Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak berretsi egin du Euskadi Basque Countryk planetaren natura-inguruneak dakarkigun altxorrarekin duen konpromisoa

2019.eko urriak 21
  • Egileen bigarren bilera Arabako hiriburuan izango da, urriaren 21aren eta 27aren artean

  • Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Zientzia eta Araudi Plataforma (IPBES) gobernuarteko organo independentea da; Nazio Batuek babesten dute eta helburua da zientziaren eta politika publikoen formulazioaren artean zubiak ezartzea

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin batera, Biodibertsitatearen arloko Egileen Nazioarteko II. Bilera inauguratu du.

Biodibertsitatearen eta ekosistemen arloan nazioarteko espezialista onenak Arabako hiriburuan batuko dira, urriaren 21aren eta 27aren artean, naturak, haren ekosistemek eta biodibertsitateak eskaintzen dituzten askotariko balio eta onurak aztertzeko.  Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Zientzia eta Araudi Plataformako (IPBES) adituen taldea da; hura gobernuarteko organo independentea da, eta Nazio Batuek babesten dute.

Lehendakariak gobernuarteko plataformak biodibertsitatearen benetako egoerari buruz eskaintzen duen informazio globala aipatu eta nabarmendu du informazio baliagarria dela, planeta osoan giza ongizateari egiten dion eragina ezagutzeko. Iñigo Urkulluk azpimarratu du biodibertsitatea ezagutu eta zaintzea bizitza-asegurua dela gizatasunarentzat, eta hori lehentasunezkoa dela erakundeentzat eta gizartearentzat, oro har.

Bestalde, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak gobernuarteko platafomaren diagnostikoa eta ardura partekatu ditu; hura pasa den maiatzean gure planetan biodibertsitatea jasaten ari den narriadura masiboari eta bizkorrari buruz eman zuen txostenean jaso da. Txostenean, halaber, premiazko neurri globalak hartu ezean narriadura hori atzeraezina izateko dagoen arriskuaz ere ohartarazten da. “Gure dimentsioaren eta indarren neurria aintzat hartuta, naturaren garapen jasanezin eta suntsitzailerako alferkeriaren aurka lan egingo dugu”, esan du.

Natura kontserbatzea eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea biak beharrezkoak direla aintzat hartuta, Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak, uztailaren 30ean, Klima-larrialdiaren erakunde-adierazpena onetsi zuela.

Bileraren helburu nagusia da IPBESren balioei buruzko ebaluazioan aurrera egiten jarraitzea, alegia, naturarekin zerikusia duen balioen aniztasunari buruzko ezagutza laburtzea, dauden ikuspegi, ikuspuntu eta ezagutza-sistemen arabera, eta giza ongizaterako dakartzan onurak aitortzea. Horrekin guztiarekin, amaierako txostena prestatuko da.Balioei buruzko ebaluazioa IPBESren azken xedearekin bat dator:planeta guztian politikarako eta ingurumen-ekintzarako funtsezko informazioa ematea.

Lehendakariak eskerrak eman ditu Plataformaren lanagatik eta natura babesteko egiten duen ekarpenagatik; izan ere, natura “altxor globala da, eta tokiko konpromisoa eskatzen du”. Horrela, giza garapen jasangarriaren ereduarekin aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi du, “gizarte orekatuagoa, zuzenagoa eta bidezkoagoa izateko”. “Berretsi egiten dugu Euskadi Basque Countryk gure planetaren natura-ingurunea den altxorrarekin duen konpromisoa. Tokiko konpromisoa biodibertsitatearen altxor globalarekin”, esan du.

Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du Gobernuaren eginkizuna dela gizarte osoak bere gain hartu behar dituen ekintzetan buru eta eredu izatea.Hori horrela, zenbait ekintza aipatu ditu, besteak beste: Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege-proiektua aurkeztea, edo Klima Aldaketaren Legea prestatzea, zeina gida izango baita karbonoan neutroa eta erresilientea izango den gizarterako trantsizioa egiteko.

IPBES

Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Zientzia eta Araudi Plataforma (IPBES) gobernuarteko organo independentea da, eta Nazio Batuek babesten dute. Haren helburua da zientziaren eta politika publikoen formulazioaren arteko harremanak sustatzea eta, horrela, erabakiak hartzen dituztenek zientzia-elementuak izan ditzaten, ingurune naturalaren babesa eta biodibertsitatea aintzat hartu eta araudi-sistemetan jaso daitezen.

94 gobernu nazionalek sortu zuten, 2012an, eta, gaur egun, mundu osoko 132 estatu-gobernu ditu.Gobernuarteko plataformak Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) antzeko maila eta lana du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak