Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du ‘Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz’ programaren bitartez Ertzaintzak zabalkundearen, lankidetzaren, inklusioaren eta elkarbizitzaren arloan egindako lana

2019.eko urriak 18

2018-2019 ikasturtean segurtasuneko zabalkunde-programa 43.596 pertsonarengana iritsi da 1.390 ekintzaren bitartez

Iurreta, 2019ko urriak 18.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azpimarratu du 250 bat ertzainek ‘Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz’ programaren bitartez zabalkundearen, lankidetzaren, inklusioaren eta elkarbizitzaren arloan egiten duten lana. Ertzain talde horrek hitzaldiak ematen ditu aniztasunaren eta berdintasunaren alde eta diskriminazioaren aurka lan egiten duten gizarte kolektibo eta elkarteetan, bai eta ikastetxeetan ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Sailburuak Ertzaintzaren Baliabide Operatiboen Iurretako Egoitzan gaur egin den topaketan egin ditu adierazpen horiek. Bileran programaren balantzea egin da, eta Ertzaintzarekin batera lan egiten duten eta Ertzaintzak zerbitzua ematen dieten elkarteak eta pertsonak gonbidatu dituzte hirugarren urtez jarraian.

 

“Segurtasunaren arloan herritarrekin lan egin behar dugu, ez herritarrentzat bakarrik. Aldebiko harreman horrek, elkarreragin- eta komunikazio-harreman horrek, duen garrantzia nabarmendu nahi dugu, bai komunitatearen premiak hautemateko eta planteatzeko bai erantzuna eta irtenbideak emateko”, adierazi du Segurtasuneko sailburuak bere esku-hartzean, eta azpimarratu du ‘Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz’ programa adibide praktiko bat dela. Testuinguru horretan, euren lanerako gogoa eta emandako laguntza eskertu nahi izan die programa horretan parte hartzen duten ertzainei, “guztion ondasunak diren elkarbizitzari, segurtasunari eta gizarte-ongizateari egindako ekarpenarengatik”.

 

 

Aurretik, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok ongietorri egin die Iurretan egin den ekitaldira gonbidatutako kolektibo eta elkarteei, eta Ertzaintzaren buruak, Josu Bujandak, 2018-2019 ikasturteko datuak aurkeztu ditu. Jardunaldian programaren ardura duten agintariak, programaz arduratzen diren ertzainak, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Nagusiko kidea eta gonbidatutako elkarte eta kolektiboen ordezkariak izan dira. Ikasturtean zehar Ertzaintzaren ‘Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz’ programaren baitan 1.390 ekintza burutu dira guztira, eta ekintza horiek 43.596 pertsonarengana iritsi dira. Ekintza edo jarduera horietako gehienak, 1.145, alegia, hezkuntzaren esparruan egin dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Horrez gainera, lehenbiziko aldiz 56 zabalkunde-jarduera egin dira IGEekin, eta guztira 1.496 gurasorengana iritsi dira. Gurasoen kezka nagusiak Interneten arriskuak, eskola-jazarpena eta droga-kontsumoa izan dira.

 

Bestalde, 2018-2019 ikasturtean, Ertzaintzak hainbat kolektiboren eskaerei ere erantzun die eta, bereziki, aniztasunaren esparruari. Horrela, ikasturtean zehar 82 jarduera antolatu dira ezintasunen bat duten pertsonekin eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonekin zerikusia duten elkarteei erantzunez, eta jarduera horiek 1.638 pertsonarengana iritsi dira. Pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen esparruan, eta Gurutze Gorriarekin lankidetzan, 15 jarduera garatu dira Bizkaian sortutako lehenengo taldearekin, eta ijitoen komunitatearen esparruan, berriz, guztira 46 jarduera antolatu dira Arabako eta Bizkaiko elkarteekin, zehazki Gao Lacho Drom eta Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteekin.

 

Parte-hartzea

Datuak aurkeztu ondoren, Basauri Ikastetxeko zuzendariak hartu du hitza. Ertzaintzak lehenbiziko aldiz eman zituen bertan LGTBI pertsonen esparruan eskola-jazarpenari aurre egiteko hitzaldiak. Ikastetxearen arduradunak esperientziaren eta hitzaldietan ikasleek izandako parte-hartzearen berri eman du.

 

Jardunaldian Gao Lacho Drom elkarteko emakume ijitoen ordezkari batek ere parte hartu du. Ertzaintza orain dela bi urtetik ari da lanean elkarte horrekin ijitoen komunitatea Ertzaintzara hurbildu ahal izateko oztopoak eta mitoak desegiteko, eta, besteak beste, honako gaiak lantzen dituzte: berdintasuna, genero-indarkeria, gizarte-sareen eta Interneten arriskuak, droga-kontsumoa eta bullynga.

 

Bestalde, ekitaldian AVIFES – Senideen eta Gaixotasun Mentalaren Bizkaiko Elkartea eta Asajer – Errehabilitazioan diren Arabako Jokalarien Elkartea aurkeztu dira. Elkarte horiekin droga-kontsumoa eta esparru digitaleko portaera-adikzioen prebentzioa landuko dira.

 

Bideoa

Jardunaldian zehar ‘Harremana, lankidetza eta inklusioa.Gutxiengo etnikoekin Ertzaintzaren lan dinamika’ bideoa ikusi da. Bideo hori Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren Europako Asterako bideo laburren lehiaketara aurkeztu da, eta Ertzaintzak gutxiengo etnikoekin egiten duen lanaren dinamikak jasotzen dira bertan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda, Jefe de la Ertzaintza