Eu

Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizerako dituen enplegu-planen bidez, 513 enplegu sortuko dira, iaz baino % 25 gehiago

2019.eko urriak 09
  • Lanbidek jarduketa-ildoei egiten dien ekarpen ekonomiko globala 5 milioi eurotik gorakoa izango da
  • Lehen aldiz aurreikusiko da “enplegurako talka-plana”; haren bidez, 111 kontratu sortzea aurreikusten da
  • Gazteentzako plan bereziaren bidez –Eusko Jaurlaritzaren aldetik 1,12 milioi euroko laguntza ekonomikoa du–, 59 enplegu sortu ahalko dira
  • “Enplegu-plan arrunta”k 2,91 milioi euro izango ditu, eta, haren bidez, 343 lanpostu sortu ahalko dira; haietatik, 185 toki-enpresei bideratuta

VG 09 10 19

2019ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Plana Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko baterako ekimena da eta, haren bidez, 513 lanpostu sortu ahalko dira, iaz baino % 25 gehiago. Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, jarduketa-ildoak aurkeztu dituzte; haien artean, nobedade gisa, Enplegurako Talka Plana sartu da. Ekimen horren bidez, ehun kontratu berri baino gehiago sinatu ahalko dira. Gazte Enplegu Plana eta Enplegu Plan Arrunta ere kontuan hartuta, hiru planek 5.024.700 euroko ekarpen ekonomiko globala dakarte Lanbideren aldetik.

 

Gorka Urtaran alkateak bereziki nabarmendu du “erakundeen arteko lankidetza, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzea posible egiten duen formula gisa. Azken lau urteotan, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen enplegu-planen bidez egin duen inbertsioa 14,5 milioi eurotik gorakoa izan da. Erakundeen laguntza hori eta enpresen beren ahalegina aintzat hartuta, aldi horretan 6.000 langabe gutxiago daude. Hala ere, badakigu gure hirian oraindik 15.000 pertsona langabezian daudela, eta haiek gure lehentasuna dira”, esan du Gorka Urtaranek.

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “513 lan-kontratu berrien bidez, DSBEaren hartzaileei, emakumeei, gazteei, iraupen luzeko langabeei eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonei ekarriko dizkiete onurak. Kontratu horien bidez, instalazioak irizpide jasangarriei jarraikiz birgaitu eta hobetu ahalko dira. Vitoria-Gasteizko tokiko enplegu-planek, halaber, aniztasun funtzionala duten pertsonak laneratzeko aukera ere ekarriko dute”.

 

“Plan horien bidez –esan du Artolazabal sailburuak–, lankidetza publiko-pribatutik, beste urrats bat gehiago ematen dugu enpleguaren susperraldian. Ekimen horren eta beste batzuen bitartez, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako duen helburu handia finkatzen dugu. Langabezia Vitoria-Gasteizen eta autonomia-erkidegoan, oro har, % 10etik behera dago dagoeneko. Albiste positibo horrek beste albiste txiki batzuk ditu, besteak beste, 513 kontratazio berri 513 gasteiztarrentzat, tokiko enplegu-plan horien eta erakunde eta enpresen arteko lankidetzaren ondorioz”.

 

 

Enplegu Plan Arruntaren Alderdi Berdea<0}

 

 

Enplegu Plan Arruntak, aurreko urteotan bezala, bi jarduketa-ildo izango ditu: enplegua sustatzekoa, zuzenean Udalak onura edo interes publikoko jarduerak garatzeko kudeatzen dituen kontratu guztiek osatzen dutena, eta kontrataziorako laguntzena, beren plantilletan lanpostu berriak sartzeko toki-enpresak bultzatzekoa. Bi ildoen artean, 343 enplegu sortuko dira, iaz baino bost gehiago.

 

Lehen kasuan, enplegua sustatzekoan, aurreikusten da urte erdiko iraupeneko 158 kontratu egitea; horretarako, 1.814.244 euroko esleipena dago, Lanbideren aldetik. Kontratu horien erdia inguru eraikuntza eta birgaitze jasangarrian inplikatutako gremio eta profesionalen lan-eremura bideratuko da.

 

Kontratazioetarako 73 proiektuetatik, 18k harreman zuzena dute enplegu berdearekin. Efizientzia energetikoa, energia aurreztu ahal izateko argiteria, zuraren erabilera ekologikoa edo klima-aldaketari aurre egiteko estrategiaren eguneratzea aurreikusitako lan-eremuetako batzuk dira. Toki-eremuko enpresa pribatuek egiten dituzten kontratazioentzako laguntza-ildoa dela eta, 1.105.125 euro bideratuko dira 185 kontratu sinatzeko laguntza ekonomikoetara –iaz baino hamar gehiago–.

 

Enplegurako Talka Plan berria

Aurten, enplegu-planetan aparteko deialdi bat sartu da, Enplegurako Talka Plana, langabeziak intzidentzia berezia duen guneetan kontratazio-ekintzak sustatzeko. Haren bidez, 111 enplegu sortu ahalko dira; haietatik, 57 kontratu toki-enpresetara bideratuko dira eta beste 54 zuzenean egingo ditu Udalak.

 

Enplegu berdeak ere protagonismoa izango du plan horren barruan; 22 kontratu bideratuko dira burdinbide berdeetako paisaia eta Olarizuko lorategi botanikoa egokitzeko lanetara. Gainera, beste 8 lanpostu gehituko dira eraikuntza jasangarriaren eta efizientzia energetikoaren eremuan.

 

Gazte Enplegu Plana

Bigarren urtez, Vitoria-Gasteizko Enplegu Planek gazteei zuzendutako enplegu-plan berezia izango dute. Gazte Enpleguaren Programa Operatiboaren esparruan, guztira 16 eta 29 urte bitarteko enplegu-eskatzaileak laneratzeko 59 kontratu sortzea aurreikusi da. Zenbait trebakuntza-mailari egongo dira zabalik eskaintza horiek, garatuko den programaren arabera: lizentziatura edo unibertsitate-gradua eta eskolatze-ziurtagiria, besteak beste. Kontratu guztiek urtebeteko indarraldia izango dute, eta hartara 1.127.505 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko da.

 

Gazte-enplegu plan horren barruan nabarmentzekoa da eraikuntzako oinarrizko lanbideetan belaunaldi-txandarako proiektu bat abian jarriko dela; haren bidez, 17 lanpostu sustatu nahi dira.

 

Langabeziaren intzidentzia handiena duten kolektiboak

Vitoria-Gasteizko Enplegu Planen funtsezko helburua da langabeziaren eragin handiena jasaten duten kolektiboak lanpostu batean sartzeko bide ematea. Hori dela eta, kontratuak egiteko orduan honako kolektibo hauek hartuko dira batez ere gogoan: emakumeak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak edo gizarte-bazterketarako arriskuan dauden pertsonak.

 

Enplegu-planetara jotzeko oinarrizko eskakizunak, interesdunen kasuan, honako hauek dira: langabezia-egoeran egotea, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea eta Vitoria-Gasteizen erroldatuta egotea.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Felipe Garcia