Berriak Herrizaingoa
Eu

Aresek Sortu sustatu zuten abertzale erradikalei eskatu die ''hitzemandakoa bete eta ETAk Frantzian egindako azken erasoa gaitzesteko''

2011.eko apirilak 10

''Terroristen aurrean erabateko arreta mantentzeko beharra argi geratu da beste behin, orain inoiz baino ahulago badaude ere''

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rodolfo Aresek, baieztatu du ''bildutako datuen arabera, ETA dagoela atzoko erasoaren atzean''; Frantziako Creuse departamenduan ezezagun batek tiroz larri zauritu zuen gendarme bat. Gertaera honek agerian utzi du, beste behin, ''terrorista taldea ez dela desagertu''. Hortaz, sailburuak, Sorturen sorrera bultzatu zuten abertzaile erradikalen buruei eskatu die, esandakoa bete eta eraso honekiko gaitzespen argia eta borobila erakusteko, terrorismoarekin zerikusia zuen gertaera baten aurrean hala egingo zutela iragarri zuten eta.

Bai, bildutako datuek erakusten dutenez, Frantziako gendarme bat larri zaurituta utzi zuen tiroaren egilea ETAko kide bat izan liteke. Beraz, ETAren azken bi erasoaldiak Frantzian izan dira. Horregatik, larunbatean zauritutako agentea lehenbailehen eta erabat sendatzeko nahia agertu eta orain hiru hilabete Frantziako iparraldean hil zuten agentea gogora ekarri ostean, Rodolfo Aresek azpimarratu du Frantzia "oso garesti ordaintzen ari dela terrorismoaren aurka borrokatzeagatik eta gaur hori eskertu behar zaiola berriz. Izan ere, Frantzia eta Espainiako polizien lankidetza erabakigarria izan da ETA gaur inoiz baino ahulago egotea lortzeko".

Aresek gogoratu du, atzoko erasoa jazo baino ordu batzuk lehenago, Alfredo Pérez Rubalcabak (Gobernuko lehen presidenteordea eta Barne ministroa) eta berak prentsaurreko batean nabarmendu zutela "terrorismoaren aurrean arreta ez jaisteko beharra". "ETA ez da desagertu, batzuek hala balitz bezala politika egiten setatzen badira ere", gaineratu du.

Zentzu honetan, Herrizaingo sailburuak dei zuzena egin die Sorturen sustatzaileei eta beren burua abertzale erradikalen burutzat dutenei; "ETAren edozein eraso gaitzesteko hitzez eta idatziz hartu zuten konpromezua bete eta azken eraso terrorista hau modu argian eta borobilean gaitzesteko" eskatu die. 

Era berean, Aresek azpimarratu du "Sorturen estatutuetan zehazten zuten moduan, benetan edonolako indarkeria, bereziki ETArena, desagertzea nahi badute, demokratekin bat egin eta gaurtik aurrera talde terroristari eskatu behar diotela behin betiko desagertzeko, horren truke baldintzarik jarri gabe eta atzera bueltarako aukerarik barik".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)