Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakaria Euskaltzaindiaren mendeurrenaren amaierako ekitaldian izan da eta Akademiak euskararen biziberritzeari egin dion ekarpena nabarmendu du

2019.eko urriak 05

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskaltzaindiaren mendeurrenaren amaierako ekitaldian izan da gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Bertan, Euskaltzaindiak euskararen biziberritzeari egin dion ekarpena nabarmendu nahi izan du eta, aldi berean, euskarak epe laburrean izango dituen erronketako batzuk aipatu ditu.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, Lehendakariak adierazi du mendeurrena oso baliagarria izan dela Akademiaren historia eta haren ekarpena gogoratzeko: “Euskaltzaindiak ehun urte bete ditu eta azken urte honetan  aukera izan dugu nola, zergatik eta zertarako sortu zen gogora ekartzeko. Oroitu dugu nolakoa zen euskararen egoera XX. mendearen hasiera hartan. Urte haietan bizitako ‘pizkundeaz’ hitz egin dugu.  Omendu ditugu erabaki haren atzean izan ziren norbanako eta erakundeak. Geroago etorri ziren garai ilunak ere saminez gogoratu ditugu”.

Duela 50 urte euskara batua sortzeko Euskaltzaindiak egin zuen lana ere azpimarratu nahi izan du Lehendakariak, eta mugarri horrek euskara biziberritzeko prozesuan izan zuen garrantzia nabarmendu du. Hala ere, etorkizunera begiratu nahi izan du: “Euskaltzaindia etorkizunera begira dago. Zuek,  inork baino hobeto dakizue aurrera jarraitu behar dela: ekin eta jarrai”. Azkenik, euskarak epe laburrean dituen erronketako batzuk aipatuz amaitu du: euskararen sustapena arlo sozioekonomikoan, hizkuntzaren transmisioa familietan, erabilera aisialdian edota euskarako kultur edukien kontsumoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak