Eu

Artolazabal: “Sexualitateak ez du ez tabua ez mitoa izan behar adimen-desgaitasuna duten pertsonen inguruan”

2019.eko irailak 11
  • Gorabide adimen-desgaitasuna duten pertsonen Bizkaiko elkartearen jardunaldia, Bilbon, Azkuna Zentroan

  • “Gizarteak mitoekin amaitu eta egoki hezi behar du, adimen-desgaitasuna duten pertsonek sexualitatea ahalik eta naturaltasun eta segurtasun handienez bizitzeko”

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “sexualitateak ez du ez tabua ez mitoa izan behar adimen-desgaitasuna duten pertsonen inguruan”. Gorabide adimen-desgaitasuna duten pertsonen Bizkaiko elkartearen jardunaldian, Bilboko Azkuna Zentroan, honako hau esan du Artolazabalek: “gizarteak mitoekin amaitu eta egoki hezi behar du, adimen-desgaitasuna duten pertsonek sexualitatea ahalik eta naturaltasun eta segurtasun handienez bizitzeko”.

Gorabideko kideek elkartea 1962an jaio izana ospatzeko, Sexualitate Plana aurkeztu dute, “desgaitasuna duten pertsonei beren afektibitatea eta sexualitatea ahalik eta egokien garatzen laguntzeko sortutako tresna”.

 Beatriz Artolazabalez gainera, Susana Gorbeña Gorabideko presidenteak, Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Enrique Galván Plena Inclusióneko zuzendariak, Juan Ibarretxek, Lide Amilibia sailburuordeak eta Javier Bengoa psikologoak parte hartu dute, eta Iñigo Pomboren izendapena txalotu dute. Adimen-desgaitasuna duten pertsonen erabateko inklusioaren aldeko aterki-irekitze koloretsuak, une batzuk geroago, Bizkaia plazan, kolektiboaren presentzia soziala erakutsi du.     

Ebidentzia biologikoa

Artolazabalek honako hau esan du: “sexua gizakiaren portaera naturalenetakoa da edo izan beharko luke, eta ebidentzia hori, beharrizan biologikoa eta errealitatea dena, pertsona batzuentzat tabua da”.

“Sexuaren gaia desgaitasunen bat duten pertsonentzat eta gizarte osoarentzat naturalagoa eta errazagoa izatea lor dezakegu, heziketa onarekin; heziketa horrek naturaltasunez erantzun behar die kolektibo horren familien eta inguruneen kezkei; izan ere, sexualitateaz hitz egiten denean, desgaituak ez dira aintzat hartzen”, esan du Artolazabalek.

Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “gizarteak mito faltsuak sortu ditu gai horren inguruan, Marcilla eta Serrano irakasleek dioten bezala; haiek baieztatzen dute faltsua dela sexualitateak genitalitatea dakarrela, posible dela sexu-heziketa desgaitasuna duten pertsonen zati handi batekin, posible dela adimen-desgaitasuna duen pertsona batek kalitateko sexu-heziketa hori bereganatzea baldin eta hura ulertzeko metodoak egokitzen badira, gida eta heziketa egoki batek ez dituela pizten aurretik ez zeuden instintuak edo desioak, eta eskaintzen duela, ordea, haiek adierazteko, ezagutzeko eta zalantzak argitzeko modu egokia, eta desgaitasuna duten pertsonek ere beren sexualitatearen adierazpenak maneiatzen eta gizartean onartzen diren adierazpenetara egokitzen ikas dezaketela”.

Naturaltasunez, heziketaz, errespetuz eta ezagutzaz pertsona guztiei lagun diezaiekegu, bestalde, beren gorputzarekin gusturago sentitzen.  Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik, pertsonen duintasuna bermatzen ari gara, bai eta arreta ere gehien behar dutenei. Baita eremu horretan ere”, esan du Artolazabal sailburuak, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • susana Gorbeña, Sergio Murillo, Juan María Aburto, Iñigo Pombo