Eu

Beatriz Artolazabal: “Bidaiderik gabeko adingabe eta gazteen gizarte- eta lan-inklusioa da gure helburua”

2019.eko urriak 03
  • Euskadiko Immigrazioari eta Integrazioari buruzko IX. Jardunaldiak, Euskadiko bidaiderik gabeko atzerritar gazte eta adingabeei zuzenduta
  • “Babesa eman behar zaie, bizitza autonomorako proiektua eraiki dezaten, beren eskubide eta betebeharrekin”

Bilbo, 19-10-03

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarren arloan, honako hau esan du: “ez dugu arrakastadun erreferenterik, eredu gisa hartzeko, eta gure helburua da ahultasun-egoeran dauden adingabe eta gazte horien gizarte- eta lan-inklusiorako lehentasunak ezartzea, atzerritarrak zein bertokoak izan, eta, horretarako, babesa ematea, bizitza autonomorako proiektua eraiki dezaten, beren eskubide eta betebeharrekin”.

Artolazabalek Euskadiko bidaiderik gabeko atzerritar gazte eta adingabeei zuzendutako Euskadiko Immigrazioari eta Integrazioari buruzko IX. Jardunaldietan parte hartu du. Jardunaldiak gaur eta bihar izango dira, Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUn. Sailburuarekin batera, Simón Peña UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak, Beatriz Otero Ikuspegikoak eta Miguel Ángel Muñoz Biltzenekoak parte hartu dute.

“Gure helburua da adingabe eta gazte horiek euskal gizartearekin eta euskal gizartearentzako eskubide eta betebeharren kontratua adostea: hartzailea izan nahi duen eta izan behar duen gizartearekiko betebeharrak eta onurak; geu ere hartu gintuzten bezala iraganean. Aurrera jarraitzen dugu, baterako ekintza sustatzeko gure sailaren eta Lanbideren, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketako zentroen, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren, enpresen, foru-aldundien, hirugarren sektoreko erakundeen eta kontsulatuen artean”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Ahultasuna

“Badirudi bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritar terminoek benetan termino horien protagonistaren ezaugarriak ezkutatzen dituztela: ahultasun-egoeran dauden neska-mutil oso gazteak. Beti iruditu zait fokua haurretan eta beren eskubideetan jarri behar dugula, izendapenetik hasita. Ez da kolektibo osoa orokortu eta estigmatizatu behar. Zoritxarrez, ez dago adibidetzat hartzeko errezeta eta eredu handirik”.

Artolazabalek honako hau esan du: “azken urteotan, oso ziurtasun gutxirekin lan egin ahal izan dugu eremu horretan; izan ere, hausnarketek zalantzak eta galderak zituzten oinarri. Baina atsedenik gabe lan egin dugu. Horretarako, 2018-2020rako Herritarren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren Eremuan Jarduteko V. Plana onetsi genuen, eta Plan horren emaitza da hurrengo sinatuko den “Migraziorako Euskal Gizarte Ituna”.

Lehenengo Planean, atal berezi bat eskaintzen zaie “arreta bereziko kolektiboei”; bidaiderik gabeko adingabe eta atzerritarren egoeraren eta beharren deskripzio-azterlana markatzen da. 2018an, Lanbidetik, trebakuntza-maila baxuko bertoko eta atzerriko gazte langabeen gizarte- eta lan-arloko prestakuntzarako eta aktibaziorako dirulaguntzen lerroa jarri zen abian. Inbertsioa 1.500.000 eurokoa izan da. Finantzatutako jarduerek 13 prestakuntza-ibilbide dituzte ardatz; horiek, prestakuntza-erakunde pribatu eta publikoen bidez jarri dira abian.

Gaur aztertutako gaien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: “Bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarren egoera Europan”, Daniel Senovilla Poitierseko Unibertsitateko migrinterraren eskutik eta “Bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarren egoera Espainian”, Violeta Quiroga Bartzelonako Unibertsitatekoaren eskutik. Mahai-inguruan, bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrei erakunde-harrera egiteko prozesuak eztabaidatu dira, Agintzariren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien aldetik. Halaber, bidaiderik gabeko gazte atzerritarrek eta bidaiderik gabeko adingabe atzerritar ohiek kontatutako integrazio-prozesuak aipatu dira. Honako adingabe eta gazte hauek jardun dute Eva Domaika kazetari gasteiztarra moderatzaile izan duen eztabaidan: Lamiae Abassi Rabbouhi ExMenas elkartekoa (Bartzelona), Lhossein Chakouch Agharas elkartekoa, Mouad Nekhaoui Harribide fundaziokoa eta Khalid Day Ellacuria fundaziokoa.

Bihar, ostiralean, Maddalen Epelde Ikuspegikoak parte hartuko du, eta Paul Ortega Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta Amaia Gómez Goiztiri elkartekoak bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarren jatorriko egoeraren gaia aztertuko dute. Danel Marín Harribide fundaziokoak, Ignacio Fariña Peñascal fundaziokoak eta Margui Rodríguez Kolore Guztiakekoak ere parte hartuko dute. Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak itxiko ditu jardunaldiak.

Jardunaldiak sare sozialetatik jarraitzeko:  traola: #9IJ . Jardunaldiak zuzenean emango dira, bideo-kanalean: http://ehutb.ehu.eus/bizkaia-aretoa-baroja. Euskadiko Immigrazioari eta Integrazioari buruzko IX. Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dituzte, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko eta Biltzen Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren zuzendaritza teknikoarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eva Domaika, Simón Peña, Beatriz Otero, Miguel Ángel Muñoz