Eu

Eusko Jaurlaritzak mahastizaintza- eta ardogintza-sektorearen babesa indartuko du nazioartekotze eta bikaintasunerako zerbitzu integral baten bidez

2019.eko irailak 15
  • Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak baieztatu du urte-amaiera baino lehen prest egongo dela, euskal ardoen estrategia fronte guztietan indartzeko
  • Ardo zuriak gero eta gehiago eskatzen dira nazioarteko merkatuan, % 5 gehiago esportatzen dira eta % 9ko balio-hazkundea izan dute
  • Berriz ere, Arabako Errioxako ardo beltz eta gorrien balioa handitu da kanpoko merkatuan, horien prezioa % 3,4 igo baita

Eusko Jaurlaritza azkentzen ari da HAZItik ematen den zerbitzuaren berregituraketa, Euskadiko mahastizaintza- eta ardogintza-sektorearen bikaintasuna babesteko bulego moduan aritu dadin. Hala baieztatu du gaur goizean Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak.

Aurten Arabako Errioxako Baños de Ebro-Mañuetan izan den Mahats-bilketaren Festan, Tapia sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela egitura sendoa izango duen eta ardogintzaren sektorean ondo fokalizatuta egongo den zerbitzuaren beharra, merkatu nazionalean eta nazioartekoan presentzia hobetzeko beti bikaintasun, berezitasun eta jasangarritasun ezaugarriei lotuta beti.

Helburua da euskal upeltegiek lantzen duten kalitatearen eta bereizketaren aldeko apustu argia egitea, munduan aurkezpen-txartel gisa jardunbide hori bultzatuta eta babestuta.

Honela estrategia berezia jarriko da abian, lau ardatz hauek landuz:

  1. Aholkularitza teknikoa eta enpresa-mailakoa.
  2. Prestakuntza, berrikuntza eta ikerketa.
  3. Nazioartekotzea.
  4. Finantzaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak, horrela, bultzatu egiten ditu Arabako Errioxan eta mahastizaintza eta ardogintzako gainerako euskal eskualdeetan produzitzeko era eta ardoaren kultura. Hain zuzen, horiek eskakizun handieneko merkatuetan posizionatzen jakin izan dute, gero eta emaitza hobeekin. Horren erakusgarri dira, halaber, 2019ko lehen sei hilabeteetako esportazioei buruzko datuak.

Esportazioen datuak: ardo zurien gorakada

Arabako Errioxako ardoen esportazioek urteko lehen sei hilabeteetan eduki duten portaeraren gaineko datuek nabarmentzen dute ardo zuriek bolumenean zein prezioan eduki duten gorakada, gero eta gehiago eskatzen baitira nazioarteko merkatuan. 2019ko lehen seihilekoan, ardo zurien esportazioek gora egin dute bai bolumenean (%5), bai balioan (% 9).  “Bereziki ona izan da –adierazi du Tapiak– ardo horiek merkatu garrantzitsuetan eduki duten bilakaera, esaterako, Kanadan, Estatu Batuetan, Irlandan eta Erresuma Batuan, non Brexit aurreko ziurgabetasuna gorabehera mantendu egiten diren”.

Arabako Errioxako ardo beltz eta gorriei dagokienez, azpimarratu behar da beren balioa kanpoko merkatuan ere handitu dela, izan ere, beren prezioak %3,4 egin dute gora 6,09 euroko preziora arte litroko. Horrek konpentsatu du salmentetan egon den jaitsiera, 58 milioi euro eta 9,5 milioi litro saldu baitira.

Ardo zurietan zein ardo beltz eta gorrietan, Arabako Errioxako ardoen prezioa Estatuko batezbestekoa baino handiagoa da eta diferentzia hori nabarmenagoa da ardo beltzetan eta gorrietan (6,09 euro 3,79 euroren aldean litroko) zurietan baino (3,36 euro 3,08 euroren aldean).

Prezio igoera horri dagokionez, Tapiak adierazi du horrek berresten duela Euskadiko ardogintzaren sektoreak euskal ardoak kontsumo ertain-altuko segmentu batean kokatzeko duen estrategia fruituak ematen ari dela.

 “Sektorea ahalegin handiak egiten ari da berrikuntzan eta kalitatean, eta Eusko Jaurlaritza babes osoa ematen ari zaio, ahal eta konpromisorik handiena hartuta bere produktuak nazioartean sustatzeko eta hobeto posizionatuta egoteko. Ahaztu gabe, nola ez, barruko merkatua.” – adierazi du Arantxa Tapia sailburuak.

Bolumenaren eta balioaren arabera

Aduana sailak iragarri eta Ardoaren Merkatuaren Espainiako Behatokiak (OeMv) aztertutako datuen arabera, Arabako Errioxak ardo zurien esportazioa handitu zuen 2019ko lehen seihilekoan, %5 gehiago bolumenean (1,17 milioi litro) eta %9 balioan (3,91 milioi euro) zehazki, eta batez beste %3,6 prezio handiagoarekin, hau da, 3,36 euroan litroko. Soilik urtearen lehen erdi honetan Kanadan egindako ardo zurien salmentak 2018ko urte osoan egindakoekin parekatu dira jada, litroko 4,77 euroan salduta, preziorik garestiena izanik aztertutako 10 merkatuen artetik.

Kanadan egondako salmenta igoera handi horri Estatu Batuetan salmentek edukitako susperketa bikaina gehitzen badiogu, 2018an behera egin ondoren %30 handitu baitziren, berresten da Arabako Errioxako ardo zuriak une onean daudela Ipar Amerikako merkatuan. Erresuma Batua berriro da lehen merkatua ardo zurirako, non 2018ko beherakada gogorraren ostean kopuru egonkorrak erakusten ditu. Irlandan egindako salmentek %40 inguru egin zuten gora.

Erresuma Batua ere bada Arabako Errioxako ardo beltz eta gorrien lehen destinua munduan, nahiz eta lehen seihileko honetan %8,5 behera egin Brexit aurreko ziurgabetasunaren ondorioz. Suitza, berriz, balio erantsi handiko merkatua da eta bigarren merkatu gisa finkatzen da egonkor mantenduta, Estatu Batuetako merkatuaren aurretik. Azpimarragarria da Suedian eta Norvegian eta, ardo zurien kasuan bezala, Irlandan ere egindako salmenten igoera bikaina.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro Gonzalez (Arabako diputatu nagusia)