Eu

Elikaduraren inguruko berrikuntzaren azken joerak aurkeztuko dituzte Bilbon Food Fashion Festival ekitaldian

2019.eko urriak 03
  • AZTI ikerketa zentroak, EIT Food europar partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak Food Fashion Festival ekimena sustatu dute, elikaduraren sektorean ikerketak eta berrikuntzak duten garrantziaren berri herritarrei emateko helburuarekin

  • Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa jaso du, eta bihar hasiko da, La Palma zapata dendaren eraikin zaharrean. Edonor joan daiteke eta doakoa izango da

  • Jaialdiaren jarduerekin batera, Santi Mamiko ipar gelan gaur eta bihar EIT Food-ek antolatutako bi jarduera egingo dira, nekazaritza eta elikadurako profesionalentzako, ikerketa, industria eta startup-en eremuan.

Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? Zer rol jokatzen dute herritarrek elikadura berrikuntzan? Zer egin dezake zientziak elikadura seguruagoa, iraunkorragoa eta osasungarriagoa izan dadin? Galdera horiei erantzuteko asmoz antolatu dute Food Fashion Festival egitasmoa, Bilbon, helburutzat hartuta herritarrei elikaduraren inguruko berrikuntzaren zapore guztiak ezagutaraztea.

AZTI ikerketa zentroak, EIT Food Elikaduraren Berrikuntza eta Teknologiako Europako Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako jaialdi hau urriaren 4tik 6ra bitartean egingo da Bizkaiko hiriburuko La Palma eraikin enblematikoan. Ekimen honetarako irekiko ditu berriro ere ateak eraikinak (Posta kalea, 3, Zazpi Kaleak, Areatza parean).

Ekimenaren egitaraua ikusgai dago Food Fashion Festival webgunean. Sarrera librea eta doakoa izango da. Egitaraua prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur, eta honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikarako sailburuorde Bittor Orozek, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok eta EIT Foodeko Europa hegoaldeko zuzendari Begoña Perez-Villarrealek. Era berean, prentsaurrekoan izan da Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Otxandiano.

Zientzia aliatu ukaezina da elikadura segurtasuna, ekoizpen iraunkorra eta elikadura osasungarria bermatzeko. Eta horiek jardun ardatzak dira Eusko Jaurlaritzarentzat. Ekimenaren helburua da zientzia ezagutza gizarteari hurbiltzea, elikadura sistemaren eraldaketan duen garrantzia zabaltzea eta herritarrak elikaduraren etorkizuneko protagonista bihurtzea.

Testuinguru horretan, jaialdiak esperientzia estimulagarria, inspiratzailea eta erakargarria izan nahi du, herritarrak ahalduntzeko, elikadura berrikuntzan eragile aktiboak izan daitezen.

Jaialdiaren baitan askotariko jarduerak egingo dira: jarduera esperimentalak, tailerrak zein hitzaldiak, guztiak ere pentsatuta herritarrak izan daitezen protagonistak, ezagut ditzaten joera berriak eta elikaduraren sektorean aplikatutako I+G emaitzekin esperimenta dezaten.

Food FAN&FUN eta II Food Innovation Forum

Jaialdiaren jarduerekin batera, Santi Mamiko ipar gelan gaur eta bihar EIT Food-ek antolatutako bi jarduera egingo dira, nekazaritza eta elikadurako profesionalentzako, ikerketa, industria eta startup-en eremuan.

Gaur izango da 'Food FAN&FUN', urtero egiten den ekitaldia eta bertan batuko dira 30 startup, euren proposamenak garatzeko aukera eta tendentzia berriak ezagutuko dituztenak.

Bihar, berriz, II Food Innovatio Forum-a egingo da, 100 profesional, berrikuntza eragile eta ikertzaile baino gehiagorekin. Helburua da nekazaritza eta elikadura arloko gai garrantzitsuenen gainean eztabaidatu eta partekatzea. Era berean, enpresen eta sektoreko berrikuntza eragileen arteko lankidetza ere bultzatuko da, Europa mailako lehentasunezko erronkei erantzun ahal izateko, besteak beste, elikadura aukera osasungarriago eta eskuragarriagoak sortzea, ekintzailetasuna sustatzea eta kontsumitzailearen konfiantza handitzea.

Erakunde sustatzaileez gainera, Food Fashion Festivalek beste erakunde batzuen lankidetza jasotzen du: Neiker, Elika, Hazi eta Eufic. Bai eta beste enpresa batzuena ere: Laboral Kutxa, La Salve, El Correo, Eroski, Iparvending, Acesur, Natural Machines eta AN Taldea.

Irteteko tiroa mugimendu globalarentzat

Food Fashion Festival ekimena Food4Future mugimenduaren gose-pizgarria baino ez da. Food4Future izenekoa ekimen globala da, eta hainbat ekintza biltzen ditu, herritarren, ikertzaileen eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko, elikaduraren paradigmaren eraldaketan parte hartzen duten eragile gakoak diren heinean.

Mugimendu honek berrikuntza arinagoa eta errentagarriagoa sustatzen du, elikadura sistemaren erronkekin zein enpresa eta gizartearen premiekin lotutakoa, zientzia oinarri hartuta. Bestalde, ezagutza partekatzeko, ideien trukerako eta irtenbideen elkarrekiko sorkuntzarako formula zein ingurune berriak aztertzen ditu.

Mugimendu hau bultzatzen duten balioak ekintza zehatz bihurtzeko, datorren urtean Food4Future World Summit egingo da Bilbao Exhibition Centerren (BEC). Ekimen honen helburua izango da elikaduraren etorkizuna bideratuko duten ildo nagusiak marrazteko erreferentziazko nazioarteko hitzordua izatea.

“Food4Future izango da berrikuntza, negozio sorkuntza eta elikaduraren sektorearen baitan gizartearentzako irtenbideak sustatuko dituzten pertsona guztien topagunea”, azaldu du Pozok.

Ekimena Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020ko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren esparruan garatuko da, RIS3 Euskadi Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren baitan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak