Berriak Hezkuntza
Eu

Eskola Hiztun Bila jardunaldiak ikastetxeetako hizkuntza normalizazioko 400 teknikaritik gora elkartu ditu Bilbon

2019.eko urriak 22

“Euskaraz ahal eta nahi” leloarekin eta bi egunez, 410 profesionalek euskararen erabilera sustatzeko euskal ikastetxeetan abian diren esperientziak ezagutu eta partekatuko dituzte

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria lagun zuela, hasiera eman dio gaur goizez Bilbon XXIII. Eskola Hiztun Bila jardunaldiari. Hezkuntza Sailak ikastetxeen hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan antolatzen duen jardunaldi honek 410 lagunetik gora elkartuko ditu gaur eta bihar Bilbon, Hizkuntza Normalizazioko Aholkulari Teknikoak gehien bat, honako lelo nagusi honekin: “Euskaraz ahal eta nahi”.

Aspektu teorikoak ez ezik, ikastetxeetan abian diren esperientzia praktiko ugari ere ezagutu eta partekatu ahal izango dituzte profesionalok bi egun hauetan. Euskararen jabekuntzarekin loturiko estrategia didaktikoez arituko dira, eta ikasleekin landu beharreko jarrera edo motibazioak ere aztertuko dituzte Eskola Hiztun Bila jardunaldian. Hau da, nola hobetu hizkuntzaren jabekuntza prozesua eta nola landu erabilerarekin lotutako aspektuak.

Ongietorriko hitzaldian, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeakikastetxeek garatzen dituzten Hizkuntza Normalizazioko Planak kokatzen diren Hezkuntza Sailaren erreferentzia-esparrua izan du hizpide, eta hizkuntza-gaitasunaren garapenak –euskara ardatz hartuta- dakarren paradigma aldaketan egin du azpimarra. Kanpo-ebaluazioen emaitzak hobetzearen aldeko apustua ere nabarmendu du, ikasturtean zehar hezkuntza sisteman sartzen diren ikasleei arreta emateko ekimen berriak bezalaxe, eta azkenik, euskara ikastearen eta euskal kultura ezagutzearen balioa, gizartea lortzeko erreferente gisa.

Bestalde, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hizkuntzaren ezagutzarekin eta erabilerarekin duten harreman estua azaldu du, eta Hezkuntza Sailaren Ulibarri programaren barnean garatzen diren Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuek nahiz Normalizazio Proiektuek duten garrantzia azpimarratu du. “Hizkuntza Normalizazio Proiektuen bidez ikasleen gaitasuna sustatzen eta bermatzen dugu, hau da, euskaraz hitz egin ahal izatea (hizkuntzaren jabekuntza prozesua), baina baita beste aspektu garrantzitsu bat ere: euskaraz hitz egin nahi izatea. Zertarako balio digu euskaraz jakiteak, gero ez badugu erabiltzeko intentziorik edo jarrerarik? Hanka motz geratuko litzateke gure egitekoa, eskolaren egitekoa eta gizartearen nahia”, azaldu du.

Euskara eskolako ekintzetan, barruko nahiz kanpoko jardueretan modu normalizatuan eta ohituraz erabiltzea dela Ulibarri programaren helburua azaldu du Torrealdayk. “Bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat, eta euskarak gizarte-erabilera desorekatua eta ahula duenez gaztelaniaren aldean, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak. Horretarako sortu zen Ulibarri”.

Jardunaldien lehen egun honetan saio guztien gai nagusia “Eskolatze hizkuntzaren trataera didaktikoa” izan da. Irekiera ekitaldiaren ondoren, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eneritz Garro eta Karmele Perez irakasle eta ikerlariek hartu dute hitza, euskal eskolak egun dituen erronkekin lotura estua duten gaiak jorratzeko (ikus egitaraua).

Jardunaldiek bihar, urriak 23, izango dute jarraipena, Bilboko Bizkaia Aretoan, honako gai hau ardatz hartuta. “Ikasleekin hizkuntza jarrerak, motibazioa edota heziketa soziolinguistikoa lantzen”. Bigarren egun honetan, ikastetxeetan abian diren esperientziak partekatuko dira. Esperientzia horiek guztiak, berritzaileak izaki, ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzeko arrakastatsuak izan dira. Bigarren egunari Kike Amonarriz soziolinguista ezagunak emango dio hasiera eta amaiera. Honako hau izango da Amonarrizen hitzaldiaren izenburua: “Gazteen –eta irakasleen- prestakuntza soziolinguistikoaren beharra”.

Eskola Hiztun Bila

Urtero antolatzen ditu Hezkuntza Sailak aurten XXIII. ediziora iritsi diren Eskola Hiztun Bila jardunaldiak. Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazioa eta esperientzia trukaketa ditu helburu. 1996-1997 ikasturtean jarri zen abian Ulibarri programa euskal ikastetxeetan. Euskararen normalizazio alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa hau, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dute parte bertan, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko xedez. 

Ikus aurtengo egitarau osoa atxikitako PDF dokumentuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak