Eu

Espainiako eta Frantziako estatuei Korridore Atlantikoa amaitzea exijitzeko eskatu dio Tapiak EBri

2019.eko irailak 10
  • Euskadik Arku Atlantikoko batzordearen Garraio taldearen saioa jaso du lehen aldiz, joan den ekainean Bruselan batzorde horren gidaritza bereganatu ondoren
  • Eusko Jaurlaritza eskualdeen arteko lankidetzaren alde agertu da, akordiorik gabeko Brexit aukeraren aurrean, zalantzaz beteta dagoen testuinguruan, muga berriak sortzea saihesteko
  • Espainiako Estatuak bultzatu dituen azpiegituren plangintza eta programazio politikek ez diote korridoreen lehentasunezko izaerari erantzun, “epe laburreko ikuspegiei eta interes klientelistei baizik”

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Espainiako eta Frantziako estatuei Trenbide Korridore Atlantikoa amaitzea exijitzeko eskatu dio Europar Batasunari. 1994an Essen-en egin zen Europako Kontseiluak, hazkundea, lehiakortasuna eta enplegua bultzatzeko Europa barruko sareen lehentasunezko lehenengo 14 proiektuak zehaztu zituen, “eta 25 urte igaro dira jadanik”, gogorarazi du Tapiak. “Baina, zoritxarrez, gaur egun lehentasunezko sare horiek osatzetik urrun gaude”, esan du. “Sare horiek ez dute markatutako erritmoan egin aurrera, eta ezin dute atzerapen gehiago metatu”, adierazi du. Hori dela eta, Europak “hori guztia kontuan hartu beharko du eta estatuek Batasunaren konpromisoak bete ditzaten beharrezkoak diren neurriak martxan jarri”.

Arantxa Tapiak, joan den ekainean Euskadik Bruselan batzorde horren gidaritza bereganatu eta gero Arku Atlantikoko batzordearen Garraio taldearen lehenengo saio gisa Bilboko Portuan egin den ‘For a stronger Atlantic connectivity’ jardunaldiaren amaierako hitzaldian egin ditu adierazpenak. Topaketan, Vanessa Charbonneau Arku Atlantikoko batzordearen arduradunak, Carlo Secchi Arku Atlantikoko batzordearen koordinatzaileak, Izaskun Bilbao EBko Garraio Batzordeko europarlamentariak, eta Antonio Aiz Garraio eta Azpiegitura Sailburuordeak hartu dute parte, besteak beste.

CRPM Arku Atlantikoko batzordeak Atlantikoko Lurraldeak ordezkatzen ditu, eta Estrategia Atlantikoaren Garapenean (GEA) hartzen du parte, kide diren estatuekin (Portugal, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua eta Irlanda) eta Europar Batzordearekin batera.

Sailburuak “esfortzuak bateratzeko” eta “Arku Atlantikoa osatzen dugun lurraldeon artean lankidetza estuagoa ezartzeko” deia egin du, “Europaren eta estatu kideen aurrean fronte komuna osatzeko”. Horrela, gehitu duenez, “gure proiektu politiko komuna, ikuspegi hirukoitzean oinarrituta konektatuta egongo den Korridore Atlantikoa edukitzea izan beharko da: ingurumen, ekonomia eta gizarte ikuspegitik”. “Garraioak eta mugikortasunak oso leku garrantzitsua betetzen dute gero eta jasanezinagoa den joera aldatzeko”, laburbildu du.

Bere hitzaldian, Tapiak lau lehentasun identifikatu ditu:

  • Dagoeneko hasita dauden lehentasunezko korridoreak amaitzea, “beraien exekuzio prozesuan atzerapen izugarria baitute”. Bere iritziz, “ezinezkoa da gaur egun oraindik trenbide mugak egotea eta, ondorioz, estatuen arteko interoperabilitatea ere bermatu behar da, trenbide zabalera bera, segurtasun sistemak… ezarriz”. Esan duenez, “ezinezkoa da gutxieneko errentagarritasun ekonomiko irizpideei erantzuten ez dieten trenbide sareetako inbertsioak orokortzea. Ezin da erabiltzailerik ez duten abiadura handiko geltokiak edo gutxieneko eskaria ez duten abiadura handiko lineak eraikitzea onartu”, salatu du.
  • Intermodalitatea bultzatzea, hau da, errepideko trafikoak trenbidera bideratzeari buruzkoa. “Premiazkoa da lotura atlantikoko botila lepoak ezabatzea eta pertsona eta merkantzia trafikoak trenbidera bideratzea. Ezin ditugu askoz denbora gehiagoz jasan mugan jasaten ditugun pilaketak eta kolapsoak”. Espainiako estatuko Sustapen Ministerioak egin zuen azterlanak erakusten duenez, Gasteizetik Paris iparraldera joango litzatekeen trenbideko autopistak 1.400 ibilgailu astun baino gehiago garraiatuko lituzke zerbitzuen hasieran.
  • Trenbidea-portua konexioak bultzatzea. Itsasoko eta trenbideko trafikoaren arteko intermodalitatea. Atlantikoko Abiadura Handiaren ezarpena lotuta egon beharko da, ezinbestean, gertueneko portuekin.
  • Arku Atlantikoko eskualdeen eta lehentasunezko korridoreen arteko konexioa bultzatzea. Lehorreko ahalmen handiko garraioaren alorrean, pertsonei zein merkantziei dagokienez, trenbidea, mugikortasunaren oinarri izango den “ardatz egituratzaile” gisa ulertu behar da. “Lehentasunezko sareak osatu behar ditugu eta, CORE sare nagusia amaituta dugunean, eskualde ezberdinekin ezarri beharreko konexioak sustatu. Alde guztietara heltzeko kapilarizatzen den arteria balitz bezala, maila anitzeko trenbide sarea osatuz”, azaldu du Tapiak.

Lehentasunak identifikatu ondoren, estatu kide batzuk “guztiz alderantzizkoa ari direla egiten” kritikatu du sailburuak. Puntu horretan, bere iritziz “oso akats larria dira gure kasuan Espainiako Estatuak bultzatu dituen azpiegituren plangintza eta programazio politikak. Ez diete benetako behar justifikatuei, ezta Europako igarobideen lehentasunezko izaerari ere erantzuten, epe laburreko ikuspegiei eta Estatuak alor horretan dituen inbertsioen interes klientelistei baizik”.

Espainiako estatua, mundu osoan abiadura handiko sarea gutxien erabiltzen den herrialdea da, sare horiei dagokienez kilometro gehien dituen bigarrena den arren, Txinaren ondoren. Sailburuak galdegin du ea “gai izango ote garen abiadura handiko lineak modu diskriminatu gabean sustatzeko joera gainditzeko” eta euskal Y-ari dagokionez aurreratu du “garaia dela obra eta atzerapenez hitz egitetik uzteko, eta zerbitzuari buruz hitz egiten hasteko, lerroaren esplotazioari eta kudeaketari buruz”.

Beste alde batetik, Arantxa Tapiak itxaropena ere aipatu du, Brexitari dagokionez arrazoia eta akordiorako borondatea nagusituko diren itxaropena, alegia. Edozelan ere, lurraldeen arteko lankidetza estuaren alde agertu da, muga berriak sortzea saihesteko, akordiorik gabeko Brexit posiblearen aurrean zalantzaz betetako testuinguruan. “Etorkizuna ezin da igaro Arku Atlantikoan muga artifizialak sortzetik”. Horri kontrajarrita, defendatu duenez, “Europaren benetako eraikuntza Europa barruko sareak osatzetik igarotzen da, lurraldeak eta herriak elkarrekin lotu ahal izateko”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlo Secchi (coordinator of the Atlantic Corridor), Vanessa Charbonneau (chair of the Atlantic Arc Commission), Izaskun Bilbao (EBko Garraioetako Batzordeko kidea), Ricardo Barkala (Bilboko Portuko zuzendaria)