomunitate batzuek finantzatzen dituzte.  Ibilbideak garatzen ditu pertsonekin harreratik (diagnostiko eta ibilbide partekatua); bertan, pertsonekin beren helburua zein den eta helburu hori betetzeko zer jarduera egingo den lantzen da. “Helburu horrek, batzuetan, zerikusia du enpleguarekin eta, beste batzuetan, ez; beste batzuetan zerikusi gehiago du bizi-kalitatea hobetzearekin, bizi-baldintzak hobetzearekin eta beren hurbileneko ingurunean gizarte-inklusio normalizatuko parametroan mantentzearekin”, esan du Artarazek.Giltzarria

Gaztaroak jarduerak garatzen ditu enpleguaren eremuan, lan-inklusiorako helburuarekin, eta gizarte-eremuan, gizarte-inklusiorako. “Bi sistemen arteko giltzarri” gisa definitzen da; “pertsonak batetik bestera igaro daitezen sustatzen du; laguntzaren metodologiarekin lan egiten du 2001etik; bertan, pertsona da bere inklusio-prozesuaren protagonista eta bertan pertsonak berak markatzen duen erritmoan egokitzen dira jarduerak eta denborak, denboran iraungo duten arrakasta-prozesuak bermatzeko.

Gaztaroak honako jarduera hauek egiten ditu: gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea, banakoa eta taldekoa; enplegurako orientazioa; enplegurako prestakuntza; proiektu bereziak; Europako proiektuak; gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen sustapena. Halaber, gizartean esku hartzeko sektoreari dagozkion hainbat saretan parte hartzen du, besteak beste: EAPN (pobreziaren aurka borrokatzeko sarea); GIZATEA (gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen elkartea) eta, bertan, presidentetza dugu; ZERBIKAS (ikasketa eta zerbitzu solidarioa) eta, bertan, zuzendaritza-batzordeko kide gara; REAS (ekonomia alternatiboaren eta solidarioaren sarea); FIARE banka etikoko proiektuari laguntza emateko elkartea eta, bertan, zuzendaritza-batzordean parte hartzen dugu; Aldauri fundazioa (Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak sustatzeko) eta, bertan, patronatuko kide gara.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak