Eu

Ulm-eko Eskolari buruzko erakusketa ireki da MUGAK Bienalean, eskola horrek diseinuaren munduari egindako ekarpenean ardaztuta

2019.eko urriak 24
  • Sistemen diseinua: Um-eko Eskola eta Braun konpainiaizeneko erakusketan, lehen aldiz erakusten dira eskola horretako lanak gordetzen dituzten hiru artxiboetako materialak; guztira 150 lan egongo dira ikusgai San Telmo museoan eta Euskadiko Arkitektura Institutuan (Santa Teresa komentuaren aldamenean).
  • Gaur egun, mundu osoko etxeetan daude Ulm-ekoen ikerketa-lanetan oinarritutako objektuak. Eskolak iraun zuen 15 urteetan, gaur egungo diseinuaren zimenduak ezarri zituzten Ulm-ekoek, eta hainbat enpresa inspiratu zituzten, hala nola Braun konpainia, eta era berean, enpresa horrek, Dieter Rams zuzendari artistikoaren gidaritzapean, beste hainbat konpainiaren diseinu-ildoetan eragin zuen, hala nola Apple-n.
  • Hainbat jardunaldik eta familientzako lantegi ugarik osatuko dute aurtengo Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko erakusketa nagusia.

MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak aurtengo, 2019ko, edizioko erakusketa nagusia aurkeztu du gaur. Sistemen diseinua: Ulm-eko Eskola eta Braun konpainia orain arte inoiz ikusi gabeko erakusketa bat da, 150en bat lan ikusgai dituena, denak ere Ulm-eko Diseinu Eskolareneta Braun konpainiarenondarea gordetzen duten Alemaniako hiru artxiboek utziak.

Ulm-eko Eskolak 15 urte baino ez zuen zabalik iraun (1953tik 1968ra bitartean), baina denbora hori aski izan zuen gaur egun diseinutzat jotzen dugun diziplinaren zimenduak ezartzeko. Erakusketa larunbat honetan, urriaren 26an, inauguratuko da, eta nahi duten guztiek izango dute bertara joateko aukera 2020ko urtarrilaren 12ra arte. Erakusketa bi aretotan ikusi ahal izango da: Euskadiko Arkitektura Institutuan–MUGAK Bienalaren egoitza nagusia– eta San Telmo museoan, biak ere DonostiakoAlde Zaharrean.

Guillermo Zuaznabareta Neus Moyanokomisarioen arabera, erakusketa hau Ulm-eko Eskolari buruz inoiz egin den “osoena eta zabalena” da. Gainera, Ulm-ekoek Braun konpainiarekin eta Dieter Ramsenpresako zuzendari artistikoarekin zer-nolako harremana izan zuten ere aztertzen du erakusketak, eta horretarako, objektu, argazki, proiekzio, plano eta eskolako ikasleen ariketa ugari erakusten dira, den-denak Hochschule für Gestaltung Ulmeta Renè Spitz Sammlungartxiboek utziak, bai eta Braun Sammlung  ondarearen parte diren hainbat diseinu eta prototipo ere, denak batera lehen aldiz ikus daitezkeenak.

Ulm-eko Eskolak arkitektura, diseinua, zientzia eta teknologia ehundu zituen, eta haren aurrekari nabarmena izan zen Bauhausmugimenduak baino sistema zientifikoagoak sortu zituen, eta horren guztiaren berri ematea du helburu erakusketa honek. Diseinu industriala pentsatzeko eta definitzeko modu berri hori ezinbesteko erreferente bihurtu zen, eta denborarekin, mundu osoko diseinu-eskoletako irakaskuntza-planetan ezarri zen. Enpresa handienek ere, hala nola Lufthansaaeronautika-konpainiak,Bilboko Metroaketa Braunkonpainiak, Ulm-eko Eskola dute inspirazio iturri, eta gauza jakina da Braun konpainiako zuzendari artistikoak, Dieter Rams-ek, sekulako eragina izan zuela Appleenpresaren diseinu-ildoan.

Ulm-eko Eskola Marshall Planaren babespean sortu zen, alemaniar gazteak berrezteko asmoz. Hasieran, Hitlerren erregimenak hildako bi anaien familiak hura sortu zuenean, balio demokratikoak transmititzeko eta gazteak alfabetatzeko eskola bat izango zela erabaki zen, baina horri desegoki iritzirik-edo, Max Bill, Otl Aichereta bi anaien arreba Inge Shollbultzatzaile nagusi zituela, arkitektura- eta diseinu-eskola bihurtu zen.

 “Gure egunerokoan nonahi dago Ulm”

Bigarren Mundu Gerraren osteko Alemaniako sare industrial, politiko eta soziala berritzeko saiakera erraldoian berebiziko eragina izan zuten Ulm-eko Eskolako diseinuek eta estetika erradikalak. Eta gaur egun ere, 60 urte geroago, Ulm-ekoen asmakariak, hala nola espazioa aurrezteko aukera ematen duten objektu pilagarriak, ohi-ohikoak dira mundu osoko etxe guztietan. Katilu, kikara eta plater guztiz gehienak Hans Roerichtdiseinatzailearen ikerketa-lanetan oinarriturik daude, eta etxetresna elektronikoetarako sistemak ere bai. Erakusketako komisarioen arabera, “gure egunerokoan nonahi dago Ulm; etxe guztietan daude objektu eta aparailuak, eskola paregabe haren sistemen edo metodoen bidez eginak daudenak”.

Ulm-eko Eskolak erabat baztertu zuen erabili eta botatzearen kontzeptua, gaur egun hainbeste aipatzen den obsoleszentzia, eta horren ordez, objektu moldaerrazak sortu zituen, hala nola Bofinger M125altzari aparta, San Telmo museoan ikusgai dagoena. Altzari hori Ikeakdiseinatzen dituenen aurrekaritzat dute askok, moduluka saltzen zutelako, eta hura sortzeko, Hans Gugelotdiseinatzaile handiak, etxe bateko objektu guztien neurri estandarretik abiaturik, 125 milimetroko moduluak eginarazi zituen, gainerako objektuekin bat etor zitezen.

Jakina denez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da MUGAK Bienalaren antolatzaileetako bat, eta sail horren buru denIñaki Arriolakesan duenez, "Ulm-eko Eskolak diseinatutako objektuak praktikoak, moldaerrazak eta iraunkorrak izateari garrantzi handia ematen diot; izan ere, gaur egun ere, gauzak erabili eta botatzean oinarritutako gure kontsumo-eredua jasangarria den ala ez auzitan dagoen garaiotan, oso baliagarria iruditzen zait Ulm-ekoen eredu hori, eta ederki ulertzen da haien objektu eta eraginak gaur egun iraun izana”. 

Jaime Otamendik, Donostia Kulturako zuzendariak, azpimarratu du, alde batetik, funtzionalitatea eta estetika uztartzen jakin eta Gipuzkoan gako den sektore batean diseinuak duen garrantzia, museoaren erakusketa iraunkorrean ondo ikus daitekeen bezala; eta bestetik, indargune hau Ulm eskolaren egiteko aparteko moduarekin erlazioan jartzea.

Gure eguneroko oinarrizko ikonografiaren elementu asko eta asko, aldez edo moldez, Ulm-eko Eskolak sortuak dira. Baita gure ordenagailuen oinarrizko sinboloak ere, den-denak Tomás MaldonadoUlm-eko Eskolako irakasleak diseinatuak, Olivettienpresarako sortu zuen pertsonak eta makinak lotzeko sistema baten bitartez. Maldonadoren sinbologia hura lehen ordenagailuetan aplikatu zen, eta geroago, baita telefono mugikorretan ere. Hori dela eta, Neus Moyano komisarioak zera dio: “Esan ohi da ordenagailurik gabeko ordenagailuak sortzen zituztela, informatikaren parametroak zerabiltzatela pentsatzeko. Gaur egun ez ginateke gai izango Ulm-ekoek diseinatutako seinaleztapen grafiko eta piktogramarik gabe bizitzeko”.

Horren eredu dira, besteak beste, Municheko 1972ko Olinpiar Jokoetarako Ol Aicher-eksortutako piktogramak. Gogoan izan behar da haiek izan zirela Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemanian egin ziren lehen Olinpiar Jokoak.

Kosta ahala kosta objektuak erabiltzaileentzat baliagarri izan beharra premisa nagusitzat harturik, Ulm-eko Eskolak ideia nagusi bat hartu zuen ardatz, Zuaznabar komisarioaren arabera: alegia, "diseinu ona ez zela deigarriena, gogaitzen ez duena baizik”. Objektuek moldaerrazak izan behar zuten, neutroak, baliagarriak eta beharrezkoak. Horretan sakontzeko, Moyanok zera erantsi du: "Beren asmoa ez zen diseinua egitea, arazoak ebaztea baizik: ez kartelak egitea, komunikazio-arazo bat konpontzea baizik".

Jendaurrean oso gutxitan ikusitako objektuak

Erakusketaren bi egoitzak, Euskadiko Arkitektura Institutua eta San Telmo museoa, lau sail handitan banatu dira –Komunikazio Bisuala, Produktuen Diseinua, Informazioa (Kazetaritza) eta Eraikuntza (Arkitektura)–, Ulm-eko Eskolaren osaera gogora ekarri nahirik, eta lau horiei beste bat gehitu zaio, Braun konpainiako diseinu-sailari eskainia. San Telmo museoan lau sail jarri dira: Komunikazio Bisuala, Produktuen Diseinua, Informazioa eta Braun konpainiako diseinu-saila; eta Euskadiko Arkitektura Institutuan, berriz, bakarra: Eraikuntza Saila, Ulm-ekoek eraikinen eraikuntzari eta eraikuntza industrialari egindako ekarpena nabarmentzen duena.

Jendaurrean oso gutxitan ikusitako objektuak daude ikusgai erakusketan. San Telmo museoan, batetik, eskala errealean erakusten da Braun konpainiaren pabiloia, Ulm-eko Eskolako diseinatzaileek enpresa alemaniarrak eskatuta propio diseinatutako eraikin bikaina, eta horrekin batera, Ulm-ekoekin lankidetza estua izandako konpainiaren eguneroko objektuak ere ikusgai daude. Beste objektu disruptibo ugari ere ikusgai daude, hala nola Braun konpainiarekin elkarlanean eraikitako goi-fidelitatezko lehen aparailua, merkaturatu zen garaian jende gutxik eros zezakeena, oso-oso garestia zelako.

Euskadiko Arkitektura Institutuan, bestalde, Eskolako atariko ikastarorako ikasleei eginarazten zizkieten ariketak ikus daitezke, eta material hori garrantzi handikoa da, Bauhaus eskolan egiten zenaren jarraipena delako, batetik, eta bestetik, haien bidez ikasleak materiala, kolorea eta forma zer ziren ulertzen hasi eta, hala, begirada zolitu ahala, diseinuaren lanbidean trebatzen hasten zirelako. Eskolan ibili ziren ikasleen artean, espainiar bat bakarrik egon zen, Mónica Buchvalentziarra, eta haren atariko ariketak ere ikusgai daude erakusketan.

Diseinua gogoetagai

Pedro Astigarraga MUGAK-eko komisarioak hauxe esplikatu du: "Gaur egungo krisi osteko egoera honetan, arkitekturaren alorreko gero eta profesional gehiago daude, baina eraikin bat sortzeko zailtasunak ere handiagoak dira orain lehen baino. Arkitektoek eraikinak eta beste gauza asko nola pentsatu eta proiektatu ditzakegun azaltzea da erakusketa honen helburua. Beharrezkoa da gure posibilitate-sorta ahalik gehiena zabaltzea, eta herritarrei eta enpresei ulertaraztea ideiak direla garrantzizkoak, balio erantsia ematen dutelako, eta ideian bidez sortzen direla produktu onak, bai etxebizitzak eta bai objektuak".

Erakusketarekin batera, hainbat jarduera ere antolatu dira; esate baterako, azaroaren 11tik 13ra bitartean, Ulm-eko Eskolak diseinuaren alorrean zer-nolako eragina izan duen aztertzea helburu harturik, Ulm-eko HfG-aren ikasbideakjardunaldiak egingo dira, eta zenbait aditu arituko dira hizlari bertan: Klaus Klem, Frankfurteko Museum Angewandte Kunst erakundearen zuzendaria; René Spitz, Koloniako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko irakaslea eta Ulm-eko Eskolan aditua; eta Martin Mäntele, Hochschule für Gestaltung Ulm artxiboaren zuzendaria.

Familientzako lantegiak ere antolatu dira (azaroaren 9an eta 16an, arratsaldeko 17.00etan, San Telmo museoan, eta abenduaren 7an, Euskadiko Arkitektura Institutuan. Izena eman behar da), bai eta haurrentzakoak ere, Eguberrietako oporretan, San Telmo museoan (abenduaren 26an, 4-6 urteko umeentzat, eta urtarrilaren 2an, 6-10 urtekoentzat. Izena emateko, idatzi hona:stm_erreserbak@donostia.eus). Bisita gidatuak ere antolatu dira ikasleentzat eta publiko orokorrarentzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak