Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

"Osasuna politika guztietan" SESPAS 2010 txostena aurkeztea

2011.eko apirilak 11

 

Zer da SESPAS

Sociedad Española de Salud Pública y Administración Sanitaria (SESPAS) ―Osasun Publikoaren eta Administrazio Sanitarioaren Espainiako Sozietatea― 1987an sortu zen. Berezko nortasun juridikoa du, eta espainiarren osasuna eta osasun-arretako zerbitzuak hobetzen laguntzea du helburua. Gaur egun, 3600 kide ditu eta 11 sozietate zientifikok osatzen dute.

Gizarte- eta osasun-jarduerarako bokazio argia du SESPASek, hainbat alderditan antolatua:

- Ezagutza zientifikoa eta osasun publikoko lanbide-garapena sustatzea.

- Osasun publiko modernoa eratzen duten eremu eta ikuspegi desberdinetako topaguneak eta trukerako eremuak sortzea.

- Gizarte eta osasun desabantaila nabarmenak dituzten talde kaltetu eta ahulenen gizarte- eta osasun-arazoak defendatzea eta horietan interesa jartzea, eta bereziki garrantzitsuak diren osasun-arazo eta -arriskuetan interesa jartzea.

SESPAS 2010 txostena. Osasuna, politika guztietan

1993tik osasunak Espainian duen egoerari buruzko analisia egiten du SESPASek. 2010eko txostena 56 adituk egin dute, eta ikusarazten saiatzen dira osasuna ez dagoela soilik osasun-asistentziaren esku, baita, bereziki, gainera, bizi-baldintzen, lanaren, hezkuntzaren, uraren kalitatearen, saneamenduaren, etxebizitzaren, ohitura osasungarrien esku, hau da, osasun-determinatzaile esaten zaien horien esku. Alde horretatik, osasuna, politika guztietan printzipiora iristen laguntzea da txostenaren helburu nagusia.

SESPAS 2010 txostena

SESPAS 2010 txostenak lau atal handi ditu:

· Lehenengoan, Espainiako osasun publikorako osasuna, politika guztietan printzipioaren erronkak azaltzen ditu. Horretarako, osasun publikoa goitik behera berrantolatzea proposatzen du, bai estatu mailan, bai autonomikoan, bai tokikoan, eta antolaketa-ereduak eta lan-metodoak aldatzea. Hala, osasun-arloko informazio-sistemak aldatu, eta osasun-determinatzaileak eta desberdintasunak sartzea, determinatzaile horiei buruzko ikerketa sustatzea eta informazioaren hedapena bultzatzea, ez soilik eremu akademikoan, baita herritar guztien, gizarte-eragileen eta osasun-arlokoak ez diren sektoreen artean ere.

· Bigarrenean, osasun-sistemaren eta osasun publikoaren arteko erlazioa analizatzen da, eta lehenengo mailako arretaren eta osasun publikoaren artean koordinazio hobea izatea proposatzen da, eta adierazten da Estatuak eta autonomia erkidegoek zeregin bermatzailea izan behar dutela, osasun publikoko zerbitzu-emateak betetzeko.

· Hirugarrenean, osasun publikoko sektore arteko politikak azaltzen dira. Alderdi hauek nabarmentzen dira:

- Lan-merkatuaren egoerak osasunerako dituen ondorioak. Ondorioetan nabarmentzen da langabezia, esku-langileek bezalako taldeek dituzten baldintza zailak, emakumeak, gazteak, immigranteak eta urteetan aurrera doazen langabetu izatea eta lanean presente egon behar izatea, langileen eta haien familien osasun eta ongizaterako baldintza negatiboak direla.

- Osasunean dauden gizarte-desberdintasunak eta obesitatea, haurtzaroan. Haurtzaroan jasotzen den hezkuntzak funtsezko zeregina du osasunean, bizitza osoan zehar. Haurtzaro goiztiarrean eskuratutako hizkuntza-gaitasunak kritikoak izan ohi dira eskolako ikasketa-gaitasunerako. Izan ere, haur-eskola izaten da neska-mutilek izan ditzaketen behar bereziak atzematen diren lekua, eta, beraz, fase goiztiarretan har daiteke esku. Haurtzaro goiztiarrean egiten den inbertsioak gaixotasun kronikoen intzidentzia murriztu dezake helduaroan.

Gehiegizko pisuak neska-mutilen % 15-20ri eragiten die estatu espainiarrean. Haurtzaroko gehiegizko pisu hori helduarokoarekin erlazionatzen da. SESPAS 2010 txostenak nabarmentzen du haur-obesitatea gizarte-faktoreek eta faktore ekonomikoek eragiten dutela, osasun-sistemarekin zerikusia ez dutenek, hau da, publizitateak, inguruak, hezkuntzak, garraioak eta elikadura-inguruak; hortaz, gomendatzen dute eremu horietan eragin behar dutela jarduera politikoek, eta denboran zeharreko azterketak egin behar direla, haurtzarotik, gizarte desberdintasunen ikuspegia kontuan hartuz.

- Politikak proposatzea, pertsonen zahartze aktiboa izango dela kontuan hartuz. Espainian biztanleria asko zahartu da, bizi-itxaropenak gora eta jaiotze-tasak behera egin dutelako. Esan daiteke ezintasuna izateko adina atzeratu egin dela, eta laugarren adina sortu, 89 urtetik aurrerakoa, ezintasun larria izan ohi duena maiz askotan. Txostenaren ondorioetan adierazten da Gizarte Segurantzaren oinarriak, erretiro-adina eta pentsioen zenbatekoa berraztertzea izan behar direla zahartze aktiboaren esparruan diharduten sektore arteko politiken ekintza-eremu. Horretarako hiru ekintza bultzatu behar dira: dieta mediterraneoa, familiako zaintzaileak erakartzeko eta haiek babesteko programak eta ariketa fisikoa neurrian egitea.

· Txostenean, osasun publikoaren zeharkako gaiei buruzko artikuluak ere jaso dira, hala nola osasun publikoko politiken prestakuntzari, informazioari, ikerketari, ebaluazioari eta justifikazio etiko eta ekonomikoari buruzkoak.

 

 

SESPAS 2010 txostena osorik irakurtzeko aukera duzu Interneten:

http://www.elsevier.es/revistas/ctl_servlet?_f=7010&sumarioid=13009640

 

Osasuna, Euskadiko politika guztietan

Euskadin Osasunaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren (OEE) alde egin da, osasuna osasun-arlokoak ez diren esku-hartzeetan sartzeko tresna delako. Jarduera espezifiko batek herritarren osasunaren gainean dituen ondorioen balioespena da OEE.

Osasun eta Kontsumo Saila osasun-arlokoak ez diren politika autonomikoak bahetzeko tresna bat garatzen ari da, osasun-determinatzaileen zerrenda bat eta eragindako populazioak oinarri hartuta, osasunaren gaineko eraginaren ebaluazio osoa egitea komeni den erabakitzen laguntzeko.

Gaur egun, OEEa ekimen hauetan egiten da:

- Pasaiako portua urbanistikoki onera ekartzeko proiektua

- Osarean: osasuna lehen mailako arretara eta komunitatera bideratzea, teknologia berrien laguntza izanik, harreman-zentroak eta kanal anitzeko osasun-zerbitzuak (telefonoa, Internet, telebista digitala) garatuta.

- Euskadiko Osasun Publikoaren Legearen garapena

- Autonomia erkidegoko eta tokiko osasun publikoko profesionalak OEEn trebatzeko estrategia garatzea.

- OEEren eta Ingurumen-eraginaren ebaluazioaren (IEE) arteko metodologia osatua gara dadin bultzatzea.

Euskadi iraunkorra 2010 - EKOEUSKADI

Estatuko garapen iraunkorreko lehenengotako estrategia integral bihurtzea du helburu. Sailaren erronka da herritarren osasuna aldagaia sartzea sektore-politika guztietan, prebentzioa barne dela, bai eta osasun-determinatzaileen ikuspegia sartzea ere: banakako bizi-faktoreak, baldintza sozioekonomikoak, ingurumenekoak, kulturaren eta elikaduraren alorrekoak.

Udalsarea 21ekin bat egitea

Orain gutxi Osasun eta Kontsumo Saila Udalsarea 21en sartu da. Une honetan 184 udalerrik osatzen dute, eta tokiko iraunkortasunaren aldeko konpromisoaren eta politiken alde egiten du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Viceconsejero de Sanidad, Jesús María Fernández; el presidente de SESPAS, Andreu Segura, y la editora del informe, Lucía Artazcoz.