Berriak Hezkuntza
Eu

Bigarren Hezkuntzako ikasleak, ELOS programa europarraren World Coffe saioan

2019.eko urriak 17
  • Europaz, bertako hizkuntzez eta ohiturez duten ikuspuntua partekatu dute 20 gazte inguruk, ingelesez burutu duten solasaldian

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetako 20 ikasle inguruk hartu dute pate gaur goizean Gasteizko Mendebaldea Institutuan –Hezkuntza Sailak antolatuta- burutu den ELOS World Coffe ekimenean. Elos sareko kide diren bost euskal institutuetako ikasleak ziren: Aguraingo Aniturri BHI, Donostiako Antigua-Luberri BHI, Bilboko Botikazar BHI, Gasteizko Ekialdea BHI eta Azkoitiko Azkoitia BHIko neska-mutilak.

Ordubetez, eta bosna laguneko lau mahaitan banatuta, Europa izan da gazteek ingelesez izan dituzten solasaldietako ardatz nagusia. World Coffe saioetan erabili ohi den dinamika jarraitu dute: mahai bakoitzean ordu laurdeneko denbora, eta Europako Batasunarekin zerikusi zuzena duen galdera sorta izan dituzte gazteek solaserako, hurrengo mahaira pasatu aurretik.

Lehen mahaian, Europako Batasuneko gai orokorrak eta bertako erakundeak izan dituzte mintzagai: Zer da Europako Batasuna zuretzat?; Zein motatako erabakiak hartzen dira Europako erakundeetan?; Erabaki horiek ba al dute eraginik zugan?... Bigarren mahaira pasatutakoan berriz, Europako hizkuntzen eta ohituren ingurukoak izan dira galderak, eta euren ikastetxeetan Europarekin lotura duten zein jarduera antolatzen den azaldu diete elkarri ikasleek.

Hirugarren mahaira, hau da, “Europa amets” goiburua zeraman mahaira aldaketa egin dutenean, aktualitatearekin lotura estua duten gaiei heldu behar izan diete: Ezagutzen duzu “Elkarrekin aniztasunean” dioen Europako leloa? Zer esan nahi du anitza izateak? Guztiok gara europarrak, guztiok berdinak? Zer pentsatzen duzu errefuxiatuei buruz, eta beraien beharrei Europak emandako erantzunari buruz? edo Ba al dakizu nola azaldu errefuxiatu eta etorkinen arteko desberdintasuna?, beste zenbait galderarekin batera. 

Laugarren mahaian, azkenik, euren etorkizunaz hitz egin dute gazteek: etorkizunerako euren planez, atzerrian ikasteko edo bizi izateko aukerez, edo beste hizkuntzaren bat ikasteko asmoez jardun dute.

ELOS World Coffe saioa, urtez urte, gai horien guztien inguruan duten ikuspegia beste herri batzuetako baina adin bereko beste ikasle batzuekin partekatzeko egokiera bikaina izan ohi da, goiz batean zehar, eta ingelesa praktikatuz.

Zer da ELOS sarea?

Helburuetan bat egiten duten Europako ikastetxeen sare bat da ELOS. Sare honetako kide diren ikastetxeek, Europako beste ikastetxe batzuekin nazioarteko topaketetan parte hartzen dute, esperientzia trukeak gauzatzeko. Dimentsio europarrari lotutako kontzeptuak garatzen dituzte ikastetxe hauek ikasleekin, hau da, ikasleek etorkizunean herritar europar izateko behar dituzten edukiak, gaitasunak eta jarrerak lantzen dituzte. Sareko ikastetxe guztiek, gainera, Europa mailan garatu eta aplikatutako ebaluazio eta ziurtatze- tresnak erabiltzen dituzte. Helburua, beraz, Europa eta nazioarteko dimentsioak gero eta protagonismo handiagoa izango duen etorkizunari era sortzaile eta eraginkorrean aurre egiteko ikasleak prestatzea da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2019.eko urriak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ Alumnado de Secundaria participa en la sesión World Coffe del programa europeo ELOS ➡︎ https://t.co/myrt0MZj1J https://t.co/

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak