Eu

Beatriz Artolazabal: “DSBEaren erreformak gizarte bidezkoagoa eta kohesionatuagoa sustatzen du eta, horrela, eredua eta babesa hobetzen ditu”

2019.eko urriak 18
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Legebiltzarreko Enplegu Batzordean hitz egin du
  •  “Helburuak: familiak hobeto babestea eta haur-pobreziari aurre egitea; kudeaketa hobetu eta gizarte-errealitate berrietara egokitzea, eta onuradunen lan-aktibazioa sustatzea”
  • “Babes-neurrien egokitzapenak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren babesa eta sarbidea hobetuko ditu”.

VG 18 10 2019

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Eusko Legebiltzarrean berme-errenta  (DSBE) hobetzeko aurkeztu den lege-proposamenak gizarte bidezkoagoa eta kohesionatuagoa sustatzen du, eredua eta babesa hobetzen ditu, euskal gizartea eta familiak gehiago babesten ditu eta gizarte-errealitate berrietara egokitzen da. Horretarako, araudi malgua garatzen du, familia-egituren eredu berrien beharrei erantzuteko”. Artolazabalek Legebiltzarreko Enplegu Batzordean honako hau esan du: “DSBE berriak ekarriko dituen babes-neurrien egokitzapenak hobetu egingo ditu diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren babesa eta sarbidea; helburua gehiago eta hobeto babestea da”.

 

Beatriz Artolazabalen ustez, "funtsezkoa da diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa eraginkorra; horretarako, hobekuntza batzuk egin ditugu, prestazioak izapidetzeko prozedurak eta bizikidetza-unitatearen kontzeptua sinplifikatuz, pertsonen egoera aldakorretara egokituta. Beharrezkoa da egon daitezkeen desfaseak eta horien ondorioak minimizatzeko gai izango den kudeaketarako aukera emango duen arau-eredu bat izatea, prestazioen kontrola eta berrikuspena arautzen duten arauak hobetzea ahalbidetuko duena ".

 

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi duenez, "Euskadik 30 urteko ibilbidea du gutxieneko errentak sustatzeko politiketan, Europako gomendioei jarraituz; izan ere, Batasunak gutxieneko errenta bermatuak izateko eskatzen zien botere publikoei, herritar ahulenak gizarteratzen laguntzeko. 1989ann Pobreziaren aurkako Borrokarako Plan Integrala jarri zen abia, eta, gaur egun, hiru hamarkada geroago, diru-sarrerak bermatzeko euskal eredua erabat koherentea da Europako erakundeen orientabideekin”.

 

Aurreratua

Legebiltzarrean egindako agerraldian, Beatriz Artolazabalek nabarmendu duenez, "euskal eredua Europar Batasuneko herrialde nagusiek garatutako politika aurreratuenekin bat dator. Gutxieneko Errentei buruzko Txostenean, jardunbide egokiaren adibidetzat euskal eredua jartzen zuen, eta horrek erakusten zuen egokiak zirela ondorengo euskal gobernuek garatu dituzten ekimenak. Politika hori euskal gizartearen sentsibilitatearen ondorioa da; babes-sistema ona dugu, eta orain hobetzea dagokigu, gehiago eta hobeto babes dezan ".

 

"Gutxieneko diru-sarrerak lortzeko neurriez gain, beste mekanismo batzuk ere zehaztu dira, besteak beste lan-merkatu inklusiboa sortzera bideratutakoak. Euskadin ezarritako diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko ereduaren bereizgarria eskubide bikoitzaren ideia da; onuradunek gizarteratze- eta laneratze-prozesuetan parte hartzen dute. Gure ereduak egiturazko pobreziaren adierazleen murrizketa nabarmena ekarri du, eta diru-sarrerak bermatzeko sistema hori eraginkorra izan da Euskadiko pobreziaren prebentzioan, eta aukera eman du Europako herrialde askoren antzeko ongizate-tasei eta handiagoei eusteko", esan du Artolazabalek.

 

Artolazabal sailburuak azken PGEIren ondorioak aipatu ditu: “euskal herritar gehienak ongizate erosoan bizi dira; pobreziaren pertzepzio subjektiboa % 2,7koa baino ez da. Eta BPGd-ari dagokionez biztanleria pobreenaren % 10eko errentaren ehunekoa Suediako ehunekoen mailetatik gora dago”.

 

“Krisialdiko urteen ondoren, orain bi fenomeno paralelo daude: euskal biztanle gazteen emantzipazio-prozesu gehiago sortzeak Euskadin etxe-kopurua nabarmen areagotzea dakar, eta, bestalde, baliabide gutxiko gero eta immigrazio handiagoak aukeratzen du Euskadi beren bizi-proiektuak eraikitzeko leku gisa”, esan du Artolazabalek.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “azken urteotan, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte- eta lan-inklusiorako ezarritako neurrien eraginkortasunean krisi ekonomikoaren ondoriozko baldintzek izan dute eragina, eta, gaur egun, errealitate aldakorra bizi dugu. Errealitate aldakor hori aintzat hartuta, araudi malgu egokia behar dugu, biztanle-talde ahulen beharrei erantzuteko, eta araudi horrek etxeen eta familia-egituren atomizazio-prozesuen ondoriozko familia-eredu berrietara egokituta egon behar du”.

 

Eguneratzea

Eusko Jaurlaritzak proposatutako DSBEaren erreformaren bidez, Artolazabalek zehaztu duenez, honako hau lortu nahi da: “diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema sistema autonomo gisa eguneratzea, osotasun koherentean eta integratuan eratua; testuinguru sozioekonomikotik sortutako beharrei neurri eta irtenbide bereziekin erantzutea; inklusio-hitzarmenak kudeatzearekin lotutako araudi-alderdiak berrikustea; herritarrengandik hurbilago dagoen sistema bat; eskainitako prestazioen estaldura hobetzea; prestazioen kudeaketa hobetzen aurrera egiteko baliabideak ematea, eta diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema eratzen duten prestazioen eginkizuna mugatzea”:

 

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak Legebiltzarreko batzordean bertan esan du DSBEaren hobekuntza-proposamena “lege-proposamen formatuan aurkezten dela, garrantzitsua baita legea aldatzeko prozesua ez atzeratzea.  Horregatik izan dira Gobernuaren euskarri ziren Legebiltzarreko taldeak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko lege-proposamena aurkeztu dutenak. Izapidetze-aldaketa, legearen aldaketa gehiegi ez luzatzeko eta ahalik eta lasterren sartu ahal izateko indarrean”.

 

Horretarako, gizarte- eta sindikatu-erakundeetako ordezkariek Enpleguko, Gizarte Politiketako eta Gazteriako Batzordean eginiko ekarpenak ere entzun eta aztertu dira. Agerraldi horietan 94 gai zehatz identifikatu ziren: haietatik, 41 osorik edo zati batean sartu dira lege-proposamenean; 20 kontuan hartuko dira, dagokion dekretua zehazten denean; 13 ez ziren arau honetarako gai aplikagarriak, eta 16 ez dira sartu.

 

Artolazabalek pobreziari eta beharrari buruzko AROPE txostena aipatu du, eta hark dakar tasarik baxuenak Euskadikoak eta Nafarroakoak direla (% 12,1 eta % 12,6, hurrenez hurren), eta altuenak beste eskualde batzuetan erregistratzen direla (% 38,2 eta % 44,6).

 

Aldaketak

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako legearen formulazio berriaren bidez, aurreko araudiari dagokionez aldaketa nabarmenenak honako hauek dira: diru-sarrerak bermatzeko errentarekin batera, pentsiodunentzako errenta bermatua ezartzen da; bizikidetza-unitatearen kontzeptua berriro definitzen da, oro har, etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiak bizikidetza-unitate berekoak izateko; salbuespenezko bizikidetza-unitateak egotea aurreikusten da, aldi baterako etxebizitza berean bereizita; prestazioaren titularraren, onuradunaren eta hartzailearen irudien definizioak aldatu dira.

 

Bestalde, aldatu egin dira zuzenbideko ekonomia-prestazioetara jotzeko eta haiei eusteko eskakizunak eta, horrela, bi urtetara murriztu da erroldaren eta egoitza eraginkorraren gutxieneko aldia; nazioarteko babesaren edo asiloaren eskatzaileak gutxieneko erroldaren eskakizunetik libratzen dira; zuzenbideko prestazio ekonomikoen gehieneko errenta bermatua zehazteko eredu berria antolatzen da eta, beraz, bermeen euskal sisteman integratutako prestazio ekonomikoak zuzenbideko prestazio ekonomikoetara – diru-sarrerak bermatzeko errenta eta pentsiodunentzako errenta bermatua– eta gizarte-larrialdietarako laguntzetara murrizten dira.

 

Azkenik, antzinako araudian ezarritako zehapen-araubidea erreformatzen da, araubide eraginkorragoa izateko eta diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemaren beraren errealitatean aplikagarria izateko.  Horrela, arau-hausteen sistema berbideratzen da eta, horretarako, prestazioak eskuratzeko jarduera engainagarri, iruzurrezko edo arduragabeen kasuak tipifikatzen dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Leire Pinedo