Eu

Larunbat honetan, urriaren 5ean, hasiko da zerbitzua ematen Euskotrenek Hendaian duen behin behineko geltokia

2019.eko urriak 01
  • Erabiltzaileek garraio aldaketa egin beharko dute Irun-Ficobaraino urriaren 2an, 3an eta 4an
  • Behin behineko terminala, datorren uda arte itxita egongo den egungotik 250 metro baino gutxiagora dago

Hendaiako Euskotrenen geltokia goitik behera zaharberritzeko lanak direla eta, guztiz itxi beharko da eta egungotik 250 metro baino gutxiagora dagoen behin behineko terminala egokitu beharko da zerbitzua emateko. Behin behineko geltokia martxan jartzeko prozesua datorren larunbatean, urriaren 5ean, hasiko da, eta obrak amaitu arte egongo da erabilgarri. Obrak datorren udan amaituko direla aurreikusten da.

Egungo geltokiaren eta behin behinekoaren arteko trantsizioa gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, datorren urriaren 2an, 3an eta 4an Hendaia eta Irun-Ficoba artean trenbideko zirkulazioa eten egingo dela iragarri du. Gorabehera hori arintzeko, ETSk garraio zerbitzuak eskainiko ditu autobusez bi geltokien artean. Hendaiako autobus geralekua SNCFko tren geltokiko taxi geralekuaren ondoan egongo da. Irun-Ficobako geralekutik aurrera bidaia trenez jarraituko da, eta jomugako geltokira ohiko ordutegia baino 15 minutu beranduago helduko da.

Geltokiaren lanek, egungo gaitasun eta irisgarritasun arazoak konponduko dituen eta segurtasun maila handituko duen eraikin berria eraikitzea aurreikusten dute. Higiezinak oin plano laukizuzena eta 198 metro karratuko azalera izango ditu, egungo 84 metroak nabarmen bikoiztuz.

Instalazioetan, lau salmenta-makina, baliogabetze linea bat, ikuskatzaile gela bat bi armairurekin, komunak izango dituen aldagela, eta garbiketa gela izango dituen ataria egongo dira. Eraikin berria toki berrian proiektatu da, zortzi metro inguru mugituz hego-ekialderantz, egungoarekin alderatuz. Egoera berriari esker, geltokiaren sarbide nagusiaren atari aurre gisa egituratuko den gune libre txikia sortu ahal izango da.

Horrez gain, ETSk Ibilbidearen azken 91 metroetan trenbidea bikoiztu egingo duenez, bigarren trena aparkatu ahal izango da, eta etorkizunera begira maiztasunak handiagoak izan daitezke. Halaber, egungo 1,9 metroko zabalerako alboko nasaren ordez, markesina edukiko duen 4 metroko erdiko beste bat jarriko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak