Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Terrorismo Jihadistaren Nazioarteko I. Kongresuaren inaugurazioan parte hartu du Irunen

2019.eko irailak 11

Iñigo Urkullu lehendakaria amaiera emateko ekitaldian izango da

Segurtasuneko sailburua FICOBAN [Irunen] izan da gaur, Terrorismo Jihadistaren Nazioarteko I. Kongresuaren inaugurazioan. Irailaren 11n, 12an eta 13an egingo den ekitaldiaren helburua da, besteak beste, terrorismo jihadistaren aurka borroka egiteko eta erradikalizazio-prozesuak eragozteko egiten den lana publikoki erakustea.

Sailaren izenean sailburuarekin batera izan dira Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo, Ertzaintzaren buru Josu Bujanda eta Inteligentzia Bulego Nagusiko buru Jon Ziarsolo.

Eusko Jaurlaritzaren izenean Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko Jonan Fernandezek eta Monika Hernandok ere parte hartu dute, eta horiez gainera jakintzaren eta zientziaren diziplina ezberdinetako hainbat profesional izan dira bertan. Tailer praktikoetako bat Ertzaintzak koordinatuko du Oiartzungo egoitzan. Urkullu lehendakariak azken egunari hasiera emateko mahaian parte hartuko du.

Inaugurazio-ekitaldian hitza hartu dute Segurtasuneko sailburuak, Irungo alkate José Antonio Santanok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari Itziar Alkortak eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendari José Luis de la Cuestak. Esku-hartzea amaitzean terrorismoaren biktima guztien aldeko minutu bateko isiltasuna eskatu dute.

Kongresuari hasiera emateko ekitaldian egin duen esku-hartzean, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak adierazi duenez “agerikoa da erradikalizazioaren eta mehatxu terroristaren arriskuari polizia-jazarpenaren eta babes-neurri eraginkorren bidez egin behar zaiola aurre, baina baita, batez ere, prebentzio-politiken bidez ere. Polizia-prebentzioa eta prebentzio soziala, hain zuzen ere, mehatxu edo indarkeria terrorista bihur daitezkeen erradikalizazio-prozesuak gerta ez daitezen edo, gertatzen badira ere, arriskuak ahalik eta gehien minimiza daitezen”.

UPV/EHUren Uda Ikastaroen esparruan Espainiako Kriminologoen Elkarteak antolatu duen kongresuaren helburu nagusia da hainbat diziplinatako, esate baterako, kriminologia, antropologia, soziologia, psikologia, justizia edo segurtasuneko profesionalek osatutako nazioarteko komunitate bat izatea. Asmoa da terrorismo jihadistaren, bere iraganaren eta orainaren eta etorkizunean izango denaren fenomenoari buruzko hausnarketa eta eztabaida bideratzea, arreta berezia eskainita biktimei eta biktimarioei.

Kongresuan Estatuko eta Espainian enbaxada duten hainbat herrialdetako ordezkariak izango dira. Ikus-entzule gisa 260 pertsonak eman dute izena, eta gehienak profesionalak dira.

Kongresuaren egoitza nagusia FICOBA, Gipuzkoako Erakustazoka, izango da. Baina tailer batzuk eta hainbat jarduera beste instalazio batzuetan egingo dira: Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan, Miramar Jauregian eta UPV-EHUren Carlos Santamaria eraikinean.

Programaren baitan osoko biltzarrak FICOBAN egingo dira, eta 22 tailer gainerako egoitzetan. Lehenengo osoko biltzarra Jean Paul Labordek, Terrorismo Jihadistaren aurkako Mediterranioko enbaxadore ibiltariak, emango du Aportación de la Criminología para las decisiones futuras de las Naciones Unidas a la luz de la experiencia con el Daesh izenburupean; bestalde, eszedentzian dagoen Auzitegi Nazionaleko Javier Gómez Bermúdez magistratuak Zuzenbide Penalaz hitz egingo du terrorismo jihadistarekin lotuta.

Tailerren gaiak izango dira, besteak beste, terrorismo-mota horren jatorria eta garapena, terrorismo hori erabiltzen duten taldeak, propaganda jihadista, biktimentzako justizia leheneratzailea, finantzazio-iturriak edo Islamari buruzko irakurketa ezberdinak.

Ertzaintzak Planes de acción y protocolos de actuación en el ámbito de la prevención ante la amenaza del terrorismo internacional  de pretexto religioso izeneko tailerra, 22.a, zuzenduko du. Inteligentzia Bulego Nagusiko komisario buru Juan Vicente Bilbao eta Gipuzkoako Ikerketa Kriminalaren Ataleko Eñaut De Frutos, biak ere Ertzaintzako kideak, arduratuko dira tailer hau koordinatzeaz, eta beste polizia-kidego batzuetako profesionalek parte hartuko dute bertan.

Kongresu honen hirugarren eta azken egunean, ostiralean, hilaren 13an, Iñigo Urkullu lehendakaria jardunaldiari hasiera emateko mahai instituzionalean izango da, eta New Yorkeko, Pariseko eta Madrileko atentatuetako biktimekin elkartuko da eta hitz batzuk esango ditu.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2019.eko irailak 11

    Comentario de Twitter:
    La Consejera de Seguridad participa en la inauguración del I Congreso Internacional de Terrorismo Yidahista en Irún https://t.co/hSmF7R3iVb

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda, Ertzaintza-burua; Jon Ziarsolo, Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko burua