Berriak Lehendakaritza
Eu

“Vitoria 3 de marzo” filmak irekiko du bihar Zinexit Topaketak ekimena, aurten bere programazioa zabalduko duen zine eta giza eskubide erakusketaren aurrerapenak

2019.eko urriak 07
  • Polizien tiroek bost langile hil zituzten 1976ko “Gasteizko gertakariei” buruzko filma bihar, asteartean, emango da Azkuna Zentroko Golem zine aretoetan, eta Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideekin batera ondoren egingo den solasaldian zuzendariak, ekoizleak eta antzezle protagonistak hartuko dute parte 
  • Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubide Zuzendaritzak urtero antolatzen duen Erakusketaren aurreko zine zikloak zabaldu egingo du programazioa, eta beste hiru film emango ditu ostiralera arte, guztiak ere doako sarrerarekin (Zinexit Topaketak, urriaren 8tik 11ra) 

+info: http://www.zinexit.net 

1976an Arabako hiriburuan izan ziren eta poliziaren tiroek hildako bost langile eragin zituzten gertakari larriak kontatzen dituen “Vitoria 3 de marzo” filmak irekiko du bihar, asteartean, urriaren 8an, Azkuna Zentroko Golem zine aretoetan (Bilbo), Zinexit Topaketak ekimena, Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubide Zuzendaritzak urtero antolatzen duen Zinexit Erakusketaren aurreko zine zikloa.

Ekimenaren helburua duintasunaren eta funtsezko eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetza bultzatzea da, horretarako tresna gisa zazpigarren artea erabiliz. Zinexit Topaketak ekimena gaur goizean aurkeztu du Bilbon Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktima zuzendariak, eta, adierazi duenez, ekimena “zinearen aldeko apustua da, mobilizaziorako, gogoetarako eta bizikidetzaren eta pertsonen funtsezko eskubideen defentsa sustatzeko tresna gisa”.

Zine Erakusketak hamargarren urteurrena betetzen du aurten eta, hori dela eta, Zinexit Topaketak ekimenak proiekzioa zabalduko du, lau proiekzio jasotzeko. Egunero emango dira, bihartik ostiralera, urriaren 11ra, arte, 19:30ean, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zine aretoetan. Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte, baina gonbidapena jaso beharko da aurretik txarteldegian.

“Vitoria 3 de marzo” filmarekin batera, egitarauan “What have we done to deserve this?” (Austria, 2018), “Stitches” (Jugoslavia ohiko hainbat herrialderen arteko ekoizpena, 2019) eta “Slam” (Australia-Frantzia arteko ekoizpena, 2018) filmak ere jasoko dira.

Informazio gehiago

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak