Berriak Segurtasuna
Eu

Udalen 120 bat ordezkari izan dira Udaltzaingoaren laugarren hautaketa-prozesu bateratuari buruzko informazio-saioan

2019.eko urriak 03

EUDELek, Segurtasun Sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bilera egin dute Bilbon

Bilbo, 2019ko urriak 3.

Hirurogei udaletako ehun ordezkaritik gora izan dira gaur EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak, Segurtasun Sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jarritako hitzorduan. Udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko hurrengo hautaketa-prozesu bateratua aurkezteko egin da bilera, eta prozesua urtea amaitu aurretik deituko dela aurreikusten da. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 5. aldaketaren 7/2019 Lege berria indarrean jarri ondoren egingo den lehenengo hautaketa-prozesua izango da.

 

Hirurogei udaletako kargu politikoak eta teknikariak eta udaltzaingoetako buruak izan dira gaur Foru Agiritegiko Ondare aretoan egin den informazio-bileran. Bertan udaltzaingoen hurrengo hautaketa-prozesu bateratuari eta, zehazki, horren abantailei, prozesuan sartzeko formulari, prozedurari eta egutegiari buruzko informazio zehatza eman zaie, argi utzita udalek borondatez balia dezaketen erreminta dela eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokion kudeaketa-agindua eman behar diotela.

 

Formula hori udalerriekin lortutako adostasunaren emaitza da, eta udalei Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko hautaketa-prozesuak errazteko erreminta bat da, era horretara prozesuaren kudeaketa materiala sinplifikatzeko, prozesua abian jartzeko prozedura bizkortzeko eta deialdia egiten duen erakundeari kostuak murrizteko. Bestalde, formula hori jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren 7/2019 Legean.

 

Orain arte Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-kategoriarako hautaketa-prozesu bateratuaren hiru deialdi egin dira. Hiru urte hauetan 600 plaza baino gehiago deitu dira. Lehenengo deialdian 12 udalerrik parte hartu zuten, eta guztira 75 plaza deitu ziren. Bigarren deialdian 26 udalerrik parte hartu zuten eta guztira 232 plaza eskaini ziren; eta

 

hirugarren deialdian 36 udalerrik parte hartu zuten 270 plaza betetzeko, eta zifra hori oraindik handitu daiteke urriaren 15era arte, eta 300 plazatik gora izan daitezke azkenean.

 

Adierazi behar da Udaltzaingoaren hirugarren LEP bateratu horretarako hautatutako izangaiek azaroaren 11n, astelehenean, hasiko dutela prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

 

Informazio-saioari EUDELen zuzendari nagusiaren, Mª del Mar Zabala andrearen, agurrarekin eman zaio hasiera, eta jarraian Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak, Araubide Juridikoaren eta Hauteskunde Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxek eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusi Malentxo Arruabarrenak esku hartu dute Segurtasun Sailaren izenean. Arruabarrenak urtea amaitu aurretik argitaratuko den prozesuaren kronograma aurkeztu du.

 

“Aurreikusten da hurrengo deialdiaren oinarriak prestatzen joatea urtea amaitu aurretik argitaratzeko, eta, era horretara, probak eta hautaketa 2020an egin ahal izango dira eta udaltzaingoetarako izangaiek datorren urteko irailean hasi ahal izango dute prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian”, azpimarratu du Arkauteko Akademiaren zuzendariak.

 

Aldez aurretik, deialdiari atxikitzeko interesa duten udalek Lan Eskaintza Publikoa onartu beharko dute eta hautaketa bateratua egiteko agindua eman beharko dute. Oinarrietan ezarritakoaren arabera, Hautaketa Epaimahaiko udalen ordezkariak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak proposatuko ditu barne-arauei jarraituz.

 

“Hautaketa-prozesu bateratu hauek egiten hasi ginenetik ikusi dugu udalek gero eta interes eta borondate handiagoa dutela udaltzaingoetako erroldak egonkortzeko”, adierazi du Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak