Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek 2019-2020 ikasturteari hasiera eman dio Barakaldon

2019.eko irailak 09
  • 400 ikasle inguruk hasi dute ikasturtea Euskadin, aurreko urtean baino 487 gutxiagok

Lehen eskola eguna izaki, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio gaur goizez 2019-2020 ikasturteari, Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxera egin duen bisitarekin. Barakaldoko alkatea, Amaia del Campo, eta Hezkuntza Saileko nahiz ikastetxeko bertako arduradunak lagun zituela, aurten 530 ikasle pasatxo izango dituen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko honetako zenbait gela bisitatu ditu sailburuak lehenik, eta ikasturte hasierako daturik esanguratsuenak nahiz berritasun nagusiak ezagutarazi, ondoren.

Astelehen honetan eskolara hasi dira Euskadiko unibertsitatez kanpoko mailetako 374.470 ikasle. Datu honek, iazkorekiko jaitsiera apala esan nahi du (%0,13 gutxiago). Jaiotze tasaren jaitsierarekin, beherakada Haur Hezkuntzan gertatzen da batik bat (1.795 ikasle gutxiago), aurreko ikasturteetan gertatu den legez. Baina ikasturte berri honetan beherakada Lehen Hezkuntzan ere suma daiteke, aurreko urtean baino 1.018 ikasle gutxiagorekin.

Seme-alabak eskolatzeko familiek hautatzen duten sareari dagokionez, sare publikoa nahiz itunpeko pribatuaren arteko orekak Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri izaten jarraitzen du, sare publikoaren aldeko hautua erdiek baino gehiagok egiten duten arren. Familien %50,8k sare publikoa aukeratzen dute, eta gainerako %49,2k itunpeko edo pribatua. Hizkuntza ereduei begira jarrita berriz, azken urteetako joerak bere horretan dirau: D eredua da ikasleen gehiengoak hautatzen duena, eta Haur Hezkuntzan hazten jarraitzen du: 3tik 5 urtera bitartean, eredu hau 0,7 puntu hasi da, eta lehen aldiz %80ko portzentajea gainditu du (%80,4). B eredua %16,1ek hautatzen dute, ea A eredua berriz familien %3,5ek, aipaturiko adin tartean.

Lanbide Heziketa

Cristina Uriarte sailburuak Lanbide Heziketako lehen matrikula datuak ere aurreratu ditu. Goranzko joerak jarraitzen du Lanbide Heziketan. Dagoeneko matrikula egin duten 39.771 ikasleak iaz garai berean baino 858 gehiago dira. Dena den, aintzat hartuz gero datu horretan ez direla zenbatzen Urrutiko Lanbide Heziketa edo eskaintza partziala hautatu duten ikasleak, eta gainera Lanbide Heziketan matrikula epea urrian ixten dela, Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da ikasturte honetan matrikula kopuruak 42.000 lagunetik gorako kopurua gainditu dezakeela.

Lanbide Heziketan, euskaraz egiten diren ikasketan ere igoera esanguratsua ikus daiteke. Azken urteetan D ereduak hazkunde apala izan du, baina igoerarik aipagarriena B ereduan gertatu da: 2015-2016 ikasturtean 811 ikasle ziren eredu horretan, eta ikasturte berrian aldiz, 7.830 matrikulatu dira B ereduan. Bi ereduen arteko batura (B+D) eginez gero, duela bost urte ikasleen %25 ziren euskaraz ikasten zutenak Lanbide Heziketan; ikasturte honetan berriz, batura hori Lanbide Heziketako ikasleen %42ra iritsiko da.

Hezkuntza-azpiegitura berriak

Hastera doan ikasturte honetan ere hezkuntza-azpiegitura berriak abian jarriko dira, izan berehalakoan edo ikasturtean zehar. Ikasturtea hasteaz bat ateak irekiko dituzte Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren eraikin berriak, eta Arroako (Zestoa) eskola txikiarenak. Datozen hilabeteetan, beste lau eraikin berri ere abian jarriko dira: Iruarteta HLHI, Bilbon; Errekabarri HLHI, Gasteizen; eta Oikia (Zumaian) zein Alkizako eskola txikien eraikin berriak.

Enplegurako Eskaintza Publikoari dagokionez, ikasturte honetan ere burutuko da lan eskaintza bat, Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendua. Era honetan, Hezkuntza Sailak legealdi honetan urtero Lan Eskaintza Publiko bat deitzeko hartu zuen konpromisoa betetzen da. Era berean, aipagarria da ikasturte hasiera honekin hasi direla dagoeneko lanean udan burutu den azken Lan Eskaintza Publikoaren bidez plaza eskuratu duten 1.825 maisu-maistrak, Haur eta Lehen Hezkuntzan.

2019-2020 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian, Cristina Uriartek hizpide izan du Hezkuntza Saila lantzen ari den Hezkuntza Lege berriaren proiektua ere. Datozen hilabeteetan aurkeztuko da proiektu hori Gobernu Kontseiluan. Lege proiektu honek erreferentziatzat hartu ditu, batetik, “Akordioaren Oinarriak” dokumentua, Legebiltzarrean eztabaidatu eta onartua, eta Euskadin datozen urteetarako bilatzen den hezkuntzaren inguruko oinarri bat jasotzen duena; eta bestetik, Hezkuntza Sailak berriki gure hezkuntza sistemaren inguruan egin duen diagnostiko sakona. 

Uriarte sailburuak azaldu duenez, “Hezkuntza Saila Gobernu honen zutabe nagusietako bat da, eta gure konpromisoek, lehen unean hauteskunde-konpromiso zirenak baina gerora gobernu-konpromiso bihurtu direnek, legealdiko konpromiso horiek, agerian uzten dute hezkuntzari ematen diogun lehentasuna. Azken urteotan urrats berriak egin ditugu, eta hartutako konpromisoak bete ditugu. Bide horretan jarraitzea da gure asmoa. Gure hezkuntza sistema egokitzen eta hobetzen jarraitzeko pausoak ematen jarraitu beharra dugu. Betiere interes partekatua abiapuntu hartuta, hau da, hezkuntza sistema hobetzea oinarrian dela, auzolanean”.

Euskal Eskola Publikoaren Legea eguneratu beharraz ere aritu da Uriarte. “Egungo legeak indarrean daramatzan 26 urteetan, aldaketa asko gertatu dira: teknologia berriak txertatzea, ikasketa eta irakaskuntza prozesuko aldaketa metodologikoak, edo gizarte osaera bera ere nabarmen aldatu da. Begi bistakoa da azken urteetan errealitate soziala nabarmen aldatu dela. Gure hezkuntza-sisteman, beste errealitate sozial eta kultura batzuetako ikasleak ditugu. Beste herrialde batzuetakoak. Eta gure hezkuntza-sisteman parte hartzen dutenean, gure parte dira. Batasun bat osatzen dugu”.

Ildo horretan, ikasturte honetan abian jarriko dira beste zenbait ekimen, aniztasunari arreta egiteko lanean aurretik bultzatzen ari zirenen osagarri. Horietako bat Eusle programa da. Ikasle iritsi berri asko dituzten ikastetxeetan jarriko da abian programa hau, euskarazko komunikazioan lortu beharreko konpetentziaren garapena areagotzeko. Era horretan, konpetentziak behar bezala garatzeko beharrezkoa den oinarria bultzatuko da. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrerako ikasleei zuzenduko zaie, DBH osoa barne.

Lau ikastetxe hauetan abiatuko da Eusle: Tomas Camacho HLHI (Bilbo); Urkizu HLHI (Eibar); Eibar BHI; eta Samaniego IPI (Gasteizen). Ikastetxe hauetan pilotaje bat egingo da bi ikasturtetan. Ebaluazioa egingo da ondoren, programak izango duen ibilbidea erabakitzeko. Asmoa da denborarekin esperientzia hori hezkuntza sistema osora zabaldu ahal izatea.

Ikasturte honetan abian jarriko den beste jardueretako bat Magnet-Erakarri ekimenaren pilotajea izango da. Gizarte aniztasun handia duten eta zenbaitetan inguruko familientzat erakargarri gertatzen ez diren ikastetxeetara zuzendua izango da. Ekimen hau lau ikastetxetan abiatuko da: Angel Ganivet HLHI (Gasteizen); Pedro Ignacio Barrutia HLHI (Gasteizen); Basurto HLHI (Bilbon), eta Elgoibar HLHI.

Ekimen honen asmoa da, ikastetxe horiek dinamizatu eta biziberritu, eta horiei prestigioa ematea, ospe eta izen handiko zenbait erakunde lagun dituztela. Ikastetxeak, erakunde horiekin batera, beren inguruan erreferentzia izango diren ikastetxe bihurtzeko arituko dira lanean. Hainbat programaren bidez, ikastetxeak eta erakundeak indarrak batuko dituzte hezkuntza komunitatearen alde. Lankidetzan arituko diren erakundeen artean daude: Makina Erremintaren Institutua (IMH), Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartearekin (AFM) batera; Gasteizko Artium Museoa; UPV/EHUko Farmazia Fakultatea; eta EiTB.

Horrez gain, ikasgeletan STEAM Estrategia ezartzen ere jarraituko da. Estrategia hau Hezkuntza Sailaren lehentasunetako bat da, helburu hau duela: zientzia, teknologia, ingeniaritza zein matematika arloen ezagutza bultzatzea, betiere arte eta humanitateei uztarturik. Gainera, estrategia honek arreta berezia jartzen dio neskak hezkuntza zientifiko-tekniko horretara hurbiltzeari. Estrategia honen baitan lantresna berri bat prestatzen ari da, atari digital berri bat, ikastetxeei nork bere STEAM planak eta jarduerak diseinatzen lagunduko diena. STEAMGUNEA izena hartuko du.

Ikasturte berrirako ekintzen artean, Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Arreta emateko Plana abian jartzea ere badago. Hezkuntza Sailak joan zen ekainean aurkeztu zuen plan hau. Erreminta espezifikoen bidez, kasuak hobeto eta lehenago atzematea du helburu plan honek, horrela ikasle horiei ikasketa maila bakoitzean behar duten laguntza eman ahal izateko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IkaslanBizkaia
    2019.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ 374.470 ikasle inguruk hasi dute ikasturtea Euskadin, aurreko urtean baino 487 gutxiagok ➡︎ https://t.co/pe70ZTBzOI https://

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Amaia del Campo, Barakaldoko alkatea