Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik eta Fukushimak lankidetza-memoranduma sinatu dute

2019.eko urriak 09
  • Japonia lehentasunezko herrialdetzat jotzen da 2020rako Euskadi Basque Country Estrategian

  • Lehendakariak energiaren sektorea nabarmendu du Euskadiko Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren lehentasunetako bat bezala

Iñigo Urkullu Lehendakariak Masao Uchibori Fukushimako (Japonia) gobernatzaileari egin dio harrera; lankidetza-memoranduma sinatu dute, energia berriztagarriari  aplikatutako teknologien, efizientzia energetikoaren eta biltegiratze energetikoaren arloan.

Gaur goizean Ajuria Enea Jauregian izan den ekitaldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Marían Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria ere izan dira.

Bileraren eta lankidetza-memorandumaren sinaduraren ondoren, Lehendakariak eta Fukushimako gobernatzaileak agerraldia egin dute komunikabideen aurrean, akordioaren baldintzak azaltzeko.

Lehendakariak ziurtatu du lankidetza-memorandumak bi gobernuen arteko lankidetza sendotuko duela. “Hasiko dugun bideak hurbildu egingo gaitu, eta ziur gaude alde bientzako interesgarria izango dela industriaren, ingurumenaren eta bizi-kalitatearen ikuspuntutik funtsezkoa den sektore ekonomikoan”, esan du. Gainera, Lehendakariak azpimarratu du Japonia lehentasunezko herrialdetzat jotzen dela 2020rako Euskadi Basque Country Estrategian.

Memoranduma sinatzean, harreman bati ekin zaio; hartan, harreman-lotura formalak eta lankidetzarako interes argia dituzten enpresek eta energiaren sektoreko eragileek ere parte hartzen dute. Lehendakariak energiaren sektorea nabarmendu du Euskadiko Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren lehentasunetako bat bezala.

Lankidetza-memorandumean jaso diren gaiak oso zehatzak dira:energia berriztagarriari aplikatutako teknologiak; efizientzia energetikoa eta biltegiratze energetikoa haize-energiaren arloetan; energia fotovoltaikoa; sare adimendunak eta kudeaketa energetikoa, hidrogenoa eta biltegiratzea.

Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek Japonia bisitatu zuen, eta zenbait bilera izan zituen herrialde hartako agintariekin, eta bisitak egin zituen industriaren eta energiaren intereseko zentroetara. Helburua izan zen aurrez aurre ezagutzea I+G jardueraren laguntza-politikak Japonian, bai energia berriztagarrietarako, bai industria-teknologia hobetzeko. Aldi berean, Fukushimako prefeturako eta bertako Energia Agentziako agintariek Euskadi bisitatu dute otsailean eta maiatzean. Lehendakariak nabarmendu du lan-bisita horien bidez, lankidetza-aukerak egiaztatu direla euskal enpresekin, eta Energiaren Klusterraren esparruan sektoreko eragileen lankidetzan sakondu dela.

Sinadura horren ondoren, Fukushimako ordezkaritzak energia berriztagarrien sektorean oinarritzen den mintegi batean parte hartuko du; hartan, Euskadiko eta Japoniako erakunde eta enpresen parte-hartzea izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak