Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak azken urtean kirol-arrakasta esanguratsuak lortu dituzten ehun bat emakume kirolari hartu ditu Lehendakaritzan

2019.eko urriak 02
  • Realeko futbol eta belar hockeyko ordezkariek hartu dute hitza ekitaldian, baita Leticia Canales surflariak eta Rakel Mateo kirol egokituko triatletak ere.

 

Gasteiz, 2019/10/02                       

Iñigo Urkullu Lehendakariak ia ehun emakume kirolari hartu ditu gaur eguerdian Lehendakaritzan, azken 12 hilabeteetan (2018-2019 denboraldia) Estatuan, Europan edo nazioartean arrakasta handiak lortu dituztenak. Harrera horren helburua, nabarmendu duenez, kirolarien ahalegina aitortzea eta euren kirol jarduera ikusgarriagoa egiten laguntzea izan da. "Zuen kirol arrakastek balio bikoitza du: kirol ikuspegitik oso garrantzitsuak dira, eta baita berdintasunaren ikuspegitik ere", adierazi du.

Ekitaldian, Lehendakariarekin batera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Basque Teameko ordezkariak izan dira. Lehendakariak kirolari horien eredugarritasuna nabarmendu nahi izan du: "Eredu zarete. Zuen adibideak Euskadiko neskatoak eta gazteak kirol gehiago egitera bultzatzen ditu, eta gizarte osoa berdintasunaren alde lanean jarraitzera animatzen du. Lanean jarraitu behar dugu euskal gazteek ikus dezaten eskubidea dutela eta aukerak dituztela benetan nahi dutena izateko".

Gaurko harreran, besteak beste, Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak, Reala futbol eta belar hockeyko jokalariak, Orioko arraunlariak, Gaztedi eta Badaiotz sokatira taldeak eta Raspas arraunketa olinpikoko taldeko kideak izan dira. Era berean, banakako kirolariak ere izan dira: Leticia Canales eta Nadia Erostarbe surflariak; Irene Usabiaga, Ana Usabiaga, Ziortza Isasi eta Eukene Larrarte txirrindulariak; Leire Garai pilotaria; Maialen Axpe, Arantza Moreno, Elena Loyo eta Irene Loizate atletak; Oihana Azkorbebeitia mendi-lasterkaria; Irene Caminos trialeko txirrindularia; Nahia Quinconcinos mendiko eskiatzailea.

Ekitaldian, halaber, Mariasun Quincoces (futbola) eta Maider Altuna (belar hockeya) Realeko jokalariek, Leti Canales surflariak eta Rakel Mateo triatletak hartu dute hitza, eta kirol munduan emakumearen presentzia aldarrikatu dute.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, gogorarazi du Basque Team Fundazioak gizon baino emakume gehiago dituela jada bekadunen artean (34 emakume eta 30 gizon), eta Rio de Janeiroko azken Joko Olinpikoetan gehiengoa izan zirela emakumeak euskal ordezkaritzan. "Hala ere, datu horiek gorabehera, badakigu asko dagoela egiteke emakumeek egiten duten kirola ikusarazteko. Gainera, Euskadin jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan egin diren azken ikerketen arabera, oraindik ere genero-arrakala dago kirola egiteari dagokionez ", gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak