Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Gure Artea sariak emateko ekitaldian; Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’, Sahatsa Jauregi Azkarate eta Miren Arenzana Letamendi izan dira aurtengo saridunak

2019.eko irailak 17
  • Ekitaldia Gasteizko Artium Museoan egin da, eta Lehendakariak azpimarratu du Euskadik “herri sortzailea” izan behar duela, eta horretarako kultura, artea eta sormena behar duela  

Iñigo Urkullu Lehendakari buru izan da Gure Artea sariak emateko ekitaldian, Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan. Epaimahaiak aurten aukeratutako saridunak honako hauek izan dira: Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’, ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ modalitatean; Sahatsa Jauregi Azkarate, ‘Sorkuntza-lana aitortzeko’ modalitatean; eta Miren Arenzana Letamendi, ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko’ modalitatean. Lehendakariak azpimarratu du Euskadik “herri sortzailea” izan behar duela, eta horretarako kultura, artea eta sormena behar duela.

Lehendakariarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren izenenean izan dira: Josu Erkoreka, bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Beatriz Artolazabal, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Bingen Zupiria, Cultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasun sailburua. Halaber, Artiumera bertaratu dira, beste ordezkarien artean, Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; eta Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea.

Ekitaldiaren amaieran, Lehendakariak nabarmendu du kulturaren, artearen eta sormenaren garrantzia: “Euskadik herri sortzailea izan behar du herri bizia izaten jarraitzeko. Euskadik kultura, artea eta sormena behar du munduan argi propioa izan dezagun. Gure Artea sarien bidez aitortu nahi dugu sortzaileen lana, ibilbidea eta jarduera artistikoa, nabarmendu nahi dugulako beren ekarpena gure herriak pultsio eta anbizio hori izan dezan. Espiritu sortzaile, kritiko, irekia eta bizia”.

Hala, Lehendakariak azpimarratu du “artea ezinbestekoa izan dela gure herria ezagunagoa izan dadin eta gure mugetatik harago ere aitortu dezaten: “Artium ere helburu horrekin jaio zen, eta Bilboko Arte Eder, Guggenheim edota Tabakalerarekin bat egiten du horretan. Beren artean eta beste batzuekin batera ‘think global, act local’ filosofiari eusten diote”.

Gure Artea sariak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren garrantzitsuenak dira. Epaimahai batek erabakitzen ditu urteroko saridunak; aurtengo epaimahaikideak honako hauek izan dira:Fernandol Golvano (presidentea), Beatriz Herráez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martínez de Arenaza.

‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ saria

Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’ saritua izan da ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ modalitatean.Erakusketa-komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non “emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen”.Epaimahaiak ondoko erakusketak aipatu ditu, besteren artean:‘Transexual Express’ Bilbaoarte (Bilbo, 1999); ‘Transexual Express’, Rosa Martínezekin batera (Bartzelona, 2001); ‘Kiss Kiss Bang Bang’ Arte Ederren Museoa (Bilbo, 2007); ‘Guerrilla Girls’ (2013); ‘Why Not Judy Chicago?’ (2015); edota ‘Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak’ (2017), Azkuna Zentroan (Bilbo).

Epaimahaiak, bestalde, 2001 eta 2003 bitartean Arakistain Bilbaoarteko erakusketa-programaren arduraduna izan zela eta 2006tik 2011ra arte Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria izan zela adierazi du: “Montehermoson, kudeaketa-eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur-gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan”.

Azkenik, Xabier Arakistainek hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu du epaimahaiak, honakoak bezalako kultura-aretoetan: Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL, Parisko EHESS, Vienako MAK, Berlingo 8. Bienala, New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum, Boston College, Mexiko Hiriko MUAC, Costa Ricako Unibertsitatea, Txileko Santiagoko Arte Ederren Museoa edo Madrilgo MNCARS, besteren artean.                               

 ‘Sorkuntza-lana aitortzeko’ saria

‘Sorkuntza-lana aitortzeko’ saria Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat izan da aurten, “eskulturari eta artxiboari loturiko lan bat garatzeagatik eta herri-kulturaren forma ezberdinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia-aukera itzela osatu duelako horretarako”. Epaimahaiak, era berean, bere ekoizpen zabala nabarmendu du: “Baina etengabeko elkarlaneko saretan eragileak eta praktikak lotzen dituen Euskal Herriko artearen kartografia batean Jauregiren jarduera garrantzitsua bada ere, artista gisa produzitzen duena bere belaunaldiko azpimarragarrienetakoen artean kokatzen da. Azken urteetan eraiki duen formen eta irudien katalogo zabalak —hainbat testuingurutan eta euskarritan erakutsia— berau inguratzen duena modu berezi eta zehatz batean erregistratzen duen bildumagile artatsu bati buruz hitz egiten du”.

Era berean, bere ikuspegi artistikoaren berezitasuna goraipatu du epaimahaiak: “Inguratzen gaituenari buruzko ezohiko begirada bat da berea. Bertan gustuaren konbentzioak analizatzen ditu herrikoitasuna eta kitsch aipatzen dituen iruditeria konplexu eta aberats bat eraikiz”.

‘Ibilbide artistikoa aitortzeko’ saria

Azkenik, ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko’ saria Miren Arenzana Letamendi artista bilbotarrak jaso du aurten.Gure Artea sarietako epaimahaiak bere erabakian adierazi duenez, Arenzanaren lana “erreferentzia garrantzitsua da ondoko belaunaldientzat”. Halaber, bere sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egin duen apustua nabarmendu du.“Hiru hamarkadaz lanean ibili ondoren, Miren Arenzana Letamendi eskultoreak bere obretan beste esparru eta diziplina batzuetako erreferentziak erabiltzen ditu, adibidez, diseinua eta arkitektura. Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere produkzioa industriako materialen (plastikoak, gomak, metakrilatoak…) eta eskulangintzako beste batzuen (bordatuak) inguruko ikerketa izateagatik definitzen da, baita eskulturaren praktika esanahi eta berrikuntza formaleko beste esparru batzuetara zabaltzen duten objektuak birziklatzeagatik ere”, nabarmendu du.

Epaimahaiak, halaber, bere lanak azken urteetan bizi izan duen bilakaera azpimarratu du: “Azken urteetan artistaren jarduera gero eta soilago bihurtu da, gu mugitzen eta bizi garen espazioa definitzeko, espazio hori galeriarena edo etxeko espazio batena izan kontuan hartu gabe. Arkitekturarekin jokoak, argia eta kolorea modu askotara inbrikatzen dira bere azken proposamenetan”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak